Txikipedia:Urdaibai
From Wikipedia, the free encyclopedia
Urdaibai Oka ibaiak bere aho edo bokalean (itsasoratzen den lekuan) sortzen duen eremu gazi eta zingiratsua da. Bizkaian dago, Busturialdea izeneko eskualdean. estuario bat da, 230km²-ko azalera eta 20 kilometroko luzera duena. UNESCOk biosferako erreserba izendatu zuen 1984an. Horren bitartez, ingurune natural hau babestuta dago, eta, horrela, oreka interesgarria lortu da gizakiaren jarduera ekonomikoen eta naturaren artean.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/3/33/Urdaibai%2C_Bizkaia%2C_Euskal_Herria.jpg/640px-Urdaibai%2C_Bizkaia%2C_Euskal_Herria.jpg)
Euskal Herriko hezegune garrantzitsuena da; hezeguneak ia beti urez estalita egoten diren padura edo eremu hezeak dira, flora eta fauna oso aberatsa dutenak. Oso ondo kontserbatuta dago eta, horri esker, leku oso egokia da migrazio garaian bertatik igarotzen diren hegaztientzat. Hori dela eta, gainera, lege baten bidez, "hegaztientzako babesgune berezia" ere bada.