Autodeterminazioa edo jendartearen autodeterminazio-eskubidea, zientzia politikoetan eta nazioarteko zuzenbidean (ius cogens modura jotzea ohikoa delarik[2]) Herriek beren kabuz eta askatasunez beren herria zuzentzeko zein gobernu era nahi duten eta zein estatu eredu nahi duten aukeratzeko, eta azken batean zein estatu mota nahi duten aukeratzeko duten eskubidea da.[3]

Thumb
Askoren ustez, Kataluniaren independentziarako 2017ko erreferenduma Europa-mailan eginiko autodeterminazioaren eta erradikaltasun demokratikoaren adierazle nagusietakoa da.[1]

Kontzeptuak

Autodeterminazioak lotura estua du abertzaletasunarekin eta nazio estatuaren sorrerarekin eta burujabetasunerako eskubidea da, hain zuzen ere, autodeterminazioaren inguruan eztabaida gehien eragiten duen gaia; dena dela, azpimarratzekoak dira beste zenbait ikuspegi, esaterako marxismoaren irizpidea, zeinetan autodeterminazioa aldarrikatzen baita langileriak bere buruaren gidari izateko duen eskubide gisa, Frantziako Iraultzan bezala, herritarrak monarkiaren kontrako altxamenduaren ondoren.

Herri bakoitzak du, oro har, bere izaera nazionala, eta sarritan etnikoa, baina ez da beti horrela izaten. Izaera nazionala edukitzeak hizkuntza, historia, kultura eta erlijio komunak edukitzea esan nahi du. Baina estatu nazionala sortzeko ezagutu egin behar da herria bizi den lurraldea eta lurralde hori administratuko duen gobernu baten sorrera. Autodeterminazioak, estatu berri baten sorrera bultzatzen duenez, aurretik existitzen zen beste estatu baten zatiketa adierazten du, eta horregatik sortu ohi dira arazoak nazioek beren autodeterminazio eskubidea erabiltzeko orduan. Hain zuzen ere, Lehen Mundu Gerraren eragileetako bat Balkanetako herrien burujabetasun nahia izan zen. Gerraren ondoren, Versaillesko hitzarmenean autodeterminazio eskubidea onartu zen.

Nazioarteko legeak autodeterminazio-printzipioa onartzen badu ere, printzipio honek, berez, ez du zehazten zein giza-talde den nazio bat, edota zein giza-taldeek burujabetza lortzeko eskubidea duten.[4][5] Halere, eta autodeterminazio-printzipio honen zehaztasungabetasuna agerikoa bada ere, Nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko eskubide modura konsiderstzen da, herrien eskubide besterenezina eta bestelako Estatuekin erga ommnes motako betebeharrak sortzen dituena.[6]

Erabakitzeko eskubidea kontzeptu desberdintzat dute batzuek. Ainhoa Larrañaga irakasleaeren aburuz, erabakitzeko eskubideak inplikatzen du "demos batek (demokrazia batean bozkatzeko eskubidea duen pertsonek osatutako subjektu batek) hauteskunde batzuetan gehiengoa lortuz edozein gauza erabaki dezakeela". Autodeterminazio eskubidea berriz, herri okupatuei dagokien eskubidea da, eta , Larrañagaren hitzetan, "herri okupatua garela onartzen badugu, ezin ditugu zapaltzen gaituzten estatuak demokratikotzat hartu eta okupatzaileari ezin diezaiokegu gure askatasunaren gaineko erabakimenik eman. Okupatzailearekin batera bozkatzea onartzen dugu, eta askatasuna gure etorkizunerako aukera bat baino ez da"[7].

Autodeterminazio eskubidean kontrara gertatzen da eta Nazioarteko Komunitateak aitortzen du, herri zapaldu guztiek dutela autodeterminaziorako eskubidea. Herri guztiek, zein gobernu mota nahi duten  aukeratu, garapen ekonomiko, sozial eta kultural propioa bilatzeko eta antolaketa propioa sortzeko eskubidea dute. Eta herriak definitzen ditu esanez direla: beren nortasunaren kontzientzia dutenak, berena uste duten lurralde bati atxikiak eta zuzenki edo zeharka kontrolatzen dituzten baliabide eta energiak erabiliz beren beharrak betetzen dituzten gizatalde antolatuak. Herriaren existentzia onartzen da eta askatasuna da aukera bakarra; askatasuna ez da eskatzen, gauzatu egiten da. Kasu horretan baina, indarrik eta estrategia argirik ez badago, etsaiak, autodeterminazio eskubidea, manipulatutako demosaren zati bati eginiko inposaketa bezala aurkeztuko du eta ondorioz, demokratikoa ez dela esango du.

