From Wikipedia, the free encyclopedia
Alua, bulba edo emakuntza ugaztun emearen kanpoaldeko sexu-organoen multzoa da. Gizaki emeen kasuan, pubis-mendian dago, baginaren sarreraren, klitoriaren eta gernu-meatuaren inguruetan.
Alua | |
---|---|
Emakume baten aluko atalak (ilea moztuta du). 1: Klitoriaren estalkia 2: Klitoria 3: Ezpain txikiak 4: Baginarako sarbidea 5: Ezpain handiak Irudi gehiago | |
Xehetasunak | |
Honen parte | Emakumearen ugaltze-aparatua Gernu-aparatua |
Konponenteak | Pubis-mendia klitoria Ezpainak pudendal cleft (en) vaginal orifice (en) |
Hona drenatzen du | internal pudendal veins (en) gainazal inginaleko nodo-linfatikoak |
Identifikadoreak | |
Latinez | pudendum femininum |
MeSH | A05.360.319.887 |
TA | A09.2.01.001 |
FMA | 20462 |
Terminologia anatomikoa |
Gizonezkoen zakilaren organo parekidea da, eta hortaz, sentikortasun handiko errai zutitzailea da. Zakilaren leize-gorputzek ezinbesteko papera jokatuko dute klitoriaren eraketan; izan ere, klitoriaren atal ezberdinak eratuko dituzte. Hainbat atal aztertu ahal izango ditugu:
Gorputz leizetsuek bi zutabe eratuko dituzte, perineo-mintzaren azalean kokatuz eta adar iskiopubianoetan ezarriz. Ondoren, bi zutabe hauek alde dortsalean bat egin eta klitoriaren gorputza eratuko dute. Azkenik, gorputzak protuberantzia moduko bat izango du, glandea izango dena. Glandea, gizonezkoenaren antzera, sentsitiboki oso inerbatuta egongo da, eta gorputzarekin batera, prepuzioz inguraturik egongo da. Hala ere, gizonen eta emakumeen glandeen artean bada desberdintasun nagusi bat: gizonezkoen kasuan glandea ez da gorputzaren eratorria.
Horrez gain, zutabe leizetsuak muskulu iskiokabernosoez estalita egongo dira. Hauek iskioaren tuberositatetik abiatu eta alde dortsaleraino hedatzen dira, eta nerbio pudendoak (S2-S4) inerbatuko ditu. Hauen funtzio nagusia zutabeen inguruan estutu eta odola klitoriaren gorputzera bidaltzea izango da, azken hau zuti dadin.
Azkenik, aipatu behar da ezarrita ez dauden gorputzaren zatiak lotailu bidez eutsi behar direla. Hau bi sexuetan ematen da, baina klitorian, zakilan ez bezala, lotailu bakarra egongo da, alde dortsalean kokaturik, gorputzetik sinfisi pubikoaren beheko aldera lotuko dena. Honen izena klitoriaren euspen-lotailua izango da.
Bestibulu-erraboilak perineo-mintzaren azalaldeari atxikituta daude, eta klitoriaren glandean ezartzen dira. Ezpain handien barnealdean daude kokatuta, muskulu bulboesponjosoak inguratuta. Bestibulu-erraboilak gizonen gorputz arolaren baliokidea den arren, esan beharra dago desberdintasun asko daudela haien artean.
Esan bezala, bestibulu-erraboilak muskulu bulboesponjosoz inguraturik egongo dira. Hauek perineoko zentro tendoitsutik aterako dira bagina-bestibuluaren alde banatara, eta klitoriaren alde dortsalean bat egingo dute berriro ere. Nerbio pudendoak (S2-S4) inerbatuko ditu, eta hauen funtzio nagusia bagina-zuloa estutzea izango da.
