Eskalada, hankak eta eskuak edota baliabide artifizialak erabiliz, harkaitz, izotz-horma edo artifizialki prestatutako erliebe bertikaletatik igotzean datzan kirola da, edo era horretara egindako igoera.

Thumb
Eskalada.
Thumb
Eskalatzen.
Thumb
Horma bertikal bat bikoteka eskalatzen.

Tokio 2020ko Udako Olinpiar Jokoetan kirol eskalada gehitu zitzaion olinpiar programari, beste hiru kirol berrirekin batera (karatea, skateboardinga, eta surfa).

Hasiera batean, eskalada mendizaletasunetik eratorritako jarduera gisa garatu zen, mendiko ibilaldietarako entrenamendu-baliabide bezala. XIX. mendean sortu zen jarduera Ekialdeko Alemanian (Dresde) eta Ingalaterran ("Lake District" parke nazionalean).

Eskalada, sarritan, kirol arriskutsutzat hartzen da, komeni den arren honen baitan zenbait praktika eredu bereiztea. Normalean, praktika segurtasunez egiteko aukera ematen duen materialarekin eramaten da aurrera, baina muturreko praktika bat ere badago, integral hutsa edo "Free Solo" izenekoa, non eskalatzaileak inolako segurtasunik gabe aurrera egiten duen horma bertikalean zehar.

Eskaladako praktikaren baitan arrisku handiko altuerak ere badaude eta, orokorrean, segurtasuna bermatzeko, babes ekipoa edo materiala erabiltzea beharrezkoa da.

Denborarekin, gero eta zailtasun handiagoko ibilbideak agertu ziren: 1913an, 5. maila; 1917an, 6. maila; 1970an, 7. maila; 1983an, 8. maila; 1991an, 9. maila...  Azkenik, eta 1960tik aurrera batez ere, rokodromoen erabilerak bultzada handia eman zion diziplinaren bilakaerari, hots, horma artifizialen erabilerari.

Praktika hau bereziki honako filmen bidez ezagutarazi da: Jean-Paul Janssen, “La vie au bout des doigts” ("Bizitza hatzen puntan", 1982) eta “Opéra Bertikal”, non Patrick Edlinger-ek bakarka eskalatzen  duen “Buous” eta “Gargantas del Verdon”-en.

Motak[1][2]

  • Barne-instalakuntzetako eskalada: artifizialki eraikitako eskalatzeko eremuak dira eta bertako paretetan helduleku artifizialak jartzen dira.
    • Rokodromoko eskalada soka erabiliz (ezin da barneko eskaladarekin nahastu).
    • Boulder aretotako eskalada.
    • Boulder erako eskalada (ez derrigor areto batean).
  • Kanpo inguruneko eskalada:
  • Teknika eta ingurunearen arabera, honela banatzen da:
    • Arrokako eskalada.
    • Eskalada alpinoa: goi-mendietan egiten da, ingurunearen ziurgabetasun guztiekin (klima, altuera, presio atmosferikoa).
    • Izotz-eskalada: inguruneko baldintzetara egokitutako material berezia erabiltzen da.
    • Eskalada mistoa: izotzean eta arrokan txandaka eskalatuz.
    • BigWall edo pareta handiak.
    • Psikoblok-a: ur gaineko itsaslabarretan aurrera eramaten den sokarik gabeko eskalada, Mallorkan garatu zena.
    • Hiriko eskalada (Street Boulder-a): hirietako eraikin handietan egiten da. Bakarrik aurrera eramaten da aurrera, inoren laguntzarik gabe, eta herrialde askotan legez kanpokoa izan ohi da.
    • Itsaspenezko-eskalada (“en adherencia”): paretak ez dira guztiz bertikalak izan behar, baina orokorrean ez dute helduleku edo oinentzako euskarririk izaten. Teknika honen eta hormako eskalada normalaren arteko alde nagusia gorputz-jarrera da: aldaka edo gerria gehiago hurbildu behar da paretara normalean baino, gorputza hormarekiko ahalik eta lauen gera dadin. Teknika hau, kanal eta “diedro” irristakorrak gainditzeko ere erabiltzen da eskutarako eta oinetarako heldulekurik gabekotan batez ere. Gainera, orokorrean, ezinezkoa da atzera egitea. Lasaitasuna eta barne-oreka dira atxikitze-maila segurtasunez praktikatzeko baldintza psikiko nagusiak.

