From Wikipedia, the free encyclopedia
Deiadar-mendiak, XIX. mendean sortutako kondairaren arabera, tontorretan sua piztuz edo adar-soinuaz soinu-seinaleak eginez Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietara joateko deia egiten zuten bost mendiak dira. Mendi-tontor horiek Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube mendiak dira, hain zuzen lurralde historiko osoan zehar ikus zitezkeen mendiei dagozkienak.
Adarra erabiliz abisua ematen zuen lehenengo mendia Gorbeia zen eta, ondoren, beste mendiek beren tontorretatik erantzuten zuten. Soinu-seinale horiek jasotzean herritarrek jakin bazekiten hurrengo ilargi aldaketan Batzar Nagusiak ospatuko zirela.[1]
2004an Bizkaiko Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25.urteurrena zela eta (Frankoren diktaduraren ostean berreskuratu zen) "deiadar mendien eguna" ezarri zen maiatzaren 8an. Egun horretan urtero, Balmaseda, Gailurra, Ganzabal, Sollube 707 eta Alpino Tabira taldeek tontorrerantz abiatu eta deiadar-egunetarako beren-beregi egindako adar berezia jotzen dute, urte horretan egokitutako mendian.[2]
Gainera urtero Trail 52 Sport Mendi Klubak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin batera, deiadar mendietatik hiru lasterketa antolatzen ditu (Bocineros Deiadar Xtreme izenpean) aurten (2019) irailaren 13-15ean[3]. Deiadar maratoiak 42km-ko distantzia hartuko du eta 8 ordu eta erdiko denbora izango dute gehienez parte-hartzaileek[4]. Deiadar Ultrak 100km-ko distantzia hartuko du eta parte-hartzaileek 24 ordu izango dituzte ibilbidea betetzeko[5]. Azkenik, lasterketei izena ematen dien froga Bocineros Deiadar Xtremeek 200km-ko distantzia hartuko du eta 56 ordutan betetzeko erronka daukate aurretik parte-hartzaileek[6].
Mendiak jaurerritik sakabanatuta daude; izan ere, Bizkaiko edozein lekutatik bost tontorretatik bat ikusgai dago:
Kolitza Ordunte mendizerran dago kokatuta eta Enkarterrietako eskualdean deiadar mendia izateko aukeratu zen. Mendiak 883 metroko garaiera du eta Artzentales eta Balmasedako udaletan dago kokatuta. Gailur oso bereizgarria dauka, zorrotza eta moko-itxurakoa, Kolitzako sakanaren gainean altxatzen dena.
Bertan San Sebastian eta San Roke santuen omenean eraikitako ermita erromanikoa dago. Hasiera batean, San Sebastian santuaren omenean izan zen eraikia baina XVI.mendean egondako pestearen eraginez San Rokeri ere gurtzen hasi zen. San Rokek, Montpellierren jaiotako erromesa, bere bizitza osoa pestearen gaixoekin eman baitzuen. Eraikina 1939. urtean bertan egondako gudaren eraginez suntsitua izan zen, baina 1949.urtean berriz ere konpondu zuten.
Ganekogorta Bilbo Handia hegoaldetik ixten duen mendiguneko gailurrik altuena da eta hiritik hurbil dauden mendien artean garaienetakoa, 998 metroko garaierarekin. Iparraldetik aldapa ertainak dituen gailur multzoa osatzen du; hegoaldea malkartsua eta harritsua da ordea, Okondoko eta Zolloko haranetan amaitzen dena. Gailurrean, ondo berezitutako hiru tontor ditu, Biberdi (871 metrokoa), erdiko tontorra, Ganekogorta, eta Galarraga (901 metrokoa).
Gailurra, esklusiboki, Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatzen da, baina gailurretik 69 metrora, Bizkaiko eta Arabako Euskal Lurralde Historikoen arteko muga dago. Betidanik Bizkaia eta Arabaren arteko muga bezala kontsideratu dela, baina neurketa berriek Ganekogorta oso-osorik kokatzen dute Bizkaian, nahiz eta isurialdeen banalerroa gailurretik bost metrora geratu.
Bere izenak euskaraz “goiko korta” esan nahi du. Euskal mendizaletasuna XIX. mende amaieran jaiotzen ikusi zuen mendia da eta, baita, mendizaleen lehenengo elkartea 1870ean eratzen ikusi zuena ere.
Gorbeia bost deiadar-mendietako eta Bizkaia osoko gailurrik garaiena da, 1.482 metro ditu eta inguratzen duten eta bere mendi-sistema osatzen duten gailurren artean altuena da. Bizkaiko eta Arabako euskal Lurralde Historikoekin muga eginez, Zeanuriko (Bizkaia) eta Zuiako (Araba) udalerrien artean, Gorbeiara isurialde guztietatik iritsi daiteke, paraje natural bikainaz inguratuta dagoen mendia, zeinak, Gorbeiako Parke Naturala osatzen duen.