Ezpain nagusiak egitura ektodermikoak dira, ehun fibroadiposodun larruazalaren tolespen iletsuak, eta eskroto-poltsaren parekideak direla esan genezake. Aipatu bezala bestibulu-erraboilen gainean daude kokatuta, eta bertan amaituko da lotailu biribila. Horrez gain, aipatzekoa da aurrealdean Venusen mendiarekin jarraiak izango direla, atzealdean ezpain arteko komisura eratzen duten bitartean.[1]
Ezpain txikiak ehun fibroelastikodun larruazalaren tolespen oso finak dira, inerbazio handikoak, eta haien artean bagina bestibulua egongo da kokatuta. Ezpain txikiak aurrerantz banandu eta alboko eta erdialdeko tolesturak emango ditu, ondoren egitura desberdinak emango dituztenak. Alboko tolesturek bat egin eta klitoriaren prepuzioa eratuko dute; erdialdekoek, aldiz, bat egin, glandean ezarri eta klitoriaren frenulua emango dute. Azkenik, esan behar da ezpain txikiak atzerantz joan, bertan bat egin eta ezpainen frenulua eratuko dutela.[1]
Esan bezala, ezpain txikiek mugatuko dute, eta bertan uretra-zuloa eta bagina-zuloa izango ditugu. Lehen penetraziora arte (beste arrazoi batzuengatik ere hautsi daiteke), bagina-zuloa himenaz estalita egongo da; azken hau eraztun formako mintzezko egitura bat da.
Uretraren kanpoko zuloaren alboetan guruin parauretralen edota Skene guruinen zuloak aurkituko ditugu. Horiez gain, bestibulu-erraboilaren amaieran guruin bestibular nagusiak edo Bartholin guruinak ere egongo dira, eta ezpain txikien barneko azaleran drainatuko dute. Guruin hauek perineo-mintzaren azalean egongo dira kokatuta, eta haien funtzioa lubrikazioa izango da: Skeneren kasuan uretra lubrikatuko dute, eta Bartholin guruinek mukia jariatuko dute bagina lubrikatu eta koitorako prestatzeko.
Emakumeen kanpo-genitalen odoleztapena barneko arteria pudendoaren adar desberdinek egiten dute; barneko arteria pudendoa berez perineoa odoleztatzen duen arteria nagusia da. Dakigun bezala, barneko pudendoa barneko iliakoaren aurreko enborraren bukaerako adarretako bat da, zulo ziatiko nagusitik ateratzen zena, piramidalaren azpitik. Ondoren, arantza ziatikoa inguratu eta hodi pudendo edo Alcocken hodiari esker iritsiko da perineora. Hodi honetan pakete neurobaskularra eratuko du, nerbio pudendoarekin eta barneko zain pudendoarekin batera. Azkenik, adar ugari emango ditu; guk sailkapena zonaldearen arabera egingo dugu.[2][3]
Alcocken hoditik atera bezain laster, barneko pudendoak beheko ondeste-arteria emango du, uzki-esfinterra odoleztatuko duena.
Bertan, perineo-arteria egongo da, muskulu bulboesponjosoak eta iskiokabernosoak irrigatuko dituena, gizonezkoen kasuan bezala. Honek bukaerako adarrak ematen ditu, atzeko ezpain adarrak, hain zuzen ere. (Gizonezkoen kasuan, hauek atzeko adar eskrotalak izango lirateke)
Bertan hainbat emango ditu. Lehenik eta behin, bestibulu-arteria izango dugu, bestibulu-erraboila irrigatzeko. Bestalde, klitoriaren arteria sakona ere izango dugu, gorputz leizetsuen barrena joango delarik hauek odoleztatuz. Azkenik, klitoriaren arteria dortsala izango dugu, klitoriaren gorputza, glandea eta prepuzioa odoleztatzeaz arduratuko dena.[4]
Emakumezkoen perineoko eta kanpo-genitaletako zainek, gizonezkoetan gertatzen den moduan, arterien izen eta ibilbide berdinak izango dituzte. Zain denak barneko zain pudendoan amaituko dute, salbuespen bakarra egongo delarik. Hau klitoriaren zain dortsala izango da, eta maskuriko zain-sarean amaituko du. (Gizonezkoetan salbuespena azaleko zain dortsala izango da, eta kanpoko zain pudendoan drainatuko du)[3]
Genitaletako linfa guztia gongoil linfatiko lunbarretara joango da, bai aorta abdominalaren bai beheko kaba-zainaren aldamenetakoetara, alegia. Hala ere, aipatzekoa da kanpo-genitaletako zein baginaren behealdeko linfa lehenik eta behin iztai-gongoiletara joango dela, azaleko zein sakonetara, ondoren gongoil iliakoetara iritsiko delarik azkenean gongoil lunbarretara bideratzeko.
Pakete neurobaskularra barruko arteria eta zain pudendoek eta nerbio pudendoak eratuko dute. Nerbio pudendoa izango da beraz kanpo genitalen inerbazioaren arduradun nagusia. Nerbio pudendoa (S2-S4) nerbio mixtoa da, aurreko adarrek inerbazio motorra bideratzen dute-eta (muskulu iskiokabernosoak inerbatzen dituzte, besteak beste), atzeko adarrak inerbazio sentsitiboaz arduratzen diren bitartean. Orain azken honetan zentratuko gara.
