Carmelo Ortiz de Elgea Jauregi (Aretxabaleta, 1944ko abenduaren 20a) gipuzkoar pintorea da. Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolan egin zituen Marrazketa ikasketak, baita Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan ere. Bere aurreneko bakarkako erakusketa Gasteizko Aurrezki Kutxaren Kultura Aretoetan egin zuen, 1961ean, eta hurrengo urteetan ere han erakutsi zituen bere lanak.
Carmelo Ortiz de Elgea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Aretxabaleta, 1944ko abenduaren 20a (79 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Hasieran figurazioari lotu bazitzaion ere, nahiz eta kolorearen erabilera ezohikoak ukitu berritzailea eman bere lanari, berehala egin zuen abstrakziorako urratsa, 60ko hamarkadaren erdialdera. 1966an, Schommer, Joakim Fraile eta Juan Miegekin batera, Orain taldeko kide izan zen, eta urte hartan taldeak Donostian eta Gasteizen egin zituen aurkezpen-erakusketetan eta ezagutzera eman zuen Manifestuan parte hartu zuen.
Hurrengo hamarkadan, berriz, pop-arta, informalismoa eta abstrakzio gestuala landu zituen, berriro ere, abstrakzioa erabat baztertu gabe, figurazio aldera egiteko. 1985etik aurrera paisaia landu du gehienbat, izadia islatzen duten irudi figuratiboetan forma geometriko organikoak, erretratuak eta beste elementu batzuk tartekatuz. 1990 inguruko bere aldi "kubatarrean" nabarmen-nabarmena egin zen figurazioaren eta abstrakzioaren arteko uztardura.
Erakusketei dagokienez, eta azken urteetakoak aipatuz, bakarrekoa egin zuen 1984an Bilboko Arte Ederretako Museoan. 1986an Hostoa talde-erakusketaren barruan ikusi ahal izan ziren bere lanak Alemanian, Mallorcan, Italian eta Bilbon. 1989an Arte Vasco en el Museo de Alava erakusketan parte hartu zuen Gasteizen, eta 1990an bere lana San Telmo Museoak eratu zuen Santos Iñurrieta, Juan Mieg eta Ortiz de Elguea erakusketan ikusi ahal izan zen. 1994an, Pinturas 1992-1994 bakarkako erakusketa egin zuen Gasteizko Amarica erakustaretoan. 2007an, Caja Vital Kutxa Fundazioaren Aretoan bere ibilbideko lanen bilduma erakutsi zuen.
Azken urteetan aldaketa nabarmena izan du bere lanak, eta kutsu arkitektonikoko olio koloretsuak margotu ditu, XV-XVI. mendeetako Italiako hirietako giroa Gasteizko paisaia urbanoetara ekarriz.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.