Bestalde, ingurune-naturaletako eskalada arau idatzirik gabeko diziplina ere denez, eskalada mota desberdinak bereiz daitezke bere filosofiaren edo etikaren arabera:

  • Eskalada askea
  • Eskalada klasikoa (edo tradizionala)
  • Kirol-eskalada
  • Bakarkako  eskalada
  • Banako integrala (edo integral hutsa)

Eskalatzen den ingurune bakoitzaren menpe daude erabili beharreko teknikak eta materialak. Arrokan egindako eskaladaren eta rokodromoaren artean ez dago alde handirik  oinarrizko teknikan; horregatik, rokodromoa entrenamendu gisa erabiltzen da askotan. Haitzean eskalatzeko, ordea, askoz baliabide fisiko, tekniko eta material gehiago behar dira eskalada-murrutan baino.

Eskalada librea edo askea

Eskalatzean horman laguntza artifizialik izan gabe egiten den igoera da. Eskalatzaileak, bere esku eta oinak bakarrik erabil ditzake horman gora egiteko. Soka, segurtasun neurri bezala bakarrik erabiltzen da (erorketa bat balego, arriskua saihesteko soilik), ezin da i erabili igotzeko laguntza bezala.

Eskalada libreko modalitate honetan, debekatuta dago babesleetatik (babes-ainguretatik) zintzilik atseden hartzea bileren (segurtasun-bermatze puntuak) artean. Honela, eskalatzailea erortzen bada, bide hori hasieratik errepikatu behar du.

Kontutan izan behar da, materialari dagokionez, modalitate honetan, kaskoa elementu gomendagarria dela. Katu-oinak ere erabiltzen dira, hauek oinetara oso ondo egokitzen diren oinetakoak dira, paretarekiko itsaspen hobeago bat lortze aldera.  Bere zola nahikoa lodia da eta gomaz egina dago, eta horrek itsaspena ematen dio.

"Eskalada libre"-an kirol eskalada eta eskalada klasikoa sartuko lirateke, betiere, azken horretan eskalada artifizialeko tekniken bidez igotako bide-tarterik ez badago.

Eskalada klasikoa edo tradizionala (eskalada alpinoa)

Eskalada hauek mendian egiten dira eta hainbat aktibitate elkartzen dituzte: harkaitz-eskalada, izotz eskalada edota trekkinga tartekatu beharra izaten da. Meteorologia eta orientazio jakituriak edukitzea beharrezkoa da, mendian oso ohikoak baitira bat-bateko eguraldi aldaketak. Gutxitan izaten dira markatutako bideak eta norberak aurkitu behar izaten du gailurrerako biderik egokiena. Material ugari eramatea beharrezkoa da.

Modalitate honek, orokorrean eskalatzaile aditua izatea eskatzen du. Izan litezkeen arazoak direla eta gertatzen da hau, izan ere, gaitasun fisikoa, babes finkoen gabezia, arroka ez-fidagarria izateak, baldintza meteorologikoak, jaitsiera konplexua, etab.., eragin zuzena dute arriskuarekiko esposizioan.

Eskalada klasikoaren (edo tradizionalaren) helburua da igoera modu tradizional Alpetarrean egitea, hots, sokako lehenak aseguruak jartzeko bide bat igotzea, bai ainguraketa naturaletan (zuhaitzak, arroka-zubiak, arroka-puntak), bai berreskuragarriak diren ainguratze artifizialetan ere (iltzeak, korapiloak, enpotrableak, fisureroak, friendak...).

