basoen sorrera eta aprobetxamenduaren azterketa From Wikipedia, the free encyclopedia
Basogintza basoak ustiatu eta kudeatzearen jarduera da. Basoetatik gizakiak ateratzen duen baliabide nagusia zura da, baina beste zenbait lehengai ere erauzten ditu basoetatik, hala nola erretxina eta kortxoa. Lehengai horiek gizakiak funtsezkoak ditu beste industria batzuetarako, hala nola papergintzarako, altzarigintzarako eta eraikuntzarako. Ekonomia eta ekologia uztartzen dituen jarduera bat da. Izan ere, gaur egun, basoko baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean ustiatzea du xede, baina basoko ekologia eta bioaniztasuna errespetatuz. Hala ere, historian osoan eta gaur egun ere, basoen gehiegizko ustiapenak basoa nagusi zen lurralde anitz birrindu ditu, eta arazo ekologiko larriak sortu.
Erromatarren garaira atzera eginez, Espainiaren konkistak ia 2 mende iraun zuen, hala ere, erromatarren kultura eta beraien ohiturak berehala iritsi ziren herritarrengana, hala nola, De re rustica liburua edo mendiarekin zuten harremana. Catonen De re rustica lanarekin, lurra lantzearen lehen ideiak agertu ziren. Esate baterako, Caton, De re rustica lanean, zuhaitzak mozteko garairik egokienen inguruan mintzatu zen. Beranduago Varronek, nekazaritza-zientziaren laburpen bat egin zuen Libri tres rerum rusticautm izeneko hiru liburuetan. Hemen adibidez, landa lanetan egunen eraginaren inguruko ideiak aipatu zituen, baita, haztegietan bete behar ziren zainketak. Azkenik, Virgiliok, bere Geórgicas lanean, zuhaitzen hazkuntzan eta ugalketan inguruko lehen ideiak ekarri zituen. Honekin batera, zuhaitz mota bakoitzaren habitat edo bizileku hoberena zein den zehaztu zuen, adibidez, sahatsak erreka ondoetan edo zumarrak laku inguruetan egon behar zirela esan zuen. Beranduago, Columelari esker zelaiak nola hasi eta kultibatu behar ziren jakin zuten, baita, gaztainondoak edo arteak nola landatu behar ziren.
Basogintzaz ari garenean, basoen edo mendien laborantzaz edo labore horri buruzko zientziaz mintzatzean, esan beharra dago, Espainiako historian zehar ez dela aurkitzen zeregin horretan sartzen diren ezaugarririk, noiz behinkako ezaugarri primitiboak izan ezik, jabetzaren babesle gisa. Honen adibidetzat, VII. mendean baso aberastasunaren aldeko arauak jasotzen zituen foruak idatzi ziren, bereziki suteen inguruan. Honakoa zioen: “Gizakume batek mendia edo zuhaitzak pizten baditu, epaileak 100 astindu eman eta erre zuena zuzendu egingo du". Bi mende geroago, IX. mendean Kataluinan, zenbait agindu zuhaitzen mozketen eta ehizaren kontserbazioaren inguruan ezarri ziren.
718. urtean arabiarrak penintsulara iristean, basogintzaren inguruko ideiak asko aldatu ziren, nekazaritzan loraldi bat eman zen esaterako. Baina XV. mendean, hauek kanporatzean, penintsulako zelaiak, basoak eta mendiak beherakada handi bat jasan zuten XIX. mende arte. Hala eta guztiz ere, urte horietan baso-ondarearen alde egindako arauak ezarri zituzten, ahalegin bat egin zen basoak eta mendiak mantentzeko asmotan. Hala nola, 1150. urteko Malina hiriko Forua, mendiari kalte egiten dionak zigorra jasoko zuela esaten zuena, edo 1210. urteko Salamancako Forua, lizentziarik gabeko karraskak eta egurrak mozteko zigorrak ezarri zituena. Era berean, mendien eta haien egurren gaineko ekoizpen-baimenak ematen ziren, hala nola, Alfontso X.aren Getariarako pribilegioa, zeina Gipuzkoan, ontziak eraiki eta hobetzeko beharrezkoa zen egur guztia moztea ahalbidetzen zuena. Honekin loturik, ontziak edo eraikinak eraikitzeko egurrak beharrezkoa izaten jarraitzen zuen XIV eta XVI mende bitartean, baina, Espainiako gobernatzaileek basoeen eta mendien uztiapena eta babesa kontrolatzeko zenbait lege ezarri zituzten. Honen adibide ditugu, 1355, 1447, 1496, 1518, 1538, 1542 eta 1543 urteetan, errege katolikoek, Juan II-nak edo Carlos I-ak ezarritako pragmak. Ordea, garai horretako gizarteak ez zuen naturaren kontserbazioaren ikuspegi hori partekatzen, baizik, natura biziraupenerako materia gisa ikusten zuten, eta uztiapenerako herramienta berrien sorrerak penintsulako basoen egoera arriskuan jarri zuen.
