irakaslea eta pedagogo berritzailea From Wikipedia, the free encyclopedia
Elisa Uritz Pi (Tafalla, 1893ko urtarrilaren 24a - Ekialdeko Berlin, 1979ko abuztuaren 14a) nafar irakasle, pedagogo eta ekintzailea izan zen. Bere ahizpa Pepitarekin batera pedagogia berritzaileak sartu zituen Kataluniako hezkuntza-sisteman.Frankismotik ihesi, borroka antifaxistan aritua da baita aldarrikapen feministetan ere. Frantzian erbesteratua, Alemaniaren okupazioaren aurkako Erresistentziako lehen taldeetako kide izan zen Parisen.Ekialdeko Alemanian eman zituen azken urteak, erbestean Nafarroara inoiz itzuli ahal izan gabe.[1][2][3][4]
Elisa Uritz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Elisa Úriz Pi |
Jaiotza | Tafalla, 1893ko urtarrilaren 24a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Ekialdeko Berlin, 1979ko abuztuaren 14a (86 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Antonio Sesé Artaso (en) |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea, pedagogoa eta militante politikoa |
Kidetza | Kataluniako Alderdi Sozialista Batua |
Aita Benito Uritz Erro Espainiako Armadako kapitaina zuen, eta ama Filomena Pi Céspedes, Kataluniako merkatari baten alaba. Kubako gerran ezagutu zuten elkar eta 1882. urtean ezkondu ziren. Familiak Madrilera joan behar izan zuen bizitzera XX. mendearen lehenbiziko hamarkadan, aitaren betebehar militarrengatik. Bertan ikasi zuten lau anai arrebek: ahizpek, Elisa eta biek, Irakasle Zientzien karrera egin zuten. Anaiak, Miguel eta Francisco, berriz, Telegrafoen Kidegoan sartu ziren lanera. 1925. urtea orduko, hilak zituzten gurasoak, eta bakarrik eta ahal bezala konpondu behar izan zen ahizparekin batera, anaiak eta gurasoak galdu ondoren. [3][5][6]
Tarragonan musika irakasle zela, UGTko buruzagietako batekin ezkondu zen, Antonio Sesérekin, “Bartzelonako gertakarietan” hil zutena 1937ko maiatzaren 5ean (segur aski, pikete anarkista batek). Gerra ondoren, erbesteratu behar izan zuen eta Frantziako Erresistentzian ibili zen. Handik ere 1951n Ekialdeko Alemaniara bota zuten. 1958an Ekialdeko Alemanian bere ahizpa Pepita hil zenean, Nafarroara itzultzen saiatu zen, baina Espainiak ez zion bermerik eman, eta, atxilotuko zuten beldurrez, Alemanian gelditu zen. [1][3]
1979ko abuztuaren 14an hil zen. Bere gorpua, hil eta bi astera erraustua izan zen, abuztuaren 28an, Berlín-Baumschulenweg tanatorioan. Hil ohoretan, Alemaniako PSUko, FDIMeko eta Alderdi Komunistako (VIII eta IX. Kongresua) ordezkariak izan ziren, PCE alderdiaren zatiketa. Bizitza osoan zehar Nafarroako familiarekin gutunen bidez kontaktua mantendu zuen eta hala zioen 1962an idatzitako batean:[7]
« | Atzoko ulermen ezari eta intolerantziari, gaur egun, guztion aldetik, ulermena eta adimena gertatuko balitzaizkio, zein ederra litzatekeen! | » |
—Elisa Uritz |
Katalunia aldean hasi zen irakasle bezala lanean. 1922an Gironako Emakumeen Eskola Normalean ari zen lanean, eta, 1929an, lekualdatze lehiaketa irabazita, Tarragonako Eskola Normalean hasi zen, musika irakasle han ere. "Gimnasia erritmikoari" buruzko proiektu berritzaile bat aurkeztu zuen Genevako Emile Jacques-Dalcrozeko Institutuan egiteko eta 1923-1924 burutu zuen. Genevan bekadun zela Calcroze metodoa ezagutu zuen, musika erakusteko metodo gisa erabiliko zuena. 1936an, Lleidako Eskola Normaleko zuzendari izendatu zuten.[1][3]
Ahizpa eta bien bagaje pedagogikoan zeuden Maria Montessori, Edouard Claperade, Celestin Freinet eta Jean Piagetenak, guztiek haurren berezkotasuna garatu eta behar bezala jendarte-bizitzan txertatzeko prestatzeko helburua zutelarik.[7]
