Pabonatua, txarolatzea edo urdin-iluntzea[1] altzairuaren azalean oxido ilunezko geruza sortzeko prozesu industriala da, piezaren itxura hobetzeko eta haren korrosioa partzialki saihesteko.[2]

Thumb
Pabonatzeko instalakuntza.

Historia

Thumb
Grabatu tresnak, urdin-ilunduta.

Txarolatzearen jatorri zehatza ez da ezagutzen, baina errementarien artean jakinekoa zen altzairua berotu eta oliotan sartu ezkero, nabarmen gutxiago ugertzen zela. Piezak hartzen duen tonu urdinak teknika izendatzen du hainbat hizkuntzatan (bluing, bleuissage...). Pabonatu hitza ere gaztelerazko pavo (indioilo) hitzetik dator, hegazti honen lumajeak ere kolore hori duelako; txarolatu hitza, berriz, piezaren akaberak txarol motako larruaren itxura duelako.

Erabilera

Thumb
Z-62 STAR 2 subfusil txarolatua.

Armagintza: armen akabera arruntena da, eta beste prozesuek (kromatzea, nitruratzea, fosfatatzea) baino gutxiago babesten du oinarrizko metala.[3]

Damaskinatua: pieza mateatu ostean, eta sonbreatu baino lehenago erabiltzen da, oinarria ilunduz metal bitxiak nabarmenago uzteko.[4]

Erlojugintza: altzairuzko pieza finenak tratatzeko erabiltzen da.

Sukaldeko tresnetan, burdinurtuzko ontzietan erabiltzen da ugerra ekiditeko, eta janaria itsatsi ez dadin. Kasu honetan, sukaldeko olioa da babesa handiagotzen duena.[5]

Hainbat zaletasunetan erabiltzen da; pabonatzeko hainbat metodo daude, baita onena zein den argitzeko eztabaida asko ere.[6]

Thumb
Damaskinatutako pieza: altzairua pabonatuz, urrea nabariago geratzen da.

Ohiko pabonatu prozesua altzairu gainean magnetita (Fe3O4) geruza bat sortzean datza, burdinaren oxido beltza alegia. Halere, txarolatuak ematen duen babesa ez da osoa, eta pieza olioztatu egin behar izaten da, hezetasuna eta eragin galbanikoa ekiditeko. Oxido beltzak ez du piezak kromatzeak bezainbeste babesten, eta asko jota 2,5 mikrometrotako lodiera hartzen du. Hori dela eta, ez du prezisiozko piezen bolumena aldatzen (Fe2O3 oxido gorriak egiten duen bezala).[7]

Pabonatu prozesu desberdinak daude, tenperatura eta gai kimikoen nahasketa-formula aldakorrarekin, askotan sekretu industrialaren pean gordeta.[3]

Uger-pabonatua

Thumb
Burdinurtuzko zartagina.

XIX. mendeko armaginek erabiltzen zuten, metodo beroa garatu aurretik. Piezak azido geruza batez estaltzen ziren (nitrikoa edo klorhidrikoa, eskuarki), oxido gorriz uniformeki ugertu zitezen. Gero uretan irakiten ziren, azidoa kentzeko eta oxido gorria (Fe2O3) oxido beltz (Fe3O4) bihurtzeko. Ostean pieza sardez eskuilatzen zen,[8] uger aztarnak kenduz, kolore tonu egokia lortu arte. Azkenik pieza olioztatzen zen. Horrela akabera urdin iluna edo beltza lortzen zen. Gaur egunean, prozesu hau etxean egiteko zaleek hidrogeno peroxido, gatz eta ozpin soluzio bat erabiltzen dute, ez baitira hain arriskutsuak.

Sistema honen beste aldaera batean, piezak kutxa zigilatu batean sartzen dira azido ontzi baten ondoan, honen lurrunek metala ugertu dezaten. 12 bat ordu hor mantendu ostean, lehengo prozesu bera jarraitzen da (irakin, eskuilatu...).

Txarolatzeko sistema hauek luzeak eta neketsuak direnez, armagintza industrialean alde batera utzi ziren; halere, oraindik batzuetan erabiltzen dira, garai hartako armen konponketan edo erreprodukzioetan. Baita kanoi bikoitzeko zenbait armetan ere, pabonatu beroak soldadura ahuldu ez dezan.[9]

Pabonatu beroa

Bainu alkalino-gatzdun batean egiten da, nitrato potasiko eta sodio nitrato nahasketa, irakin puntura eramanda (135-155 °Celsius edo 275-311 °Fahrenheit). Piezak eskala handian txarolatzeko metodo egokia eta merkea da. Korrosioarekiko babes ona ematen du, ugertu daitekeen metal guztia magnetita bihurtzen baitu; halere, pieza olioztatuz osatu behar da.[10]

Pabonatu hotza

Denborarekin armek txarola galduz doazenez, produktuak saltzen dira konponketa txikiak hotzean egiteko, uger-pinportak handitu ez daitezen. Altzairuari kolore beltza edo gris oso iluna ematen diote, eta ohi bezala olioz lagundu behar da. Produktuotako batzuek selenio dioxidoa erabiltzen dute, kobre selenido geruza bat sortzeko. Konponketa batez ere estetikoa da, pabonatu hotzak ez baitu metala asko babesten (babestekotan, aukera hobea da konponketok uger-pabonatuaren bidez egitea).[11]

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.