Oro har, eskalada klasikorako finkagailuak arrailetan jartzen dira (sinpleagoak direlako), hala nola, friendak, pitoiak… Noizbehinka, segurtasun maila handiagoa bermatzeko babesleak jartzen dira, batez ere norabide anitzeko trakzioa ahalbidetzen dutelako: espantsiorako tako auto-zulatzaileak edo SPITS gisa ezagutzen direnak. Instalatzeko denbora askoz luzeagoa behar duten arren (eskuz zulatu behar da harrian 3 cm-ko sakonerako zulo bat eginez), erresistentzia handiagoa dute, eta, konektore-multzo batekin batera (ainguraketa-xafla edo -eraztuna + mosketoia), ainguraketa artifizial bat osatzen dute, finkagailuek eragindako erorikoa geldiarazteko eraginkortasun handiagoarekin.

Takoa berez ezin da berreskuratu, pitzaduretarako finkagailuak ez bezala, baina bai mosketoiari lotzeko daraman xafla edo eraztuna. Hau kenduta (xafla edo eraztuna), paretan, takoaren zuloa baino ez da gelditzen.

Normalean, eskalada klasikoan ez da hedapen-aingurak edo hedatze-takoak jartzen (hala nola, Spits eta Parabolt-ak), nahiz eta maiz ikusten diren pasarte delikatuetan edo babeserako materialez hornitzeko zailak diren zatietan.

Kirol eskalada

Laurogeigarren hamarkadan sortu eta gaur egun gehien praktikatzen den eskalada mota da. Horma ertainetan praktikatzen da, 10-30 metrokoetan, eta gradu teknikoen abaniko zabala eskaintzen du. Ondorioz, hasiberrik nahiz adituek erepraktika dezakete modalitate hau. Hormak ekipatuta egon ohi dira, eta behetik aseguratzen da. Ondorioz bi lagun beharrezkoak dira eskalada mota hau egin nahi denean. Eskalada tipo hau Eskalada eskoletan praktikatu ohi da, bertan egoten baitira horma egokituak eta informazio ugari aurki baitaiteke bideen inguruan.

Eskalatzeko estilo honek segurtasun-sistema gisa aurrez horman finkaturiko ainguraketak erabiltzen ditu, bidean zehar estrategikoki kokatutako sistema mekanikoen (hedapen-sistemen edo kimikoen) bidez; horri esker, harkaitz-plaketetan eskalatzeko aukerak zabal daitezke, ertzik edo pitzadurarik gabekoetan hain zuzen.

Ainguraketa horiek (“txapak") eskalatzaileei friend edo fisurero bat baino modu anitzagoan babesteko balio die, eta, horri esker,  eskalatzaileak teknikan edo urrats zailak egitean jar dezake fokua. Ondorio gisa, kirol-eskaladaren ezaugarri garrantzitsua da eskalatzailearen arriskua nabarmen murrizten dela, zailtasun-maila handitzen den heinean (bidearen maila edo gradua handituz). Azken finean, modalitate honetan eskaladak zailtasuna eta mugimenduen edertasuna bilatu ohi ditu.

Orokorrean, modalitate honek nahiko irisgarriak diren eremuak bilatzen ditu, eta hormak ez dira nahitaez oso altuak. Baita, haietan zailtasun maila desberdineko bide markatuak jartzen dira. Kirol eskaladako zailtasun maila 5,6tik (hasiberria) 5,15era (profesionala) neurtzen da.

Normalean, bide hauek babeslez hornitu aurretik, sasi eta harri solteak kentzen dira, kirol-eskalatzailearen segurtasuna hobetzeko.