Historia

Autodeterminazio-kontzeptua 1860ko hamarkadan zehar agertu zen lehen aldiz, oso modu azkarrean hedatu zena.[8][9] I. Mundu Gerran zehar eta hau amaitu ostean ere, Vladimir Lenin-ek zein Amerikako Estatu Batuetako presidente zen Woodrow Wilson-ek sustatu zuten.[8][9] Wilsonek, bere Hamalau Puntuak deituriko proposamenean, "gutxiengo etnikoen autodeterminazio-eskubidea"ren inguruan promes eginez.[10]

Lehen Mundu Gerraren eragileetako bat Balkanetako herrien burujabetasun nahia izan zelarikl, gerraren ondoren, Versaillesko hitzarmenean autodeterminazio eskubidea onartu zen.Hala, 1918ko urtarrilaren 8an argitaratutako aldarrikapen honen inguruan, hiru egunen ostean halakoa esan zuen: nazio-gurak errespetatu behar dira; jendartea euren onespean izan behar dira soilik gobernatu eta menderatuak (sic). 'Autodeterminazioa' ez da esaldi huts bat, baizik eta premiazko portaera-oinarri a".[11]

II. Mundu Gerran zehar, autoderterminazio-eskubidea Atlantikoko Gutunean (1941) barneratu egin zen, 1941ko abuztuaren 14ean Franklin D. Roosevelt-ek (garaiko AEB-etako presidentea) eta Winston Churchill-ek (garai hartako Erresuma Batuko Lehen ministroa) sinaturikoa. Atlantikoko Gutun honetan zortzi puntu jorratu ziren (Gutunaren Zortzi Puntu Nagusiak), hauetako bat autodeterminazio-eskubidea zelarik.[12] Ostera, Nazio Batuen Gutunean modu esplizituan zerrendatu eta berehala, Nazioarteko zuzenbideko parte kontisderatu zen.[13]

Beraz, II. Mundu Gerraren ondoren, Nazio Batuen Erakundearen sorrerako gutunarekin. Autodeterminazioa eskatzeko zilegitasuna zein entitatek zuen zehazterakoan, gutun horretan adierazi zen herri kolonizatuek zutela horretarako eskubidea eta dagokion estatuaren erantzukizuna zela herri horien burujabetasuna onartzea. Horrela, 1960an erreferendum edo hauteskunde bidez burujabetasunari buruz erabakitzeko eskubidea onartu zitzaien herri kolonizatuei eta harrezkero lortu zuen Afrikako eta Asiako herri kolonizatu askok burujabetasuna.

20. mendearen amaieran, Autodeterminazio prozesu aipagarriak izan dira orobat Sobietar Batasun ohiko herrietan eta Jugoslavia osatu zuten estatuetan, eta gorabeherak gertatu dira beste hainbat kasutan, adibidez Sahararen kasuan, zeinetan 1998an ospatu behar baitzen Marokoren mendeko izan ordez burujabe izan nahi zuen erabakitzeko erreferenduma, artean ezin ospatu izan dena.

Nazio Batuen Erakundearen rol eta ikuspegia

Autodeterminazio-eskubiderako eskubidea Nazio Batuen Erakundearen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean (1966koa) ageri da, nahiz eta ez den ageri, berez, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean (GEAU). Bestalde, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren zenbait ebazpenek eskubide honi erreferentzia egiten diote, bai eta eskubidearen inguruko aferak garatu ere. Ebazpen hauetatik, aipagarria da 1514 (XVI) edo 1541 (XVI) ebazpena, koloniak diren herrien autodeterminazio-eskubidearen inguruan aritzen dena.

