From Wikipedia, the free encyclopedia
Belar hockeya hamaika jokalariko bi taldek jokatzen duten talde kirola da, makila (stick) batez pilota aurkako ekipoaren atean ahal adina aldiz sartzean datzana. Belar-zelaian jokatzen da pilota batekin, eta ate batean sartu behar da.
Hockeyaren jatorria antzinako Grezia klasikotik haratago doa, K.a. 2.500 urteko marrazki batzuen arabera. K.a. Beni Hasanen hilobian aurkitu zituzten marrazkiok, Egiptoko Nilo haranean. Bertan, ariketa atletikoen sei marrazki daude eta horietako batean, bi gizonen perfila ikusten da, muturrak okertuta dituzten stick-ak daramatzatenak, eta horien artean objektu biribil bat, pilota bat edo uztai bat izan daitekeena. Greziarrek eta Erromatarrek ere praktikatzen zuten joko hori, eta jatorria Pertsian duela uste da. Grezian bezala, Egipton, Arabian eta Pertsian ere antzeko jokoak zituzten.
Belar hockeyak hainbat forma ezagutu zituen Europan, eta, bereziki, Britainia Handian garatu zen. XIX. mendearen lehen erdian sendotzen hasi zen, eta 1861an sortu zen lehen kluba Blackheathen, Londresetik gertu. Partidak aire librean jokatzen ziren, diseinu bereziko eta zaileko stick-ak eta, pilota gisa, goma beltzeko pilota gogor bat erabiliz.
Hamabost urte geroago, Ingalaterrako federazioa sortu zen eta 1887an, emakumezkoen lehen kluba Surreynen, Ingalaterran. Zazpi urte geroago, Dublinen emakumeen lehen elkarte nazionala sortu zen.
Aldi berean, hockeya emakumeentzat kirol egokitzat hartu zen. Ondoren, Kolonia Britainiarretara, Holandara, Alemaniara eta Suitzara hedatu zen.
Gizonezkoen hockey diziplina 1908an hasi zen Londresko Joko Olinpikoetan, eta emakumezkoenak 1980ko Moskuko Jokoetara itxaron behar izan zuen. Hockeyaren Nazioarteko Federazioa (FIH[1]), egoitza Bruselan duena, 1924ko urtarrilaren 7an sortu zen, eta 1927an emakumezko fundazio independente bat sortu zen (IFWHA). Bi federazioek 1982an egin zuten bat.
India eta Pakistan denbora luzez izan dira nagusi kirol honetan, 1928tik 1968ra bitartean txapelketa olinpiko guztiak irabazi baitituzte, baina ondoren, nagusitasun hori hautsi duten beste herrialde batzuetako taldeak agertu dira: Herbehereak, Alemania, Zeelanda Berria, Ingalaterra, Espainia, Argentina eta Australia.
FIHren Munduko Kopa 1971n egin zen lehen aldiz gizonezkoentzat, eta 1974an emakumezkoentzat. 1994an, gizonezkoen Munduko Kopa Australiako Sydney hirian jokatu zen eta Pakistanek irabazi zuen, lau aldiz irabazi duen herrialde bakarra izanik. Emakumezkoen Munduko Kopa urte berean jokatu zen Dublinen eta lehen aldiz irabazi zuen Australiak. Txapeldunen Trofeoa 1978an jokatu zen lehen aldiz Pakistango Lahore hirian, eta urtero munduko sei gizonezko talde onenak lehiatzen dira. Emakumeen kasuan, 1987an izan zen trofeo honen lehen edizioa. Europako txapelketa 1970ean hasi zen gizonentzat eta 1984an emakumeentzat. Lehiaketa hau selekzio nazionalentzat da eta lau urtean behin egiten da. Talde Txapeldunen Europako Kopa ere jokatzen da, 1990ean lehen aldiz gizonentzat eta 1991n emakumeentzat antolatua.
Gaur egun, belar hockeyan Alemania, Argentina, Australia, Herbehereak eta Erresuma Batua dira nagusi.