Eskalatzeko mota hau, rokodromoetan garatutakoaren antzekoa izan daiteke, baina ezberdintasuna nabarmena da., Izan ere, eskalada-murrutan, haitzak modu naturalean ematen dituen heldulekuak erabili beharrean, presa artifizialak erabiltzen dira. Presak  edo helduleku artifizial hauek erretxina sintetikoz eginik daude, itsasgarritasun ona dutelarik eta lortu nahi den zailtasunaren arabera forma naturalak imitatzen dituzte. Denboraz eta erabileraz, lautzen eta gero eta irristagarriagoak bilakatzen joaten dira, azalera ez hain agresiboak bilakatuz. Arazo honi aurre hartzeko magnesioa erabiltzen da, batik bat.

Eskaladako kirolak badu komunitatean sortu den balio edo moral eredu bat, non ingurune naturalaren aldaketa debekatzeko arrazoi etikoak eman ohi diren. Beraz, bide jakin batek eskalatzeko nahikoa mailarik ez badu, maila apalagoko beste bat bilatzea gomendatzen da, bide hau era artifizialean aldatu beharrean.

Thumb
Kirol-eskalada (sokako modalitatea)

Amaitzeko, kirol-eskalada eskalada tradizionalaren bilakaeratik sortu zen, bideak estilo guztiz askean kateatzera behartzeko, inolako sostengu artifizialik gabe. Goian adierazi bezala, eskalada mota hau kirol olinpikotzat hartu da Tokio 2020tik (2021era atzeraturiko Joko Olinpikotatik) aurrera, ingurune estandarizatu eta murru-artifizialen ereduari dagokienez.[3]

Eskalada artifiziala

Normalean, luze bakarreko hormak izan ohi dira baina badaude hainbat luze exijitzen dituztenak ere. Eskalada mota hau harkaitzerako entrenamendu gisa erabili ohi da eta UIAA Nazioarteko Federazioak kirol lehiaketa modalitatetzat duen bakarra da.

Eskalada artifizialean mota guztietako materialak erabiltzen dira, hala nola, “fisureroak” eta pitoiak, igotzen laguntzeko, eta ez bakarrik babes-gailu gisa; hau da, materiala aurrera egiteko edo progresiorako ere erabil daiteke. Presa naturalik ez badago, harkaitzaren kargari eta kondizioei egokitutako finkagailuak jartzen dira, estribu mailakatuak jasateko hain zuzen, eta horiek eskalatzaileari igotzeko balioko diote.

Eskalatzeko era hau, motel eta neketsua izateaz gain, aurretik adierazi bezala, material asko erabiltzea eskatzen duen modalitateari dagokio. Leku jakin batzuetara iristeko modu bakarra denez, adibidez, espeleologoek asko erabiltzen dute haitzuloetako hormetan eta sabaietan zintzilik dauden leihoak aztertu ahal izateko.

Big wall edo pareta handitako eskalada

Big Wall hitzak horma handia esan nahi du eta izenak dioen bezala, modalitate honetan horma bertikal, desplomatu zein horizontal handiak eskalatzen dira. Eskalada hauek egunak iraun ditzakete teknika handia beharrezkoa da eta material anitz erabili beharra dago. Eskalatzeko ohiko materialaz gain poleak erabili behar dira, janariak, materiala eta dendak igo ahal izateko. Modalitate honetan ohikoak dira horma igotzeko denboraren aurkako lehiak.

Thumb
Izotz-eskalada

Izotz-eskalada

Izenak berak dioen bezala, izotzezko hormetan praktikatzen den eskalada da. Material berezia erabili behar izaten da, kranpoiak eta pioletak adibidez beharrezkoak baitira. Horma hauetara iristea nahiko neketsua izan ohi da.

Horretaz gain, eskalada mistoa egongo litzateke, non arroka eta izotz zatiak konbinatuz egiten den aurrera.

Banako-integrala edo integral-hutsa (Solo Integral)

Eskalada natural gisa ere ezagutzen da. Aipatu bezala, eskalada mota ugari bereiz ditzakegu, baina hauetako batek ere ez du estilo honek besteko arrisku-maila handia. Modalitate honen lehen ezaugarri nagusi eta garrantzitsuenetarikoa altuera handitan eskalatzea da, sokarik eta bestelako segurtasun gehigarririk gabe, horregatik modalitate ikusgarrienetako bat da.  

