Txikipedia:Greziar kolonizazio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Greziar kolonizazioa K.a. VIII eta VI bitartean gertatu zen, greziar arkaikoek Mediterraneoko eta Itsaso Beltzeko kostalde batzuetan lurraldeak okupatu eta koloniak eta hiriak sortu zituztenean. Koloniak ura zegoen toki emankorretatik gertu sortzen ziren, bertako jatorrizko herrien erasoei aurre egiteko defendatzen errazak ziren tokietan.
Kolonizazio horiek jatorrizko hiriek antolatzen eta finantzatzen zituzten. Gainera, kolonietara emigratzen zuten herritarrek koloniaren sortze-gutunetan idatziz jasotako eskubide eta betebehar batzuk zituzten aitortuta.
Denborarekin, garai horretan sortutako kolonia berriek eboluzionatu egin zuten, hiri-estatu indartsu bihurtzeraino, eta euren metropolitik independizatu ziren, haiekin harremanetan jarraitzen zuten arren.
Greziar kolonizazioak, orokorrean, arrazoi ekonomiko eta demografikoengatik gertatzen ziren, batez ere. Polis edo hiri arkaikoetan, lur emankorrak urriak ziren, aristokraziaren esku zeuden, eta populazioa handitzean, biztanle askok lurralde berrien bila emigratu behar izan zuten. Bestalde, greziar poliseko artisautza eta merkataritza jardueretarako merkatu berriak ireki eta bertan urriak ziren lehengaiak bilatu behar zituzten, metalak kasu. Azkenik, txirotzeko eta zorrengatik esklabo bihurtzeko beldurragatik, hainbat herritarrek parte hartzen zuten kolonizazio horietan.