Kirol hau jokatzen den herrialde gehienetan, liga antolatuak daude gizonezkoen eta emakumezkoen hockeyko kluben artean.
Espainiako Hockey Federazioak dioenez, 1902an Bartzelonan sortu zen Espainiako lehen hockey taldea, eta sei urte geroago jokatu zen "Velodromo Parque del Sports" izeneko jokalekuan bi kluben arteko lehen partida arautua; Club Deportivo Español eta Hockey Club Tarrasaren artean hain zuzen ere, eta lehenengoek irabazi zuten. 1913an agertu zen ofizialki Real Club Polo taldea. Ondoren beste talde batzuk sortu ziren, Pompeya, F.C. Bartzelona eta Junior besteak beste; eta jarraitasuna eman zioten hockeyari kirol moduan. Terrassan, C.D Tarrasak bildu zuen hiriko zaleri ugaria, eta 1936a baino lehen C.D. Egara jaio zen; bi klub horien artean banatuko zituzten hiriaren garaipenak. Geroago sortuko zen Atletic Terrassa.
Madrilen 1909an hasi ziren jokatzen, Madrid Hockey Club eratu zutenean. Klub hori lau talde edukitzera ere iritsi zen. Bi urte geroago, 1911n, British Sport Club sortu zen, eta hark lehia ekarri zuen Madrilgo hockeyra. Jokalekurik ez zutelako klub haiek desagertu zirenean, Atletic Club-ek hockey atal bat sortu zuen. 1913an egin zuen Atletic Club de Madrid-ek lehenengo irtenaldia; Bartzelonara joan ziren partida batzuk jokatzera Real Polo Hockey Clubaren kontra.
Espainiako lehen txapelketa Bartzelona jokatu zen 1916an. Atletic Club de Madrid-ek, Sociedad Deportiva Pompeyak, Real Polo Hockey Clubak parte hartu zuten, eta azken horrek irabazi zuen.
Donostian lehen aldiz 1906an jokatu zen, San Sebastian Recreation Clubaren eskutik. 1916ko abenduan hockey talde bat sortu zuten Realaren barruan, eta hilabeteren buruan jokatu zen Donostiako eta Madrilgo jokalarien artean lehen partida. Hurrengo urtean, 1917an, Espainiako bigarren txapelketan Donostiako talde batek parte hartu eta bigarren lekua lortu zuen.
Hogeiko hamarkadan Santanderra iritsi zen hockeya, eta ondoren Galiziara eta Valentziara ere bai. Hala, sendotuta geratu zen hockeya Espainian[2].
Futbolarekin alderatuz, erabilitako lehen joko-sistema "WM" sistema ingelesa izan zen, non zelaiko jokalariek (guztiak, arkularia eta erdilariak izan ezik) letra horien erpinetan banatuta jokatzen baitzuten. Ondorengoak dira jokalarien joko posizioak:
Beste joko-sistema batzuk antzinako joko-sistema erabiliz antolatzen dira. Hauek joko-egoeraren arabera aldakorrak izango dira. Hona hemen adibide batzuk:
Joko zelaiak ezaugarri hauek ditu:
Hurrengo hauek dira belar hockeyean erabiltzen diren teknika garrantzitsuenak. Teknika hauek lau atal desberdinetan banatzen dira:
Belar Hockeyean, neurriak eta pisua hertsiki kodetuta daude Nazioarteko Hockey Federazioaren Araudian. Gehieneko luzera 105mm-koa da eta zabalera ezin da 51mm-tik gorakoa izan. Pisua ezin da kiloko hiru laurden baino gehiagokoa izan. Sticka 51mm-ko diametroa duen uztai batetik igaro behar da.
Antzina, pilota larruz edo kortxoz egina zegoen. Gaur egun, belar hockeyeko pilotak plastikozko zentimetro bateko pareta dute eta barrutik hutsik daude. Hauen tamaina teniseko edo beisboleko piloten antzekoak dira.