Sokarik, segurtasunik edo inolako babesik gabeko eskalada denez, eskalatzailea eroriz gero, ondorio larriak izan ditzakete, baita heriotza ere.  Eskalatzaileak banako-integrala egiten duen ia kasu ia guztietan, ongi ezagutzen dituen bideak burutzen ditu, baina hala ere, ez da jende askok egiten duen eskalada-estilo bat.

Gainera, horrelako igoeretarako, normalean, eskalatzailearen zailtasun maila maximoaren oso azpitik dauden ibilbideak aukeratzen dira. Horrela, erortzeko arriskua ahal den neurrian txikitzen da. Harkaitza apurtzearen edo ezusteko irristatzearen ondorioz, bideak sor dezakeen zailtasun teknikoa handia da, ingurunearekiko ziurgabetasun mailari lotuta.

Thumb
Heinz Zak- Banako-integralean (USA)

Beraz, eskalatzaileak erronka hauek aurre egiteko gutxieneko forma fisiko eta teknika izateaz gain, bizitzaren (gailurrera iristearen) eta heriotzaren (erorketa hilgarria) arteko dualitatezko kontzientziaren presio psikologikoa jasan behar du. Oro har, bakarrik eskalatzen duten gehienek progresioaren printzipioan oinarritzen dute beraien jarduna, arriskuak pixka bat murrizte aldera, esan den bezala soka edo bizitza-lerroarekin ahalegin batzuk eginik bakarrik igo aurretik.

Honek, eskalatzaileak eskalatuko duen ibilbidea hobeto ezagutzea eragiten du eta honetarako erabili beharko dituen mugimendu eta teknika espezifikoak ikastea. Baita, baliatu beharko dituen kontzentrazio eta esfortzu fisikoak ere. Dena den, istripuen-murrizketarako hartu ditzaken trena guztiak batzuetan ez dira nahikoak hain arriskutsua den modalitate honen aurrean.

Banako eskalada

Bakarkako eskalada deitzen zaio soka batekin baina beste inoren laguntzarik gabe bere burua babesten duen eskalatzeko erari, hots, eskalatzailea auto-babesten da. Azaltzea, nork bere burua segurtatzeko hainbat teknika daudela: korapiloen klasikoa, non eskalatzailea korapilo ezberdinez baliatuz babesten den aurrera egin ahala, bestalde,  autoaseguru-aparatu modernoen bidez ere egin daiteke (Silent Partner, Soloist, Soloaid).

Boulder-a

Thumb
Boulder modalitatea

Bulder-a, ingelesezko terminologiaren bitartez egin zen ezaguna: “Boulder: blokeko eskaladatik etorri zelarik”. Banako-integral modu bat da, baina eskalatzailea ez da inoiz nahikoa igotzen eroriko batek arazo larriak ekar diezazkion altuera batera. Beraz, bi hauen arteko aldea, altueran eta arriskuarekiko agerpen mailan dago. Izan ere, Boulder ereduan ez dira altuera handiak hartzen eta babesle gisa “koltxonetak” erabiltzen dira; “Crash Pad” izenarekin ezagutuak.

Beraz,  metro gutxi batzuetako bloke bat igotzean datza, eroriko koltxoneta batekin (crash pad) aseguratzen den bitartean,  kolpe edo erorketari adi dagoen lagun edo kide batekin egiten delarik. Boulder-a arrokan edo eredu artifizialean burutu daiteke. Eredu artifizialetan, heldulekuei eusteko peanut izeneko erroska edo fijazioa erabiltzen da, presa alboetan mugitu ez dadin.

