Txikipedia:Giza migrazio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Migrazioa edo migrazio mugimendua, gizakion kasuan, norbait bere bizilekua atzean utzi eta beste herrialde batera bizitzera joatea da. Migrazio mugimenduak historia osoan zehar gertatu dira. Gizakia sortu zenetik, populazio-taldeak leku batetik bestera mugitu izan dira, janari gehiagoren bila, edo lur edo klima hobeago baten bila. Askotan, gainera, migrazio-mugimenduak gerren ondorioz ere gertatu dira.
Bizilekuz edo jaioterriz aldatzen dena pertsona bakarra izan daiteke edo pertsona multzo txiki bat (familia bat); baina historiako momentu askotan, migrazio masiboak ere gertatu izan dira. Adibidez, XIX. mende osoan eta XX. mendearen lehen erdira arte bereziki, emigrazio masiboa egon zen Europatik Ameriketara. Batez ere nekazariak eta lanik gabe zeuden edo bizimodu oso latza zuten industriako langileak migratu ziren, gehienak Alemania, Irlanda, Erresuma Batua, Herbehereak, Italia, Frantzia, Espainia eta Portugaletik.
Ezagutzen diren datuen arabera, 1820-1930 bitartean, europar migratzaile gehien jaso zituzten herrialdeak honako hauek izan ziren:
Migrazioa jaso zuten herrialdeak (1820-1930) | Europar migratzaileak |
---|---|
Ameriketako Estatu Batuak | 32,5 milioi |
Argentina | 6,5 milioi |
Kanada | 5 milioi |
Brasil | 4,3 milioi |
Kuba | 1,3 milioi |
Gure garaiotara etorriz, azken hamarkadan ere asko handitu da hirugarren munduko herrialdeak utzi eta aukera berri baten bila herrialde aberatsetara abiatzen den pertsona kopurua.