Kirol honetan ezinbesteko da aho-babesgarri bat erabiltzea. Pilota abiadura handian mugitzen da etengabe eta hortzak puskatzeko arriskua ekiditeko aho-babesgarria erabiltzen da. Gainera, zango-babesak ere beharrezkoak dira horrela hanketan hausturak babesteko.
Partida bat jolasteko 2 talde behar dira, eta hauek 18 jokalaritik ezin dira pasa. Talde bakoitzak 11 jokalari izango ditu zelaian aldi berean. Talde bakoitzak 18 jokalari horien artean egin ditzakete aldaketak. Gaur egun, belar hockeyak futbolaren oso antzeko aldaerak ditu; izan ere, azalera gogorragoetan joka daiteke, hala nola leunketa zehatzean (aretoko hockeyan), non jokalari-kopurua 5ekoa da. 4 jokalari gehi atezaina. Hori dela eta, modalitate honetan arauek hainbat aldaera izan dituzte belar hockeyarekin konparatuta.
Bi epailek jokoa kontrolatu eta araudia aplikatuko dute. Hauek izango dira joko garbi eta zuzen baterako epaile bakarrak.
Ohartarazpenak edo zigorrak: Falta bat egitean jokalaria abisatua edo zigortua izan daiteke. Ohartarazten bazaituzte, txartel berde baten bidez adieraziko dizute. Nazioarteko txapelketetan, txartel berde bat jasotzen duen jokalariak, jokorako 2 minutuko aldi baterako etenaldia bete behar du; Txartel horia erakusten bada, 10 minutuko etenaldia egin beharra dauka; Txartel gorria erakustean, partida behin betiko bertan behera utzi beharko du.
Zigortutako jokalariak izendatuta dagoen toki zehatz batean gelditu behar dira. Hau zigorra jarri dion epaileak zelaian sartzeko baimena ematen dion arte. Aldi baterako etenaldiaren iraupena luzatu egin daiteke txartela jasotako jokalariak jokabide txarra izaten badu.
Aldaketak edozein momentutan egitea baimenduta dago bi egoeretan izan ezik: kontzesio baten ondoren eta korner motzeko sake baten aurretik. Momentu horietan lesionatu den jokalari bat edota kanporatuta izan den defentsa edo atezaina izan daitezke aldaketa bakarrak.
Futbolean bezala, pilota albo batetik ateratzen bada, ukitu ez duen taldeak pilota alboko lerroa zeharkatu duen puntutik jaurtiketa libre bat egingo du. Gainera, autopase bat egin daiteke jokoa martxan jartzeko. Aurkariak autopasea egiten duen jokalariaren 5 metrora egon behar dira. Atzeko lerroaren eta 21 metrotako lerroen artean ezin da pilota area barruan zuzenean sartu. Hauetako baldintza bat burutu behar da pilota zuzenean sartzeko: 5 metro korrika egitea pilotarekin, pilota beste taldekide bati pasatzea edota aurkari batek pilota ukitzea.
Zirkuluaren edo area txikiaren helburua oso garrantzitsua da: gola sartzeko zirkuluaren barruan jokalari batek ukitu behar du pilota, aurretik ez badu inork ukitzen golak ez du baliorik izango.
Defentsek area barruan egindako faltak bi zigor izan daitezke: defentsak falta intentziorik gabe egiten badu, alboko sake laburra edo "penalti korner" bat izango da. Bestalde, defentsak borondatezko falta egiten badu penalti stroke, stroke edo penal moduan zigortuko da.
Futbolean bezala, belar hockeyean ere badago “penalti stroke” edo “shoot-out” delakoa. Zigor hau defentsa batek gol aukera argia lortzea saihesten duenean gertatzen da, berdin du nahita edo nahi gabe egitea.