1901az geroztik, tontorrean, metalezko gurutzea du (“Gorbeiako Gurutzea”), Arratia inguruko txoko guztietatik ikus daitekeena, 17,23 metroko garaiera baitu. Bere lau hankek lau puntu kardinalak adierazten dituzte eta bere oinetan, Begoñako Andra Mariaren estatua dago, Bizkaiko zaindariarena. Gurutzea Leon XIII Aita Santuaren aginduaren eraginez eraiki zen mende berriaren hasiera ospatzeko. Honek herrialdeetako mendi garaienetan gurutzea eraikitzeko agindua eman baitzuen. Horregatik, Gorbeia mendian oraingoa ez den beste gurutze bat eraiki zen 33,33 metrokoa, hura izan omen baitzen Jesukristoren adina hil zen unean. Hala ere, hilabete bat geroago jausi egin zen eta berriz ere berreraiki behar izan zen, oraingoan 23 metroko altuerarekin 1903.urtean. Bigarren gurutzea 1906.urtean jausi egin zen eta azkenik hirugarren gurutze bat eraiki zen, orain bertan ikus daitekeena. Gurutzea mendiaren sinbolo nagusi bihurtu da eta bisitari asko eta asko erakartzen ditu.
Oiz mendia Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeak bereizten dituen mendilerroko gailur garaiena da, Durangotik iparraldera altxatzen dena. Bere kokapena eta garaiera posible egiten dute Jaurerri osoko ikuspegiaz gozatzea eta ‘Bizkaiko Begiratokia’ ezizenaz ezagutzen da, Lurraldeko haize-parke bakarra bertan kokatzen delarik. Oiz eta Zengotitagane tontorrak gailurreria luzangaren atal dira eta kantauriar isurialdeko Ibaizabal, Artibai, Lea, Oka eta Deba ibaietara isurtzen dituzte beren urak.
Euskal Herriko historiako lekurik adierazgarrienetarikoa da, bere mazeletan historiaurreko monumentu ugari hartzen baititu. Horretaz gain, kondairaren arabera, Oiz mendian legoke Mari euskal mitologiako jainkosaren eta ama lurraren pertsonifikazioaren hainbat bizilekuetako bat. Kondairek diotenez Mari 7 urterik behin Anbotoko bere bizilekua utzi eta Oiz mendira joaten da bertan bizitzera.
1985.urtean Iberiako hegazkin batek, 610 hegaldiak, zoritxarreko istripu bat izan zuen mendi-hegalaren kontra joz EiTBko antena baten kontra jo ostean. Hura izan zen mendi honek izan duen historiako pasajerik okerrena, izan ere, 148 pertsona zendu ziren bertan. [12]
Sollube, “Urdaibaiko Begiratokia” izenez ere ezagutzen dena, da deiadar-mendien artean baxuena, 686 metroko garaierarekin. Gernikako itsasadarreko ezkerreko ertzean kokatua, bere gailurra Arrieta udalerrian kokatzen da, bere mazelak, berriz, Bermeoko herriaren baitan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbarekin muga eginez. Sollube puntu estrategikoa da Bizkaiko Jaurerriaren baitan, bere garaiera eta kokapenagaitik, izan ere, kostaldetik bost kilometrotara baino ez dago.
Gaur egun telekomunikazio gune garrantzitsua izatera behartuta izan den arren, garai batean Euskal Herriko historiagune garrantzitsua izan zen. Bertan Guda Zibilean 10 egunetan zehar Sollubeko gudua izan baitzen, euskal gudari askok bertan bizitza galdu zuten faxistek garaipena lortu zutelarik 1937ko maiatzaren 8an. Garai hartan ere, mendi honek garrantzi estrategiko handia zuen.
Tradizio honen jatorria ezagutzeko, mende batzuk atzera egin behar da, Erdi Arora; garai hartan, Batzar Nagusiak Gernikako Batzar Etxean ospatzen ziren. Batzar horrek Bizkaiko euskal lurralde historikoan ahalmen araugilea zuen eta, batez ere, zeregin legegileak zituen, non, legeak ohituretan oinarritzen ziren[1].
Garai hartako bizimoduak baldintzaturik (herriak sakabanatuta zeuden), deiadar-mendiak sortu ziren, herritarrak Batzar Nagusien hasieraz ohartarazteko erabiltzen zen abisatzeko metodo eraginkorra. Mendi hauetan abisua adarrak joz edo egunsentira arte zirauten sutzarrak piztuz egiten eta Batzarretarako deiadarrak lau haizetara hedatzen zituzten[14].
Tradizio hori desagertuz joan zen eta, horren ordez, Batzar Nagusiak ermitetako kanpaien bidez deitzen hasi ziren. Gerora, herritarren ordezkari gisa prokuradoreak hautatuta eta deialdien berri idatzizko testuen bitartez ematen hasi zirenean, komunikatzeko bide hori pixkanaka galduz joan zen, XVII. mendean deiadar-mendien sistema ordezkatua zen izan zen arte; horrela, behin betirako galdu zen[1].
2004an Bizkaiko Batzar Nagusiek "Deiadar-Mendien Eguna" ezarri zuten, Batzarrak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zela-eta ospatzeko. Maiatzaren 8 aukeratu zuten egun. Txandaka, tradizioa urtero mendi-tontor desberdin batetik berreskuratzen da, “deiadar-mendien eguna” deitua ospatuz, mendizaletasuna eta, oro har, euskal ohiturak, gogoko dituztenak biltzen dituen gertaera. Egun horretan, urtero, Balmaseda, Gailurra, Ganzabal, Sollube 707 eta Alpino Tabira taldeek tontorrerantz abiatu eta deiadar-egunetarako beren-beregi egindako adar berezia jotzen dute[2][1].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.