From Wikipedia, the free encyclopedia
Txilar lauhostoa edo ainar lauhostoa (Erica tetralix) erikazeoen familiako zuhaixka adartsua eta bizikorra da. 20-70 cm bitarteko luzera du eta erdialdeko eta mendebaldeko Europan du jatorria.
Txilar lauhosto | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Ericales |
Familia | Ericaceae |
Generoa | Erica |
Espeziea | Erica tetralix |
Oso nabariak ez diren saihetsak dituen zurtoin gazte eta meheak, kolore arre-gorridun azal iletsua du (ile zurixkak), batzuetan, ile luze guruintsuez hornituak[1]. Zenbait adar ia-tente garatzen ditu.
Hostoak 3-8 mm-koak dira eta bertiziloetan antolatzen dira launaka. Morfologia linear-luzanga eta lantzeolatu bitartekoa dute. Erdian 0,5 mm-ko lodiera duen zinta zurixka bat dute azpialdean. Zinta hau iletsua izan ohi da, eta landarea gaztea denean 0,2-0,7 mm-ko luzerako zilio guruintsuez edo 1-2 mm-ko zilio ez-guruintsuez inguratuta dago.
Unilateralki kokatuta dauden 5-15 loredun infloreszentzia terminalak ditu. 2,5-3 mm-ko 2-3 brakteola, pedizeloaren goi-muturrean ezarriak, kalizaren azpian. Pedizelo motza du, 2-5 mm-koa eta oso iletsua. 2,5-3,5 mm-ko sepalo askeak, linear eta lantzeolatu bitartekoak, puntan barnerantz kiribilduta daudenak. Sepaloak partzialki mintzakarak, purpurakarak edo purpurakara-berdexkak, iletsuak eta 0,8-1,5 mm-ko zilio guruintsu edo 2,5mm-tara heldu daitezkeen zilio ez-guruintsu apikadunak dira. Korola 6-7,5 mm-takoa, urtzeolatua edo tubular-urtzeolatua, arrosa-gorrixka (batzuetan albinoak) eta 0,6-1 mm-ko lobulu tenteduna. Estaminen anterak triangeluar-linearrak (oso estuak) eta 1mm-ko apendizedunak dira. Obulutegi (zurixka) eta kapsula oso iletsuak (pubeszenteak). 5,5 mm-tako estiloa (arinki exertua) eta papilaz estalia alde apikalean.
Hazia 0,3-0,4 mm artekoa, elipsoide edo oboidea, erretikulatu-albeolatua da.
Loraketa Ekainetik Urrira gertatzen da[2]. Multzo konpaktuetan taldekatzen diren kanpai-itxurako loreak garatzen dituzte eta hauek, loraketa bukatzean, okertu egiten dira. Noizbehinka, loreek, arrosa kolorea izan beharrean, zuri kolorea hartzen dute eta lore albinoak deritze.
Zingiretan, zohikaztegietan, erreka-ertzetan edo txilardi hezeetan topa daitezke, orokorki lurzoru silizeoetan edo ultrabasikoetan. Europako iparralde eta mendebaldean aurki daiteke hedatuta, klima atlantikoa dagoen eremuetan. Euskal Herrian ere, klima atlantikoa dagoen lurzoru silizeoetan ugaritasunean aurki daiteke[1].
Landare meliferoa da, hortaz, erleek eztia ekoizteko erabil dezakete. Horrez gain, herri-sendagintzan, sukarra jaisteko edo eztularen aurka erabiltzen dute[3]. Landare apaingarri bezala erabiltzeko landatzen da.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.