Remove ads
Getariako euskal jostuna From Wikipedia, the free encyclopedia
Cristobal Balentziaga Eizagirre (Getaria, Gipuzkoa, 1895eko urtarrilaren 21a[1] – Xàbia, Alacant[2][3] 1972ko martxoaren 24a), nazioartean Balenciaga erdal grafiaz ezagunagoa,[4] jostuna eta moda diseinatzailea izan zen, mundu zabalean ospetsua, Balenciaga moda-etxearen sortzailea. Maisuen artean maisu, goi-joskintzaren artearen sortzailetzat jotzen dute, eta ondorengo diseinatzaileengan eragin handia izan du.
Cristobal Balentziaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Cristóbal Balenciaga Eizaguirre |
Jaiotza | Getaria, 1895eko urtarrilaren 21a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Xàbia, 1972 (76/77 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | diseinatzailea, enpresaburua, moda-diseinatzailea eta jostuna |
2011ko ekainaren 7an, Getaria udalerrian Balentziagari eskainitako Cristobal Balenciaga museoa inauguratu zuten. Gainera, Cristobal Balentziagaren jaiotetxean plaka oroigarria ipini zuten.
Getarian jaio zen, Aldamar kaleko 10. zenbakiko etxean (garai hartan, kaleak Zacayo izena zuen),[1] familia umil eta katoliko batean. Aita, Jose Balentziaga Basurto, arrantzalea zen; eta ama, berriz, Martina Eizagirre Enbil, jostuna. Bost anai-arreba izan ziren, hiru neska eta bi mutil, eta Kristobal bostetan gazteena.[1]
Balentziaga homosexuala zen,[5] baina ez zuen inoiz bere sexualitatearen berri jendaurrean eman.[6] Luzaroen bikotekide izan zuena Vladzio Jaworowski d'Attainville franko-errusiarra izan zen; Balentziagari finantzatzen lagundu zion hastapenetan. 1948an d'Attainville hil zenean, Balentziaga hain zegoen lur jota, negozioa ixtea pentsatu ere egin zuen.[7]
Txikitatik jostun ogibidean aritzea izan zen bere ametsa, eta orduak igarotzen zituen zirriborroak marraztuz eta, jostorratza eskuan, garaiko diseinuak imitatzen (hasieran bere amaren laguntzaz).
1907an Donostiako New England izeneko jostundegian lanean hasi zen aprendiz moduan.[8] 13 urte besterik ez zituenean, Getarian udak pasatzen zituen Casa Torreseko markesaren —Belgikako erregina Fabiola izango zenaren ama— janzki dotoreak begiratzen omen zituen liluraturik. Markesa unkituta geratu zen gaztetxoak moda ikasteko zuen grinaz eta erronka berezia aurkeztea erabaki zuen. Bere soineko esklusiboetako baten oihala eman zion eta kopiatu eta bere trebezia erakuts zezan eskatu zion. Emaitzak erabat liluratu zuen markesa eta, ordutik aurrera, bere mezenas izan zen.[9]
Jostungintzan trebakuntza lortu ondoren Donostiako Au Louvre izeneko denda batera aldatu zen eta jostun gisa hasi zen lanean emakumeentzako jantzigintza sailean[10]. 1917an Balentziagak denda bat ireki zuen Donostian Bergara kalea eta Askatasunaren hiribidearen kantoian C. Balenciaga izenarekin[11]. Balentziaga Parisera joaten zen urtean bi aldiz, otsailean eta abuztuan eta moda firma ezagunetako janzkiak erosten zituen ondoren Donostiako bezeroei aurkezteko. 1918an Balenciaga y Compañía sozietatea sortu zen, Benita eta Daniela Lizasoain ahizpen diru aportazioarekin.[12] Sozietateak sei urte iraun zuen eta Balentziagarentzat ospe handiko urteak izan ziren[12]. Ohiko bezeroen artean Casa Torreseko markesa azaltzen da, baina ez da aipatzen laguntza ekonomikorik eman zionik, nahiz eta zenbait iturritan horrela azaldu[13]. 1924an sozietatea amaitu zen eta Balentziaga Askatasunaren hiribideko 2. zenbakiko lehen solairuan finkatu zen.[14]
Balentziagak familiaren laguntza izan zuen bere bizitza osoan. Donostian amarekin bizi izan zen eta bere arreba Agustina, hau ere ama bezala jostuna, dendetako arduraduna izan zen. 1919an Juan anaia, elkartu zitzaien, enpresaren kudeaketaz arduratuko zena.[15]
1920ko hamarkada oso oparoa izan zen Balentziagarentzat eta Donostiako udatiarren artean ospea lortu zuen. 1927an Okendo kaleko 10. zenbakiko lehen solairuan bigarren denda ireki zuen Eisa Costura izenekoa. Eisa izena, amaren Eizagirre abizenetik sortu zuen.[16]
Espainiako Errege Familiak eta aristokraziak oso gogoko zituen bere diseinuak, baina Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, bere dendak itxi beharrean izan zen eta Parisera joan zen bizitzera. 1937ko abuztuan, lantegia ireki zuen George V.a etorbidean.
