Txikipedia:Ilargia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ilargia Lurrak duen satelite natural bakarra da. Zerura begiratzean errazen aurkitzen dugun objektua da, nahiz hilero zenbait egunez desagertu egiten den. Batez ere gauez oso argitsua dirudien arren, berez ez du argirik: Eguzkiak ematen dion argiaren isla da guk ikusten duguna.
Gure satelite naturalaren izena hizki edo letra larriz (maiuskulaz) idatzi behar da: Gizakiak Ilargira itzuli nahi du. Beste planeta bateko sateliteak direnean eta pluralean erabiltzen denean, aldiz, hizki xehez idatzi behar da: Jupiterrek 63 ilargi ditu.
Gizakia Lurretik kanpo egon den espazioko objektu bakarra da. Hori 1969ko uztailaren 20an gertatu zen lehen aldiz, Neil Armstrong izeneko astronauta estatubatuarrak Ilargia zapaldu zuenean.
Eguzki-sisteman badaude beste satelite asko, kanpo-planeta handietan, eta horiei ere ilargi deitzen zaie. Kasu horretan, izen arrunt gisa erabiltzen dugu eta hizki edo letra xeheak erabiltzen ditugu haiei buruz idazteko; aldiz, gure planetak duen satelitea hizki edo letra larriz idazten dugu, haren izena baita.