From Wikipedia, the free encyclopedia
Prezipitazioa, meteorologian, zerutik erorita lurzorura ailegatzen den edozein hidrometeoro mota da (euria, elurra eta txingorra) eta horrek lurrera ekarritako ur kantitatea.[2] Meteorologian, prezipitazioak aztertzen dituen adarra plubiometria da.
Prezipitazioa ziklo hidrologikoaren zati nagusi bat da, ura lurzoruan ezartzen duelako. Hodeiek egiten dute prezipitazioa, eta lurzorura grabitateak eramaten du. Kantitatea eta maiztasuna, lekua eta urtaroaren arabera aldatzen da.
Ur-tenperatura eta kantitatearen arabera, prezipitazioak honako izenak har ditzake:
Harremana badute ere, virga edo vir[3], lanbroa edo ihintza ez dira prezipitazioak.
Hodeian ur isurkaria izateak ez du nahitaez esan nahi tenperaturak zero gradutik gorakoa izan behar duenik. Ur superhoztua delako fenomenoa dela-eta, zatikien txikitasunari esker, gutxienez minus hamabi gradu zentigradu iritsi arte (-12 °C), ura isurkari egoeran egoten da, eta ur eta izotz nahasketa bat izaten da minus hamabi eta minus hogeita hamar gradu artean (-12 °C eta -30 °C). Hortik aurrera, izotzezko kristalak nagusitzen dira, eta kristal horiek eratzen dute, minus berrogei gradu zentigradutik aurrera, oso-osorik hodeia.
Hodeiaren barnean dabiltzan haize lasterrek ura eta izotza nahasten dituzte. Nahasketa horren ondorioz, hodeiak egonkortasuna galtzen du, eta ondoren ur (ur eta izotz) lurrunezko molekulak sortzen dira.
Molekula horiek, kristalen gainean kondentsatu ondoren, oso laster hazten dira; aldi berean, airea “lehortzen” dute, eta ur tantak lurruntzera behartzen. Neurri aldaketak eraginda, prezipitazioa erortzen hasten da; horrekin batera, erortzen hasitako tantek beste ur tantak, superhoztuak, edota izotzezko kristalak jotzen dituzte, eta, bat eginda, are gehiago hazten dira. Airean eusten zituen indarra gaindituta, tantak orain lurreraino hel daitezke.
Hortaz, prezipitazioaren azken emaitzan zerikusia izango dute, hodei barneko eragileez gainera, hodeiaren azpialdearen eta lurraren artean dagoen aire geruzaren hezetasunak eta tenperaturak; alde batetik, egitura termikoak finkatuko du lurrera iritsiko den prezipitazioa gotorra edo isurkaria izango den; eta, bestalde, geruza horren hezetasunak baldintzatuko du prezipitazioaren zatikiak, behera egiterakoan, zenbatez lurrinduko diren, eta, hortaz, baita prezipitazioaren azken tamaina ere.
Itxura alde batera utzirik, hidrometeoro esaten zaie prezipitazio modu guztiei; hitz orokorra da, bere baitan kondentsazio modu asko hartzen dituena. Normalean bi eratako hidrometeoroak bereizten dira: sail nagusia euriak, elurrak, eta kazkabarrak osatzen dute, hodei sistemetan eratzen direnak, eta horiek izaten dira prezipitazio kopuru osoetan esanguratsuenak; bigarren sailean beste guztiak sartzen dira, jatorri eta ezaugarri desberdinak dituztenak, eta bigarren mailakoak direnak; horien artean daude ihintza, intzigarra, hodei tantaduna, etab., eta ezkutuko prezipitazio esaten zaie, ura erortzen ez ikusiagatik, lurra hala eta guztiz ere bustitzen dutelako; zenbaitetan prezipitazio “horizontal” esan izan zaie, “bertikalei” kontrajarrita.
Lurzoruaren leku jakin batean erortzen den prezipitazio-kantitateari plubiositatea deritzo. Hori neurtzeko zenbait instrumentu erabiltzen dira: euri-neurgailua edo plubiometroa, plubiografoa, radar meteorologikoa, eta abar. Prezipitazioa neurtzeko gainazal lau batean bildutako uraren altuera erabiltzen da milimetrotan neurtua (mm). Milimetro bat eta m²ko litro bat baliokideak dira.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.