Jaurtitzailea atearen 7 yardara dagoen puntu batean jartzen da, eta pilota jo gabe, pilota bultzatu edo altxatuta aterantz botatzen du. Atezainak bere babesekin edo stickarekin pilota gelditzen saiatuko da. Normalean, atezainak sticka bere eskubiko eskuan eta eskularrua ezkerreko eskuan izango du. Atezainak eskularruekin pilota gelditu edo urrundu dezake, baino ezin du pilota hartu edo atxiki egin.
Shoot-out edo "Australiako penalti"an, jaurtitzailea 22. marran kokatzen da. Epaileak seinalea ematean, jaurtilariak 8 segundo izango ditu ateraino iritsi eta gola egiteko. 8 segundo horietatik pasatzen bada ezingo du golik lortu.
Izkinako sakea edo korner motza, defentsek area kanpoan baino 25 yardako marraren barruan edo area barruan egindako falta bat gertatzen denean zigortzeko modua da. Hurrengo moduan laburtu daiteke:
Nazioarteko Hockey Federazioa (NHF) da kirol honen helburuak zuzentzen dituen erakundea. Parisen sortu zen 1924an eta hasieran batean Austria, Belgika, Txekoslovakia, Frantzia, Hungaria, Espainia eta Suitza ordezkatu zituen.
NHF Munduko Belar Hockey Txapelketa eta Hockeyko Pro Leaguea antolatzeaz arduratzen da. Aurreko urteetan, Champions Trophy, Champions Challenge eta Hockeyko Munduko Liga antolatzen zituen. Hauek urteen poderioz jokatzeari utzi zen.
Belar Hockeya 1908an sartu zen lehen aldiz Olinpiar Jokoetan. Historikoki Indiak eta ondoren Pakistanek irabazi dute txapelketa hau, baina gaur egun Europarrak, Australia eta Argentina dira nagusi. 1980ean sartu zen lehen aldiz programa olinpikoan emakumezkoen belar hockeya.
Kontinente mailan, federazioek antolatzen dituzte txapelketak eta garrantzi berezia duten txapelketak hurrengo hauek dira:
Panamerikar Txapelketa. 2000. urtean sortu zen. Honetan Argentina, Kanada, Kuba, Txile, Estatu Batuak eta Trinidad eta Tobagok parte hartze dute. Honen irabazleak munduko txapelketara sailkatzen da zuzenean.
Belar-hockeyaren aldaera herrikoi bat barne-hockeya da, hau da, 40 m × 20 m-ra murrizten den eremu bat erabiliz. Arau askok berdinak izaten jarraitzen duten arren, garrantzizkoak diren hainbat aldaketa daude: atera egingo duten jaurtiketa ez bada, jokalariek ezin dute pilota altxatu; jokalariek ezin dute pilota jo, eta, aldiz, bultzadak erabiltzen dituzte pilota pasatzeko; bazterbideak egurrezko hesi sendoekin ordezten dira. Gainera, erabiliko diren stickak belar hockeykoak baino meheagoak izango dira.[3]
Izenak dioen bezala, Hockey5S-a hockey aldaera bat da. Talde bakoitzak bost jokalari ditu (atezain bat barne). Joko-eremuak 55 m luze eta 41,70 m zabal ditu, hau da, gutxi gorabehera, joko-zelai erregular baten erdia. Marka gehigarri gutxi behar dira, ez baitago ez zigor zirkulurik, ez zigor markarik; tiroak edozein tokitatik har daitezke berdegunean. Arautegiko zerbait gaizki egiten bada, zigor ezberdinak egongo dira. Adibidez, zigor kolpeak "desafio" batekin ordezten dira, hau da, zigor jaurtiketa batean erabiltzen den banakako metodoaren antzekoa. Partidaren iraupena 12 minutuko hiru zati dira, bi minutuko atseden tartearekin. Urrezko golaren kasuan 5 minutuko bi zati jokatzen dira. Arauak sinpleagoak dira eta jokoa azkarragoa izatea da helburua, zelai erdian joko gutxiagorekin gol jaurtiketa gehiago sortuz, eta ikusleentzat erakargarriagoa izanez.[4]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.