Txikipedia:Biztanleria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Biztanleria edo populazioa leku jakin bateko biztanleen multzoari deitzen diogu.
Munduko biztanleria handitzen joan da etengabe; horren ondorioz, gero eta biztanle gehiago bizi gara Lurrean. Gaur egun, 7.000 milioitik gora pertsona bizi dira munduan.
XX. mendearen hasieran, 1.600 milioi inguru biztanle zituen gure planetak, eta 2100. urterako, ia 11.000 milioi biztanle egongo direla kalkulatu da. Batez beste, urtero 87 milioi lagun gehiago daude munduan.
Biztanle kopuruaren igoera azkar hau 1800. urte inguruan hasi zen, Europan eta Ipar Amerikan bereziki, iraultza industrialaren eraginez. Gizarte industrialetan, osasun-baldintzak eta elikadura nabarmenki hobetu ziren. Aldiz, XX. mendean, gizarte industrialetan biztanleria ez da asko hazi, jaiotza-tasa (hau da, jaiotzen diren umeen kopurua) asko jaitsi delako; alderantziz, munduko herrialderik pobreenetan, Afrikan, Asian, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan, jaiotza-tasa asko handitu da eta heriotza-tasa gutxitu: osasun-baldintzak eta elikadura han ere asko hobetu direnez, lehen baino ume gutxiago hiltzen dira gosez edo gaixotasunengatik, eta, oro har, gero eta bizi-itxaropen handiagoa dago; hots, jendeak bizitza luzeagoa du, batez beste.