Psikobloka (Psicobloc)

Bulderraren azken joeretako bat psikobloka da. Hau, itsaslabarretan burutzen da, erortzekotan arroka-irtenguneren batekin ez jotzeko moduko erorikoak dituzten pareta etzanak bilatuz. Eredu honetan,  babes pasibotzat jokatzen du urak. Praktika segurua dirudien arren, itsaslabar batzuen altuerari loturik,  ez da arraroa uraren kontrako kolpearen ondorioz hautsitako eskumutur, orkatila edota saihetsak ikustea. Hori guztia, kontuan hartu gabe hainbat marmoka ikus daitezke psikoblokeko leku ohikoenetako batzuetan, hala nola Mallorcan.

Progresio teknikak

Progresio teknika, eskalada mota gehienetarako antzekoa dena, honako hau da:

Soka-burua edo sokan lehena doana igotzen doa helduleku naturalak zein "euskarri" edo bermatze naturalak erabiliz, honela, esku eta oinetarako bermatze puntuak baliatuz. Honek, hurrenez hurren egiten dio aurre natur inguruneko ziurgabetasunari eta aseguruak edo babesleak bermatzen dijoa (eskalada klasikoaren kasuan) edo horietara ainguratuz (kirol-eskaladaren kasuan).

Finkapen bakoitzean ainguratuz doa eskalatzailea,  ahal dela, gerriaren mailan jarriz beranduen(zenbat eta altuago jarri, orduan eta handiagoa izango baita erortzeko arriskua). Honela, soka igarotzen da finkapenetan zehar; erortzekotan, azken finkapenean egin den ainguraketa izango da azken babes puntua. Beraz, sokaren eta zinta bidez loturiko mosketoien arteko loturak egiten doa eskalatzailea, babes-puntu gisa balio dutelarik honek aurrera egin heinean (zinta baten bidez lotutako bi mosketoi multzoari espres zinta deritzo).

Bien bitartean, sokako bigarrenak soka-burua den kidea babesten du, horretarako soka bere arnesera ainguratuz; mosketoi baten eta frenatzeko-gailuaren (normalean “gri-gri” izenekoa) bitartez. Beraz, kidea eroriz gero, blokeatu egiten da, hau azkeneko ainguratze-puntuan geldituko delarik.

Erorketaren energia segurtasun-kateko elementuek xurgatzen dute, hala nola sokaren elastikotasunak, finkagailuekin lotzen duten zintek, frenatzeko-gailuak (dinamikoa bada), eskalatzaileen arnesek eta, azkenik, jarduleen gorputzek eta hauen pisuez.

Behin lehena ainguraketa-puntu finko batetara iritsita (bilera bat eraikiz), bigarrenaren txanda izango da igotzeko. Beraz, sokako bigarrena, soka berdina erabiliz igo beharko da, honen beheko muturrari lotuko delarik. Lehenengoz joan denak, behar beste soka jaso eta goitik bermatzen du. Hori horrela, bigarrengoz doan hau erortzekotan, lehenengoz joan dena baino askoz altuera txikiagoa duen eroriko baten eraginpean gelditzen da, goiko kidea uneoro egongo baita soka jasotzen eta tenkatzen. Eskalada klasikoan, bigarrena igotzen dena azkena bada, berreskura daitezkeen finkagailuak (friendak, iltzeak, fisureroak, ainguraketa naturaletako zintak...) eta finkapen artifizialetan egon daitezkeen elementuak (adibidez, xafla edo konexio-eraztunak tako autoperforanteetan) kendu behar ditu.

Amaitzeko, eskaladaren amaierara iritsitakoan, hainbat teknika erabil daitezke jaisteko. Luze-anitzetako eskaladan, eta bide ordezko batetik oinez ezin bada jaitsi, “rapel” teknika erabili ohi da. Bidea luze bakarrekoa bada, eskalatzailea bileran finkatu ahalko da jaisteko honetaz baliatuz, gainera,  soka jarrita utzi ahal izango da bigarren eskalatzaileak gorantz egiteko (bigarrengo eran).

