Txikipedia:Astronauta
From Wikipedia, the free encyclopedia
Astronauta edo kosmonauta espazio-ontzi batean doan pertsona da. Espaziora joan zen lehenengo gizakia Yuri Gagarin izan zen. 1961eko apirilaren 12an joan zen espaziora, Vostok 1 izeneko espazio-ontzian.
Gizakiek ezin dute bizirik iraun espazioan beren kabuz; ingurunea ez da Lurrean dagoena. Horregatik, espaziotik isolatuta eta ondo-ondo itxita dauden espazio-ontzietan egon behar dute, eta oxigenoa eduki behar dute bertan arnastu ahal izateko (espazioan ez dago airerik).
Astronautek entrenamendu-programa oso gogorrak pasatu behar dituzte, eta matematika eta zientzia alorreko jakintza handiak eduki behar dituzte. Entrenamendu-programa horietan, ordenagailuz kontrolatutako simulagailuetan (espazio-ontzien antzekoak diren makina batzuetan) ikasten dute espazio-ontziak operatzen; simulagailu horietan, egiazko espazioan aurkituko dituzten baldintza berberak ipintzen zaizkie. Bestalde, astronautek oso sasoi eta osasun ona ere eduki behar dute, espazioan aurkituko duten grabitate-falta jasan ahal izateko.
Espazioan daudenean, astronautek esperimentu zientifikoak egiten dituzte normalean. Batzuetan, euren espazio-ontzia edo espazioan dauden beste tresna edo ekipo batzuk konpondu behar izaten dituzte; horretarako, batzuetan, espazio-ontzitik kanpora atera behar dute, eta, halakoetan, jantzi bereziak behar izaten dituzte, nahiko astunak, eta grabitaterik ezeko egoeran bizirik irauteko eta mugitzeko egokituak (oxigenoarekin, besteak beste).