Txikipedia:Hades
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hades, Greziar mitologian, hildakoen munduaren izena da, bai eta mundu horretan agintzen duen jainkoaren izena ere. Erromatar mitologian, aldiz, Pluton deitzen zaio. Hades jainkoa Krono eta Rearen semea, eta, Zeus, Poseidon, Hera eta Demeterren anaia da.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/7/71/Hades-et-Cerberus-III.jpg/320px-Hades-et-Cerberus-III.jpg)
Hadesek, beraz, azpimundu horretan agintzen zuen, hildakoen gainean, eta oso zorrotza zen hauekin: jendea hiltzen zenean, azpimundu horretara joaten zen eta ezin ziren bizien mundura itzuli. Horregatik, irudi askotan, Hades eskuan giltza bat zuela agertzen zen, hildakoen kartzelazaina zelako.
Hades bi zatitan banatuta zegoen: Zelai Eliseoak (gure zeruaren antzekoa) eta Tartaroa (infernuaren antzekoa). Hildakoak Akeronte ibaia zeharkatuz heltzen ziren Hadesera; horretarako, Karonte izeneko txalupazain bati txanpon bat ordaindu behar izaten zioten. Txanpon hori hildakoei mihi azpian jartzeko ohitura zegoen, jendeak sinesten baitzuen hori egiteko dirurik ez zutenak ibaiertzean geratzen zirela betiko, arima galduen artean. Ibaiaren beste aldea Zerbero izeneko hiru buruko txakurrak defendatzen zuen.