Rákóczi Hungariako Erresumako nobleziako familia izan zen, Transilvaniakoa, XIII. eta XVIII. mendeen artean. Haien deituraren idazkera zaharra, hungarieraz, Rákóczy da; eta Rakoczi nahiz Rakoczy idazkerak ere erabiltzen dira beste hizkuntza batzuetan.
- Gyorgy I.a, Transilvaniako printzea 1630-1648 bitartean (1593 - Sarospatak, 1648). Habsburgotarren aurka borrokatu zen Hungariaren burujabetasunaren alde, eta erreforma protestantearen aldeko neurriak hartu zituen (gurtza-askatasuna kristau guztientzat). Suediarekin elkartu zen 1644an Fernando III.a Habsburgoko enperadorearen aurka, eta gune protestante indartsu bat eratu zuen Gyulafehervar hiriburuan (egungo Alba Iulia, Errumania).
- Gyorgy II.a, Transilvaniako printzea 1648-1660 bitartean (Sarospatak, 1621 - Nagyvarad, 1648). Gyorgy I.aren semea zen, eta aitaren politikari jarraitu zion. Kodetan zehaztu zuen Transilvaniako legedia eta erreforma zibil garrantzitsuak abiarazi zituen, baina turkiarrak nagusitu zitzaizkion Transilvanian, Gyaluko guduaren ondoren.
- Ferenc I.a, Transilvaniako printzea (1645 - Makovica, 1676). Gyorgy I.aren semea zen, eta ez zuen benetako agintaritzarik lortu, turkiarren erasoaren ondoren. 1662an protestantismoa utzi eta katoliko bihurtu zen, amaren eraginez. 1666an Ilona Kroaziako ban edo printzearen alabarekin ezkondu zen, eta 1670ean habsburgotarren aurkako matxinada bat gidatu zuen Hungaria eta Kroaziako armadako buru gisa, baina huts egin zuen hurrengo urtean, eta bahi-sari handi bat ordaindu behar izan zuen preso hartu zutenean.
- Ferenc II.a, Transilvaniako printzea (Borsi, 1676 - Rodosto, Turkia, 1735). Ferenc I.aren hilondoko semea zen. 1688an Austriara eta, ondoren, Bohemiara eraman zuten, giro magiarretatik urruntzeagatik, baina 1694an Hungariara itzuli eta austriarren aurkako borrokara bultzatu zuten hango nobleek. Espainiako Erregetzarako Gerraren garaian (1700), habsburgotarrei eraso zien Frantziak lagunduta, baina preso hartu zuten (1701). Ihes egin eta Polonian babestu zen bi urtez. 1703an Hungariara itzuli eta laborarien matxinada gidatu zuen austriarren aurka. Garaipen batzuk lortu zituen hasieran, baina, frantsesen aldetik laguntzarik jasotzen ez baitzuen, Szatmárko Bakea hitzartu behar izan zuen Leopoldo I.a enperadorearekin 1711n. Erbestera jo behar izan zuen ondoren. Polonian eta Frantzian egon ondoren, 1717an Konstantinoplara jo eta austriarren aurkako armada antolatzeko agindua jaso zuen sultanarengandik. Austriarren eta frantsesen arteko bakea hitzartua zen dagoeneko, eta sultanak gerrarako asmorik ez zuela eta, atzera jo zuen Ferenc II.ak. Turkian eman zituen azken urteak.