Nerbio pudendoak hainbat adar sentsitibo emango ditu:
Aluan hainbat gaixotasun ager daitezke, eta hauek barne genitaletan ere eragina izan dezakete. Aluan ager daitezkeen patologien artean honako hauek aurki ditzakegu:
Ezpain nagusi eta venusen mendiaren inguruko azala, ezpain txikietako azal fina, bagina-bestibuluko mukosa hezea eta bertako mikroklimaren ondorioz, aluan gorputzeko beste eremu batzuetan baino gaixotasun infekzioso gehiago garatzen dira.
Askotan, bertako infekzioek aluko hantura edo bulbitisa eragiten dute. Hala ere, ohikoagoak dira aluan eta baginan batera ematen diren infekzioak, kasu hauetan hanturari bulbobaginitis esango zaio.
Bulbitisak izan daitezke:
Eragile etiologiko hauetako batzuk infekzio lokaletaz gain beste gaixotasun larriago batzuk eragin ditzakete (Giza papilomaren birusa adibidez, bagina zein aluko minbiziekin erlazionatu da)[2].
Ernal-sistemaren garapena bai kromosoma sexualekin zein autosomikoekin erlazionatuta dagoen prozesu konplexua dugu. Hasiera batean, ar eta emeen ernal-sistemaren garapena berdina bada ere, dimorfismo sexual baten ondorioz aldaketak emango dira bi sexuetan. Aldaketa horiek Y kromosoman dagoen gene-ezberdintzaile baten ondoriozkoak izango dira; SRY genea, alegia. SRY genearen adierazpena egonez gero, arren ernal-aparatuaren garapena emango da soilik, bestela, emearen ernal-aparaturako ezberdintzapena emango da. Aluari dagokionez, garapen enbrionarioan zehar zenbait akats eman daitezke, sinu urogenitalaren kanpoko ikuspegian aldaketa nabarmenak eragingo dituztenak:[8]
Himen atresia edo perforaziorik-gabeko himena
Bagina bestibuluaren eragabetasunik ohikoena da, jaioberri emeen %0,1 kasuetan ematen dena. Baginaren sarrera-zuloa oztopatuta dago eta hilerokoaren kanporaketa-kanalaren buxadura emango da. 15 urte baino gutxiagoko emeetan lehenengo sintomak agertu egiten dira, hala nola, min abdominala, hilerokoaren bidez jariatutako odol-fluxu zein koagulu edo odol-bilduak metatzen direlako. Gomendatutako tratamendua himenetomia da, bestibulutik himena erauziz sarbidea libre geratuko delarik. [9]
Emakumezkoen sasi-hermafroditismoa: sindrome adrenogenitala edo giltzurrun gaineko guruinaren hiperplasia
Heredaturiko 21-hidroxilasa entzimaren gabezia izango dute pazienteek. Entzima honek giltzurrun gaineko guruinean edo guruin adrenalean kokatzen den kortex geruzaren atal faszikularrean glukokortikoide eta mineralokortikoideen sintesian parte hartzen du eta, gabeziaren ondorioz, hormona hauen eskasia egongo da.
Horregatik, hipotalamo-hipofisi-adrenal ardatzen erregulazio mekanismoa piztuko da, hipofisitik ACTH edo adenokorikotropina hormonaren jariaketa emanez. ACTH-k guruin adrenalean androgenoen gehiegizko ekoizpena eragingo du. [10]
Honako ezaugarri hauek adieraziko dituzte sindrome hau duten pazienteek: XX kariotipoa (emea), normal garatutako barneko genitalak (hala nola, umetokia, umetoki-tronpa eta obulutegiak) eta kanpoko genitalen garapen-akatsak: klitoriaren hipertrofia eta baginaren ezpainen fusioa, kasu gehienetan.
Kanpoko ernalkinen gizontze-maila zehazteko, Praderren estadioak erabiltzen dira: [11]
Horiez gain, hirsutismoa, gantzaren pilaketa gorputz osoan zehar, hiponatremia, arritmiak eta hipotentsioa eman daitezke.
Tratamendua: glukokortikoideak, mineralokortikoideak eta, batzuetan, kirurgia.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.