![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/e/e7/Wikileaks_logo.svg/langeu-640px-Wikileaks_logo.svg.png&w=640&q=50)
WikiLeaks
From Wikipedia, the free encyclopedia
WikiLeaks, irabazi asmorik gabeko komunikabide eta erakunde mediatikoa, Julian Assange Australiako editore, erredaktore eta aktibistak 2006an sortu zuen. Erakundea, nagusiki, dohaintzen bidez eta beste komunikabide batzuekin elkarlanean finantzatzen da. WikiLeaksek ezaguna da sailkatutako dokumentuak argitaratzeagatik, iturri anonimoen bidez jasotakoak. Assangek, erakundean duen inplikazioagatik gaur egun Ameriketako Estatu Batuetara estraditua izateko eskaeraren kontra borrokatzen ari denez, Kristinn Hrafnsson-i utzi zion Wikileaks-eko zunzendaritza, zeina 2018ko irailetik erredakzio-buru baita.[1]
![]() | |
URL helbidea | http://www.wikileaks.org/ |
---|---|
Komertziala? | Ez |
Webgune mota | Dokumentu biltegia |
Erabiltzailea erregistratzea | Pribatua |
Hizkuntza(k) | ingelesez |
Jabea | The Sunshine Press |
Egilea | Julian Assange |
Argitalpen data | 2006ko abendua |
Egoera | Aktibo |
Erakundearen webguneak adierazten du hamar milioi dokumentu eta analisi bpasatxo argitaratu dituela. Argitalpen berriena 2021ekoa da, eta jatorrizko dokumentuen azken argitalpena 2019koa. Hala ere, 2022ko azarotik eskuraezinak dira erakundearen webguneko dokumentu asko .
WikiLeaksek hainbat gobernuk egindako giza eskubideen eta libertate zibilen urraketa larriak argitara ateratzen lagundu du. Zehazki, 2007ko uztailaren 12an Bagdaden egindako aireko erasoaren irudiak argitaratu zituen, «Hilketa kolaterala» izenburupean. Bertan, Reuters agentziako zenbait kazetari irakiar eta hainbat zibil hil ziren AEBetako helikoptero baten tripulazioaren esku. Erakundeak filtrazioak ere argitaratu ditu, besteak beste, AEBetako eta Saudi Arabiako kable diplomatikoak, Siriako eta Turkiako gobernuen mezu elektronikoak, eta Kenyan eta Samherji enpresa pribatuan ustelkeria agertzen duten dokumentuak.
Gainera, WikiLeaksek CIAk sortutako zibergerra eta zaintza tresnak argitaratu ditu, baita Frantziako presidentea AEBko Segurtasun Nazionalerako Agentziak (NSA) nola zaintzen duen ere. 2016ko hauteskunde presidentzialen kanpainan, WikiLeaksek AEBko Demokraten Batzorde Nazionalaren (DNC) eta Hillary Clintonen kanpaina zuzendariaren mezu elektronikoak argitaratu zituen, DNCk hauteskunde primarioetan Clintonen kanpainaren alde jokatu zuela erakusten zutenak, Bernie Sandersen kanpaina ahultzen saiatuz. Horrek DNCko presidentearen dimisioa eragin zuen eta Clintonen kanpainari kalte nabarmena eragin zion.
Gardentasuna areagotzeagatik, prentsa askatasunari laguntzeagatik eta erakunde boteretsuak desafiatzeagatik goraipatu duten arren, WikiLeaks kritikatu egin dute eduki batzuk modu desegokian kontserbatzeagatik eta pertsonen pribatutasuna urratzeagatik. Informazio pertsonal sentikorra ematea leporatu diote, hala nola, AEBetako Gizarte Segurantzako zenbakiak, osasun datuak, kreditu txartelen zenbakiak eta suizidio saiakeren xehetasunak. Clintonen eta Trumpen aldeko aurreiritziengatik, Errusiako Gobernuarekin elkartzeengatik, filtrazioen salerosketagatik eta barne gardentasun faltagatik ere kritikatu dute erakundea. Vault 7 argitaratu ondoren, CIAk WikiLeaks «estatukoa ez den etsaitasunezko inteligentzia zerbitzu» gisa definitu zuen.