From Wikipedia, the free encyclopedia
Arbroatheko Aldarrikapena Eskoziako Erresumaren independentzia aldarrikapen bat izan zen, Arbroathen 1320ko apirilaren 6ean 51 jauntxok sinatutakoa. Aldarrikapen hori Joan XXII.a aita santuari igorritako eskutitz batean adierazi zen, eta bertan eskatu zioten eskoziar herria zein Roberto I.ak eskoziar lurraldearen gain zuen subiranotasuna aintzat har zitzan.
Testua, latinez idatzia, Eskoziako agiri ospetsuena da, eta askok eskoziar nazioaren sorrera agiritzat dauka.[1] Historiaren aldetik, garrantzi handiko agiritzat jotzen da, gerora Eskoziako Pizkundeko erreformaren garaiko covenanter mugimenduaren ideologian eta Estatu Batuetako independentzia mugimendu eta testuetan izandako eraginagatik.
Ingelesak eskoziarren kontra borrokan ziren, ingelesen erregeak herrialde horren gaineko nagusitza bilatzen zuen, eta eskoziarrek kolokan ikusten zuten beren independentzia, Ingalaterrako Eduardo II.aren erasoarengatik. Plantagenet leinuko errege ingelesak, baina, ez zuen gerrarako dohain berezirik erakutsi, eta amarru politiko bat bilatu zuen: aita santuaren babesa. Une horretan, Joan XXII.a aita santuak Europako errege guztien kristau batasuna bilatzen zuen, musulmanen kontrako Gurutzada aldarrikatzeko. Eskoziarrei zurrumurrua heldu zitzaien Eduardo II.ak aita santuari haiei buruzko irudi iluna helarazi ziola, eta haien arteko gerren errudun egin zituela;[2] izan ere, ordurako Roberto de Bruce, bere ordezkariak, eta eskoziar apezpikuak eskumikatuta zeuden.[oh 1]
Eskozian haserrea zabaldu zen, eta 1320ko apirilean zaldun mandatari bat bidali zuten Erromara, aldean hiru eskutitz zeramatzala: bata Roberto erregearena zen, beste bat apezpikuena, eta azkena eskoziar jauntxoena. Horietatik, baina, bakarra gorde da gaurdaino: jaunena. Segur aski Arbroatheko abadian idatzi zuten. Eduardo II.a erregearen azpilanari emandako erantzun bat da eta, Neil Oliverren arabera, Bernard abadeak ondu zuen, Eskoziako kantzelariak.[2]
Agiria moldatzeko orduan, oso hizkera literarioa erabili zen, entzuteko atsegina, Baldred Bissetek aipatutako eskoziarren antzinako jatorriaren mitoak landuz eta Erromarekiko duten lotura nabarmenduz. Gero, agiriak 1309ko Elizjendearen Adierazpena ekartzen du gogora: Roberto de Brucek eskoziarrak ingelesen uztarpetik askatu zituela aipatzen da. Are, tonua igoz, adierazten da erregeak ingelesen menpe jartzeko ideia izango balu, hura bota eta gaitasuna duen norbait hautatuko luketela trukean;[2] horren arabera, erregea ez da errege "Jainkoaren graziaz".[1]
« | Zinez ez dugu borrokatzen aintzagatik, ondasunengatik, ohoreagatik, baizik eta askatasunagatik, horregatik bakarrik, ezein gizon zintzok ez baitio hari uko egingo, bizitzaren truke ez bada.[3] | » |
Ondoren, aita santuari erregutzen dio Eduardo II.a erregearekin Eskoziaren alde, "Erromaren alaba kuttuna"ren (Eskoziaren) alde, bitartekari lana egiteko, "gu, eskoziarrak, bakean utz gaitzan". Bukatzeko, aita santuari eskoziarren larruan jartzeko eskatzen zaio, baita adierazi ere ingelesek eragotzi egiten zutela eskoziarrek beren armada musulmanen kontra bidaltzea, eta eskoziarrek beren buruaren jabe, independente nahi zutela. Are, gauzak konpontzeko ezer egingo ez balu, agiriak aita santua egiten du errudun "kristauak hiltzen jarraitu direlako eta arimak galduko direlako". Guztiagatik ere, ez zuten Avignongo eliza agintariaren iritzia aldatu, ez berehala behintzat,[3][1] are, eskoziar erregeak eskumikatuta egoten jarraitu zuen.[1]
Neil Oliver historialariaren arabera, gaurko begietatik ikusita, Arbroatheko Aldarrikapena agiri harrigarria da, parerik gabeko independentzia aldarrikapena. Eskoziarren Europako zilegitasun politikoa indartu zuen. Gerora, sinbolismo nazional handiko ikur historikoa izaten jarraitu du eskoziarrentzat, Arbroatheko abadiarekin batera.[4]
Agiriak argi uzten du erregea 'herria'ri zor zaiola,[oh 2] eta trukean, behar bezala jokatuz gero, herriak erregea babestuko zuela, hura primus inter pares den neurrian.[3][5] Agiriak eta bere aurrekariak, Elizjendearen Adierazpenak, argi erakusten dute Joan Duns Eskotoren pentsamenduaren marka.[5] Agirian, dialektika gatazkatsu bat adierazten da, erregearen botere absolutuaren eta erregea kontrolpean edukitzearen artekoa, eta XVI. mendeko presbiterianismo indartsua (covenanters) hauspotu zuen (erregea 'herria'ren aurrean erantzule nahi zuten): bi indar horien arteko hitzarmenaren ideia da.[4][1] Alde horretatik, eragin handia izan zuen Amerikako Estatu Batuetako independentziarako mugimenduan, adibidez, Independentzia Aldarrikapenean, zati batean Arbroatheko Aldarrikapenean oinarrituta,[1] eta Konstituzioan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.