Txikipedia:Aho
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ahoa digestio-aparatuaren sarrera edo irekiera da; animalia gehienek gorputz-atal horretatik sartzen dituzte elikagaiak; ahoan mastekatzen da janaria, digestioaren lehen fasean, aho-fasean alegia. Gizakiek eta beste animalia askok buruan dute ahoa.
Bestalde, ahoaren bidez ura edan dezakegu, eta baita airea gorputzean sartu ere, sudurretik bezala. Sudurretik arnastea onuragarria da airea hezetzen delako. Hala ere, sudurra itxita egon daiteke, adibidez, hotzeria harrapatu dugulako eta marrantatuta gaudelako, eta orduan ahotik bakarrik har dezakegu arnasa.
Gizakiok hitz egiteko ere erabiltzen dugu ahoa, bai eta emozioak adierazteko ere aurpegiko keinuen bidez (irribarreak etab.). Animalia batzuek soinuak sortzeko erabiltzen dute, eta horrela, adibidez, beste animalia batzuk mehatxatzen dituzte. Dena den, soinuak ez dira ahoan sortzen, aldatu besterik ez dira egiten bertan; soinuak eztarrian sortzen dira.
Animalia askok mihi edo mingaina kanpora ateraz freskatzen dute gorputza, ezin direlako izerditu. Horixe da, adibidez, txakurrek egiten dutena.