Suite frantsesa
Irène Némirovskyren liburu saila, bost liburuki izan behar zituena / From Wikipedia, the free encyclopedia
Suite frantsesa (jatorrizko izenburua: Suite française) Irène Némirovsky (1903-1942) frantses (jatorriz, ukrainar) idazleak amaitu gabe utzitako eleberri sail bat da.
Suite frantsesa | |
---|---|
Suite française-ren eskuizkribuaren orri bat (Archives Irène Némirovsky/IMEC). | |
Datuak | |
Idazlea | Irene Nemirovsky (2004) |
Argitaratze-data | 2004ko irailaren 30a |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Suite française |
Hizkuntza | frantsesa |
Argitaletxea | Éditions Denoël (en) |
Herrialdea | Frantzia |
Orrialdeak | 434 |
ISBN | 978-2207256459 |
Sariak | Renaudot saria 2004an |
Euskaraz | |
Izenburua | Suite frantsesa |
Itzultzailea | Mikel Garmendia Ugarte eta Jose Antonio Sarasola Arregi |
Argitaratze-data | 2011 |
Orrialdeak | 469 |
ISBN | 978-8498682922 |
Idazleak eleberri sailaren edukia osatu nahi zuen 1940ko Frantziaren hondamendiaz, populazioaren ihesaz eta alemanen okupazioaz. Ideia Issy-l'Évêque-n (Morvan) mamitu zuen, han hartu baitzuen babes, 1940ko ekainean, senarrarekin eta bi alabekin batera. Vichyko gobernuak juduen aurka emandako legeei iskin eginda beste liburu eta testuak argitaratzera ahalegintzen zen bitartean, bost eleberri idazteko gomuta egina zuen, bere bizitzako obrarik garrantzitsuena izan nahi zuen hartarako. Ez zuen, baina, asmoa burutzerik izan: 1942ko uztailaren 13an atxilotuta, Auschwitz-Birkenau-ra iritsi eta hilabetera hil zenean, abuztuaren 19an, tifusak jota, «Tempête en juin» («Ekaitza ekainean») eta «Dolce» («Gozo») argitaratzeko moduan ziren, baina «Captivité» («Gatibualdia») hirugarren alea zirriborro bat besterik ez zen, eta azken bi aleak hasi-masietan zeuden, zirrimarra soilak ziren.
Idazlea hil eta ia 50 urtera, Denise Epstein (1929-2013) eta Élisabeth Gille (1937-1996) haren alabek amaren eskuizkribua atera zuten, umetatik gordeta zeramaten maletatik. Denisek lehen bi liburukien eskuizkribuaz egindako transkribatze lan xeheari esker, liburu gisa argitaratu ahal izan zen Frantzian, 2004an. Irakurleen eta kritikaren arrakasta harrigarri bat lortu zuen berehala, ez bakarrik Frantzian, baizik mundu osoan.
«Ekaitza ekainean» atalak jende eta familia batzuen ihesaren anabasa azaltzen du. Maila sozial guztietakoak izanik, haien bideak behin eta berriz gurutzatuko dira, satiraz betetako kontakizun baten bitartez bakoitzaren akatsak agertzeko. «Gozo» atalak frantziar herrixka baten hiru hileko bizitzaren berri ematen du, alemanen okupaziopean; kolaborazioaren eta erresistentzia apetaren artean zalantzaz beteriko giro batean, emakume gazte burges baten eta Wehrmacht-eko ofizier baten arteko amodioa agertzen da, zapalkuntza eta larritasun guztien erdian.
Bigaren Mundu Gerraren hastapeneko bizipenak bertatik bertara, une berean eta beroan azaltzeko saio literario bakanetako bat da Némirovskyren eleberri hau. Kontakizun errealista eta atsegin honek, indarkeria alboan utzi gabe, Okupazioaren garaiko frantziar gizartearen irudi errukigabe bat ematen du. Historia eta politika, baina, eleberriaren atzeko oihala besterik ez dira, gertakariek pertsonaien bizitzan eta jokabideetan duten eragina baita idazlearen benetako interesa. Musika egituretan oinarri hartuta ―izenburutik bertatik hasita―, Suite frantsesa eleberri moral bat dela esan daiteke, baina ez moralista: narratzaileak ez du inor epaitzen, baizik ironiaren eta xehetasunei darien kritikaren bitartez saiatzen da ikuspuntuak elkarren ondoan jartzen eta kontrastatzen.
Eleberri saila 2011n argitaratu zen euskaraz, lehenengoz, Suite frantsesa izenburuaz, Mikel Garmendia Ugartek eta Jose Antonio Sarasola Arregik itzulita. 2022ko azaroan, bigarren edizio bat kaleratu zen, «Ekaitza ekainean» atalaren bertsio berri batekin, Joxe Mari Berasategik euskaratua.