![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/3/38/Quark.svg/langeu-640px-Quark.svg.png&w=640&q=50)
Quark
From Wikipedia, the free encyclopedia
Quarka oinarrizko partikula mota eta materiaren funtsezko osagai bat da. Quarkak hadroi izeneko partikula konposatuak eratzeko konbinatzen dira[1]; hauetako egonkorrenak protoiak eta neutroiak dira, nukleo atomikoen osagaiak, alegia. Orokorrean, ikus daitekeen materia guztia quark mota batzuez eta elektroiez dago osatuta.
Quark | |
---|---|
![]() | |
Elkarreraginak | elkarreragin nuklear indartsu, elkarrekintza nuklear ahul, elkarrekintza elektromagnetiko eta grabitazio |
Antipartikula | antiquark (en) ![]() |
Aurkitua |
Quarkek berezko zenbait propietate dituzte, hala nola karga elektrikoa, masa, kolore-karga eta spina. Partikula-fisikaren eredu estandarrean, quarkak oinarrizko lau elkarrekintzak jasaten dituzten partikula bakarrak dira: elektromagnetikoa, grabitazionala, elkarrekintza nuklear bortitza eta elkarrekintza nuklear ahula. Halaber, oinarrizko kargaren multiplo osoa ez den karga elektrikoa duten partikula bakarrak dira. Kolore-konfinamendua izeneko fenomeno baten ondorioz, quarkak ez dira inoiz isolatuta egoten; hadroien barruan baino ezin dira aurkitu.
Sei motatako quarkak daude, zapore deritzenak[2]:
- u (up, “gorantz”)
- d (down, “beherantz”)
- c (charm, “xarma”)
- s (strange, “arraroa”)
- t (top, “gaina”)
- b (bottom , “behea”)
U eta d quarkek, quark guztien masa baxuenak dituzte. Partikula-desintegrazio prozesua dela eta, quark astunenak azkar aldatzen dira u eta d quarketara; masa altuagoko egoera batetik masa egoera txikiagora bihurtzeko joera dagoelako beti. Hori dela eta, u eta d quarkak egonkorrak dira, eta unibertsoan ohikoenak; c, s, t eta b quarkak aldiz, energia handiko talketan baino ezin dira sortu.
Quark zapore bakoitzeko, antiquark izeneko antipartikula dago, haren propietate batzuk magnitude bera baina kontrako zeinua dutenak (karga elektrikoa, esaterako).