Protohistoria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Protohistoria historiaurrearen eta historiaren arteko trantsizio aldia da, ahozko tradizioetatik jasotako argibideak dituena.[1] Historiaurrea bukatu zenetik historia (idazkera) hasi arteko aldiari esaten zaio protohistoria; historiaren atariko aldia da, beraz. Dena den, ez du ez kronologia zehatzik eta ez kokaleku jakinik, zeren eta, Ekialde Hurbilean lehen zibilizazioak eta idazkerak sortu ziren garai bertsuan, Europa Eneolitoan bizi baitzen. Beraz, Europako herri gehienetan, oro har, Bigarren Burdin Aroan gertatzen da protohistoria; Ekialdeko Europa mediterraneoan lehenago eta Euskal Herrian, erromatarrak sartu ziren garaian, bigarren burdin aroaren amaieran alegia.
Ez da "aro" jakin bat, besteak diren moduan: brontze aroa, burdin aroa, antzinaroa, erdi aroa... kontzeptu historiografiko gisa erabiltzen da batez ere. Protohistoria ideia, idazkeraren lehen urratsekin dago lotutua erabat. Idatzitako iturrietan, eskualde edo herri bati buruzko lehen berriak ematen direnean, edota herri horrek idazten hasten denean, informazioa oso apurra eta sakabanatua izan ohi da eta horregatik, metodo arkeologikoak pisu handia du oraindik ikerketetan. Une horretan, banako pertsonai batzuren eta herrien izenak ezagutzen hasten gara, nahiz eta horiek kokatzea eta identifikazioa zaila izaten den.