From Wikipedia, the free encyclopedia
Fernando Aire Etxart, ezizenez Xalbador (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a - 1976ko azaroaren 7a) bertsolari ospetsu bat izan zen. Artzaina ere bazen.
Familiatik zetorkion bertsotarako grina, eta plazaz plaza eta saioz saioz haziz joan ziren Xalbadorren ospea eta sona. Bertso zuzenak, trinkoak eta zorrotzak kantatzeagatik gogoratzen dugu.
Bizitza, familia, baserria, fedea eta natura ziren bere gai nagusiak.
Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) bertso-bildumak eman zituen argitara.
1977an, ohorezko euskaltzain izendatu zuten.
Bere garaiko bertsolari-txapelketa eta sariketa gehien-gehienetan parte hartu zuen. 1946tik 1960ra bitartean, Hego Euskal Herriko bertso-saioetako asko irabazi zituen. 1980ko, 62ko eta 65eko Bertsolari Txapelketa Nagusietan hirugarren izan zen, eta 1967koan bigarren.
Bere jaioterrian bertan (Urepele) haren aldeko omenaldia ospatzen ari ziren egunean hil zen, bihotzekoak jota, 1976ko azaroaren 7an.
1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, eta bigarren amaitu zuen. Hala ere, urte hartako txapelketan protagonista nagusia izan zen; berak nahi gabe, baina.
Txapelketa-saioa Donostiako Anoeta pilotalekuan aurrera zihoala, Alfonso Irigoienek epaimahaikideen erabakien emaitza irakurri zuen: Xalbador bertsolaria, Uztapiderekin batera, txapelaren bila lehiatzeko azken fasera iragan zela.
Orduan ikus-entzule zenbait oihuka eta txistuka hasi ziren minutu erdiz, erabakiarekin bat ez zetozela agerian utziz. Beste batzuk, berriz, Xalbadorren alde txaloka hasi ziren. Uztapide eta Xalbador bertsolariak, mikrofonoen aurrean, isilik ziren. Azkenean, zalaparta artean ekin zion Uztapidek lehen bertsoa botatzeari, eta ondoren hasi zen bertsotan Xalbador, erabakiaren erantzukizuna berari ez zegokiola adieraziz. Txalo artean bukatu zuen bertsoaldia, bertso gogoangarri eta hunkigarri izan zen, eta, ordutik, areagotu egin ziren Xalbadorren aldeko keinuak eta zaleak. Hau da orduko bertso ospetsua:
«Anai-arrebok, ez, otoi, pentsa
neu're gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat ez nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik.»
Xalbadorren omenez, Xabier Lete kantariak abesti eder bat sortu zuen, Urepeleko artzaina izenekoa. Ospetsua da Erramun Martikorenak kanta horrekin egindako bertsioa ere.
Hauxe dio abestiak, besteak beste:
«Nun hago, zer larretan,
Urepeleko artzaina,
mendi-hegaletan gora,
oroitzapen den gerora,
ihesetan joan hintzana?»
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.