Kataluniako UGT sindikatuaren idazkari nagusia zen Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zutenean, ezkerreko hainbat mugimendurekin lan egin zuen. Gerra Zibila piztu zenerako, ahizparekin batera, Kataluniako Alderdi Sozialista Batuan sartu zen.[8]
Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza (FETE-UGT) sindikatuaren sortzailea izan zen Tarragonan, emakumeen eskubideen aldeko lehen erakundeak bultzatzeaz gain, Unió de Dones de Catalunya eta Mujeres Antifascistas Españolas taldeen sorreran egon zen. 1934ko uztailean, Gerra eta Fasizismoaren aurkako Nazioarteko Emakumezkoen Batzordeak antolatutako mitinean parte hartu zuen, Angela Graupera eta Lina Odenarekin batera. Urte bereko abuztuaren 9an, Dolores Ibarruri eta Irene Falconekin batera, Parisko Mutualité delakoan ospatutako Gerra eta Faszismoaren aurkako Emakumeen Mundu Biltzarreko espainiar ordezkaritza osatu zuen. 1938ko azaroan, "Espainiako emakumeek mundu osoko emakumeei laguntza humanitarioa eskatzeko manifestua" sustatu zuen " seme-alabak gosez eta hotzez hil ez daitezen". 1940tik 1950era Nazioarteko Emakumeen Federazio Demokratikoko zuzendaritzan aritu zen, emakumeen eta haurren eskubideen defentsan, baita bakearen alde ere. Parisen egingo du PCEren lan politikoa emakumeen erakundeen bitartez. Zentzu horretan, Elisak berriz ere lehen mailako papera jokatu zuen Espainiako Emakumeen Batasuna (UME) sortu zenean, 1946ko abuztuan Mujeres Antifascistas elkarteak "Mariana Pineda" taldearekin bat egin ondoren. Mujeres Antifascistas Españolas aldizkariaren erredakzio kontseiluan sartu zen, UMEren bozeramaile ofiziala, Dolores Ibarruri, Irene Falcon, Victoria Kent, Maria Teresa León idazlea eta Maria Casares aktorearekin batera.[7][9]
II. Errepublikan erantzukizun handiko karguak bere gain hartu eta 1936ko gerran izandako borroken ondorioz desplazatutako milaka familiari eskaini beharreko laguntza antolatzen aritu bazen, antzera lagundu zien Frantzia hegoaldean sakabanatutako kontzentrazio-esparruetan pilatutako errefuxiatu errepublikarrei, eta Parisko eskualdean nazien okupazioaren aurkako lehen erresistentzia-taldeak osatu zituen. Gainera, diktadura frankista amaitzeko espainiar guztien Batasun Nazionala bultzatu zuen. Bere militantzia komunista zela eta, 1951n Bolero-Paprika Operazioaren biktima izan zen, Frantziatik kanporatua izan zen Gerra Hotzaren garaian. Orduan, bigarren erbestealdi luzea hasi zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoan, eta bertan hil zen 1979an.[10]
Garai hartan berak egindako lanaren ondorioz, NBEk egin zuen Haurren Eskubideen Aldarrikapena baita Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna sortu ere. Izan ere, 1946an Elisak berak bere sinadura daraman txosten mekanografiatu batean eginak zituen proposamenak, UME Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoaren bidez, mundu mailan haurren bizitzan baldintza egokiak, legearen aurreko berdintasuna eta garapen fisiko zein intelektualerako aukera berdinak ziurtatzeko. 1947an, Elisa Unescoren lankidetzarekin xede horretarako berariazko batzorde baten buru izan zen, eta 1948an proposatu zuen, emakumeek martxoaren 8a aldarrikapen-data duten bezala, haurren eskubideen aldeko jardunaldi aldarrikatzaile eta mobilizatzaile bat erakundetzea, horretarako ekainaren 1a proposatuz. Haurren Nazioarteko Eguna 1950ean ospatu zen lehen aldiz.[1][7]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.