Egia bada ere NBEren ebazpen batzuek autodeterminazio eskubidea koloniei soilik aitortzen dietela (1960ko 1514 eta 1541 ebazpenek, esaterako), beste ebazpen batzuetan NBEk ez ditu koloniak aipatzen (1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean, esaterako) [14]. Horretaz gain, 1990etik aurrera Europako ekialdean independizatu diren lurralde asko ez ziren "koloniak", hitzaren zentzu hertsian. Berdin esan liteke Quebecez edo Eskoziaz, 1980an, 1995ean eta 2014an autodeterminazio-erreferendumak antolatu zituztenak.

NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna

NBEk 1966an onartutako Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak aipamen zuzena egiten dio autodeterminazio eskubideari, bere lehenengo artikuluan. Hala dio, hitzez hitz [15] [16]:

"Herri guztiek daukate autodeterminazio eskubidea. Eskubide hori dela medio, libreki erabakitzen dute beren estatus politikoa eta libreki bilatzen dute beren ekonomia, gizarte eta kulturaren garapena.

Nazioarteko zuzenbidean eta elkarren mesedetan oinarritutako nazioarteko lankidetza ekonomikotik ondorioztatzen diren betebeharrei iskin egin gabe, herri guztiek libreki erabili ahal dituzte dauzkaten ondare eta baliabide naturalak beren helburuetarako. Inolako kasutan ere ezin zaizkio herri bati kendu biziraupenerako funtsezkoak dituen baliabideak.

Itun honekin bat egiten duten Estatuek, tartean direla Autogobernu Gabeko Lurraldeak eta Fideikomisoak administratzeko ardura dutenak, autodeterminazio eskubidea bultzatuko dute, eta eskubide hori errespetatuko dute, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz".

Autodeterminazio eskubidea Estatuen legedietan

Badaude beren barnean hainbat herri[17] edota eta hainbat nazio[18][19] egon daitezkeela aitortzen duten Estatuak. Baina horrelakorik badaudela aitortuta ere, gutxi dira Estatu barneko herri edo nazioei beren kabuz antolatzeko eskubidea aitortzen dieten Estatuetako konstituzio edo legediak.

Txileko Estatuak 1989an Herri Indigenen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei aitorpen konstituzionala emango lieke, eta batzorde berezi bat eratuko litzateke erakunde indigenekin, indigenen lege-proiektu bat egiteko. Horren truke, erakunde indigenek beren eskariak bideratzeko bide instituzionala erabiltzeko konpromisoa hartu zuten.[20][21]

Portugaleko konstituzioak herrien autodeterminazio eskubideaz, 7.3 artikuluan, "Herriek autodeterminaziorako, independentziarako eta garapenerako duten eskubidea aitortzen du, bai eta zapalkuntza mota guztien aurkako matxinadarako eskubidea ere"[22].

Liechtensteineko legediak, Suitzakoak bezala, erreferendumak egiteko aukera handiak ematen ditu, eta nahikoak dira 1.500 sinadura erreferendum bat bideratzeko. Liechtensteineko udalek badute autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eskubidea[23].

Espainiako Estatuak honako testu hau eman zuen argitara 1977an: "Herri guztiek dute libre erabakitzeko eskubidea. Eskubide horren arabera, herriek askatasunez ezartzen dute haien izaera politikoa, eta garapen ekonomiko, sozial eta kulturala ere sustatzen dute".[24] Baina gero, Espainiako 1978ko Konstituzioan, Espainia nazio eta herri burujabe bat eta bakarra dela zioen alde batetik, eta bestetik Espainiaren baitan nazionalitateak bazeudela ere aipatzen zen.[25] Nazionalitate horien autodeterminazio eskubidea ez zen aipatu.

Kanada eta Quebeceko kasua

1998an ebazpen inportante bat hartu zuen Kanadako Auzitegi Gorenak, Quebecen balizko sezesioaz, mugarri inportantea Kanada eta Quebec-entzat, eta baita nazioarteko legediaren baitan, balizko sezesio baten auzia zedarritzen baitu. Konstituzioan Quebecek autodeterminatu edo independizatzeko eskubiderik ez zegoela ebatzi zuten epaileek, baina horren gainetik printzipio demokratikoa nagusitzen zela. Quebecen nagusitasun demokratiko bat bozka bidez gauzatzen bada (baldintza batzuk betez), Kanadako Gobernuak fede onez negoziatu behar du independentzia (fede onaren definizioetan ere ez zen sartu Auzitegia, dena dela)[26].

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.