Materiala

Thumb
Mendiko eskalada (materiala)

Ekipo pertsonala:

Sokak, zintak...:

  • Elastikotasunaren arabera:
    • Soka estatikoak
    • Soka dinamikoak
  • Erabileraren arabera:
    • Soka arruntak
    • Soka bikoitzak

Mosketoiak:

  • Arruntak
  • Segurtasunekoak

Materiala  eskaladako modalitatearen araberako izango da. Kirol-eskaladaren kasuan, beharrezkoak dira: arnesa, eskalatzeko zapatak (katu-oinak), mosketoiak, zinta espresak edo eraztunak, frenatzeko sistemak edo seguruak (ATC, grigri, rebertsoa, etab.), soka dinamikoa…  Baita, garrantzitsua da  eskalatzaile askok ahazten duten kaskoa.

Eskalada artifizialerako eta/edo barneko eskaladarako edo eskalada klasikorako, gainera, hainbat material behar dira, besteak beste, fisureroak, enpotradoreak, stopperak, friend-ak eta abar. ), igo nahi den ibilbidearen arabera erabiliko direnak.

Baita, eskalatzaile gehienek izerdiaren kontrako magnesioa erabiltzen dute, baina leku babestu batzuetan (parke naturalak, etab.) debekatzen hasi dira,  arroka aldi baterako zikintzen dutelako.

Eskalatzean, babeserako elementuak baliatzen dira, esaterako: arnesa, zinta espresak, mosketoiak (normalak edo segurtasunekoak), soka-dinamikoa, katu-oinak, zinta luzea, grigri-a , kaskoa…

Azken finean, oso garrantzitsua da material egokia eramatea eskalada mota bakoitzerako, harri-mota, eskolaren graduazioa edo zailtasun maila, ainguraketen egoera, oxidazio maila, kontutan izaten delarik. Gomendagarria da beti aurre-ikusitakoa baino pixka bat material gehiago eramatea, istripuak ekidite aldera.

Barneko eskaladarako berriz, hots, eskalada-murru edo murru-artifizialetarako, arnesa, soka, katu hankak, zinta espresak, frenatzeko dispositiboa (ahal dela automatikoa edo erdiautomatikoa, gri-gri motakoa, etab.), besterik ez dugu beharko.

Ainguraketa finkoak dituzten bideetan kirol-eskalada egiteko, askoz gehiago beharko dugu: kabo bat erabiltzen da autoseguro gisa bileretan erabiltzeko, eta eskalatzaile askok ahaztu duten zerbait: kaskoa. Eskalada artifizialerako eta/edo eskalada klasikoan, gainera, hainbat material behar dira (fisureroak, friend-ak, enpotragailuak, berunak, etab.), eta asko aldatzen da aukeratutako ibilbidearen arabera (arroka mota, ainguraketetarako kokaleku mota, zonaren etika zehatza, inguruneko arautegia...).

Graduazioa (zailtasun maila) [3]

Zailtasun maila, eskaladan zenbait sistema metriko erabiliz graduatu edo neur daiteke. Sistema horiek aldatu egiten dira eskualdearen arabera (Frantsesa, Yosemitekoa, Ingelesa...) edo eskalada motaren arabera (askea, artifiziala, izotzetan, psikobloka). Espainian, arrokan eskalatzeko sistemarik ohikoena UIAA graduazioa (zenbaki erromatarrena, I-etik V-era, eta + eta - aren bidez espezifikotasun handiagoa lortzeko) eta frantsesa nahastea da. Zailtasun txikieneko bideetarako, UIAA sistema erabiltzen da (I-tik V-ra bitarteko zenbaki erromatarrak + o + -rekin afinatzeko), ondoren graduazio frantsesera jauzi egiteko (6, 7, 8, 9 zenbakitzearen bidez eta  a, b edo c azpi-indizeekin, baita, - eta +-a erabiltzen dira gehiago doitzeko, adibidez: 6a, 6a+, 6b,6b+...).

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.