2 urte geroago, sorbalda erorien lerro berritzailea aurkeztu zuen, gerri pintzaduna eta aldaka biribilak erakusten zituena. 50. hamarkadan lortuko zuen arrakasta gehiena eta bere kreatibitateak ospe handia lortuko du. Diorrek 1947an aurkeztuko duen look-a aurreikusiz, urte batzuk geroago, emakumearen silueta berria sortuko du, zaku soineko abangoardista oso, hiru laurdeneko mahuka, baloi gonak, gerri altuak, eta hain famatuak bilakatuko euritako gardenak sortuz, Hauek denak, botoi handiekin apaindurik.
Diseinatzaile gehienek zirriborroak egiten zituzten, baina ez zuten beraiek josten. Cristobalen kasuan, jostun aparta zen eta ehunak maneiatzen artista. Coco Chanelen hitzetan:[17]
« | Bera da gure artean dagoen jostun bakarra | » |
Ehun astunak zituen gogoko, eskuz brodatuak, harriz edo pitxiz hornituak.
Nabarmentzen dira: soineko beltzak, leporik edo botoirik gabeko beroki koadratuak, beso japoniarrak, soineko-tunikak, euri-kapusai gardenak.
Edozein ehun zen soineko bat egiteko aitzakia; berak egin zezakeen, ia moztu gabe, josturarik apenas ez, di-da batean. Bolumen eta forma harrigarriak ematen trebezia aparta zuen. Bukaera perfektua izaten zuten bere lanek, eskultura baten pareko eta botoiak eta puntadak ez zen ia ikusten. Zorrotza erabat, gustura ez bazegoen, berehala desmuntatuko zuen soineko osoa. Diseinu bakarrak sortzen zituen bere bezeroentzat, probatu beharrik gabe. Marlene Dietrichek berak esan zuen Balentziagak bere neurriak ondo baino hobeto ezagutzen zituela eta hark eginiko soinekoek ez zutela zuzendu beharrik izan.
Oso gustuko zituen Espainiako margolariak, Velazquez edo Goya.
Modan eta goi mailako gizartean, erreferentea izan zen, ez diseinuagatik bakarrik, baita bere karakter isil eta lan metodo zorrotz eta diskretuagatik ere. Aurrez konkretatutako zitaz hartzen zituen bezeroak eta desfile pribatuak antolatu ohi zizkien. Ez zitzaion jendetza gustatzen eta bere bizitza pribatua ondo gorde zuen. Azkeneko agerraldia Coco Chanelen lurperaketan egin zuen, 1971n.
1968an, 50 urtez lan egin eta gero, erretiroa hartu zuen.
1972ko martxoaren 24an, Carmen Martínez Bordiúren eta Cadizeko dukearen ezkontzarako soinekoa egin ondoren, hil zen Valentzian. Balenciaga firmak aurrera jarraitu zuen, perfumerian eta osagaietan bereziki. Kolaboratzaileen artean, gero bere firma propioak izango zituzten André Courréges, Emmanuel Ungaro, Rabanne edo Hubert Givenchy konta ditzakegu.[17] Azken honek horrela esan zuen:
« | Balentziaga goi-joskintzaren sortzailea izan zen. Elegantea bere bizitzan eta lanean; bere bizitzarekiko sentitzen zuen pasioa arte bilakatzea ekarri zuen. Bere obra orok eskultura, musika edo pintura puntu bat izan zuten, harmonia handiko janzkietan irudikatu zituelarik. | » |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.