Basogintza herrikoiari dagokionez, mendeetan honekiko eduki zuten ikuspegia aldatzen joan da beraien beharraren arabera. Hasieran egindako baso praktikek oinarri sendoa izan zuten erromatarren irakaskuntzarekin, nekazaritzarako eremuak alde batera utziz eta basoa fruitu-iturri gisa edo abere edo egur hornitzaile gisa erabiliz. Gerora, herri germaniarrak iristean erromatarren ideia alde batera utzi eta jabetza komunalaren ideia ekarri zuten eta herriaren artean mendia “alaitzera” banatzen zuten, gero, bertatik fruituak, egurra… guztien artean partekatzeko. Nekazaritzako, basoko eta abeltzaintzarako aprobetxamendu hori VI. mendetik IX. mendera bitartean garatu zen penintsulako herrietan.
XVI. mendetik aurrera populazioak gorakada handia jasan zuen, ondorioz, beharrezkoa izan zen lurra lurberritzea nekazaritzan erabiltzeko, honakoa, basoen kontura egin zen, eta nekazariarentzat gehienetan zuhaitza zen etsairik handiena, hazia jaten duten hegaztien babesleku delako. Botere publikoek basoen arriskuen berri eman zuten, esaterako, horrelako arauak jarriz: “ Mendiak mozten dira…, garai latzetan ez dago babesik abereentzat, beraz, beharrezkoa den lekuetan pinuak, haritzak eta arteak landatu daitezke, horrela, egurra eta abereentzako babeslekua egon dadin.” Baina, penintsularen orografia zailarengatik bakarrik irisgarritasun erraza duten basoakekin amaitu zen, gainontzeko basoak zapaldu gabe mantenduz XIX. mendearte. Nobleen eta elizgizonen agerpenak, biztanleriaren zati handi bat basoarengandik banatu zuen. Izan ere, hau jauntxoen eskuetara igaro eta nekazarien zati handi bat hauen morroi bilakatu zen. Mendiak, aldi horretan, balio ludiko handia hartu zuen, herrialdeko goi-klaseek erabiltzeko eta gozatzeko topaleku gisa.
XVII-XIX mendeetan, Espainiak zientziarekiko zuen atzerapena kontuan harturik, basogintzak ez zuen aurrerapen handirik jasan. XVIII. mendean Frantzia aldetik sartu ziren lehen baso-jakintza teknologikoak basoa babesteko. Honen ondorioz, basoarekiko edo mendiarekiko zeuden erritu kulturalak galdu eta honekiko jakintza zientifiko-teknologikoago bat edukitzen hasi ziren herritarrak.[1]
XX. mendea, Gerra Zibila amaitzean egin ziren pinuen landaketengatik nabarmentzen da. Birpopulatze plan orokor bat planteatu zuten 1940an, zeinetan, 6 milioi hektarea pinuz birpopulatzea zuen helburu gisa.
Euskal Herrian ez dago baso edo oihan naturalik: gutxi edo gehiago, denak gizakiak landuak izan dira. Gipuzkoa eta Bizkaiko zuhaitz estaldura ia azaleraren % 60koa da (ia guztia, ustiapenerako landatutako zuhaitzak), Arabakoa % 47koa (gehiena, berez jaiotako zuhaitzak) eta Nafarroakoa % 33koa (gehiena, berez jaiotako zuhaitzak).[2] Euskal Herrian, basoaren ustiapena, ikuspuntu ekonomiko batetik soilik ulertzen da, hau da, aipaturiko azken funtzio horren haritik, basoen ekoizpena da betidanik ustiatu izan dena.[3]
Baso bat ikuspuntu kontserbazionista batetik ustiatzea, hots, lurzoru, animalia, landare edo paisaje bat kudeatzeko basoa ustiatzea, kontzeptu moderno samarra da eta egia esan hemen ez gaude horrelakoetara ohiturik, baina datozen urteetan, gisa honetako neurriak ere hartu beharrean izango gara ezbairik gabe.
Orokorrean gaur egun Hego Euskal Herrian zur salmentarako gehien bat bi zuhaitz espezie landatzen dira, intsinis pinua edo Pinus radiata eta Eukalipto urdina edo Eucaliptus globulus. Basogintzak ekologikoki arazo nagusi bat dakar: biodibertsitatea murriztea. Hau da, adibidez pinua landatutako azalera batean biodibertsitatea urriagoa da. Horrek zuzenean eragiten die landare eta animaliei. Esaterako, basurdea baserritarrei gero eta kalte gehiago sortzen ari zaie; izan ere, pinudietan badu non babestu eta ezkutatu, baina baso landaketa horiek ez diete bazkarik eskaintzen.
Etekin ekonomikoari dagokionez, eukaliptoak etekin handiagoa eskaintzen du intsinis pinuak baino, baina ingurumenean duen eragina okerragoa da. Pinuarekin gertatzen den bezala, eukaliptoaren monolaborantzak biodibertsitateari kalte egiten dio, eta gainera beste bi arazo nagusi dakartza: alde batetik, eukaliptoen hostoek toxikotasun handia dute, bizidun askorentzat kaltegarriak dira, eta gainera habitataren lurzoruak eta ur iturriak kutsatzen dituzte; bestetik, ura xurgatzeko gaitasun handia duen zuhaitza denez, bertakoak diren landare espezie askori haztea galarazten die.
Hego Euskal Herrian ustiatzen diren bi espezie nagusiek (pinua eta eukaliptoa) bilakaera desberdina izan dute, prezioaren aldetik. Pinuaren salneurriak gora egin du azken urte hauetan, baina gorakada hau ez da izan pinu eskasiagatik, zuraren erabilera erabat aldatu delako baizik. Duela hamar bat urte, pinu zura batez ere papergintzara bideratzen zen; geroztik egin diren ikerketek, ordea, pinu zura beste zenbait erabileratarako lehengai ona dela ziurtatu dute, hala nola, altzarigintzarako, eraikuntzarako eta arotz lanetarako.
Eukaliptoaren kasuan, berriz, salneurriek gorabehera handiak izaten dituzte. Paper pasta egiteko erabiltzen da. Hemen eukalipto oso gutxi dagoenez, kanpotik ekarri behar izaten da, Hego Ameriketatik gehienbat. Herrialde haietako diruekiko trukaneurrien gorabeherek eragin handia izaten dute hemengo zuraren azken salneurrian.
Pinu zurak papertegietako bidea utzi eta beste erabilera batzuk hartu izanak, zenbait ondorio ekarri ditu haren ustiapenean. Gero eta pinu zaharragoak botatzen dira. Ahalik eta korapilo gutxien edukitzea nahi izaten da, eta, beraz, gaztetan kimaketa egokiak egin behar izaten dira. Paperetarako pinua 30 bat urterekin botatzen zen; orain, baina, ohikoa izaten da 35-40 urteko pinudiak ateratzea. Izan ere, urte gutxian, pinuaren salneurria bikoiztu egin daiteke.[3]
Zur txarrena Euskal Herrian gelditzen da, baina hoberena, % 80-90 inguru, kanpora bidaltzen da. Lehengai asko eta asko Burgos aldeko zerrategi handietara eramaten dira zuzenean. Euskal Herritik Burgosa eta handik Espainiako Levante aldera, Bartzelonara eta abar bideratzen da. Leku haietan indartsua da altzariaren industria, eta etengabe zura eskatzen ari dira. Espainian Hego Euskal Herriko zurarekin egindako altzari horiek Europa osora zabaltzen dira, adibidez Alemaniara. Hego Euskal Herrian, pinu zurak ez du estimazio handirik.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.