From Wikipedia, the free encyclopedia
Nazaretar izena Erromantizismo garaiko alemaniar margolari talde batek 1785 urte inguruan euren buruari jarritakoa da. Estilo honek Nazaretar purismoa izenaz ere ezaguna da. Alemaniar erromantizismoaren talde piktoriko honek Erdi Aroko kristau artearen zintzotasuna eta espiritualtasuna berpiztea zuen goiburu.
XIX. mende hasierako giza eta historiko gatazkek iraganarekiko melankonia sortu zuten, baita espiritu nazionalaren berrezarpena ere, eta berrezarpen honetan alemaniar nazaretarrena izan zen margo-mugimendu arrakastatsuena.
1809 urteko uztailaren 10ean, Friedrich Overbeck eta Franz Pforr alemaniar margolariek, Vienako Akademia sortu zuten, Lukasbund zeritzona; San Lukeren kofradia, anaiartea edo kongregazioa, hain zuzen ere. San Lucas margolarien santu zaindari da eta hortik ziur asko Akademiaren izenaren jatorria.
Nazaretar izenak berak, Erdi Aroko kutsua du eta anaiarte honetako kideen margoaren oinarriak erlijioan eta artisau lan ederrean jarri nahi zuten, Errenazimendu aurreko margoen "egia eta garbitasuna" berreskuratzeko. San Lukas anaiarte hau, aro modernoko lehendabiziko elkarte artistikoa izan zen.
1810 urtean, akademiako neoklasizismoa alde batera utzita, Overbeck, Pforr, Ludwig Vogel eta Johann Konrad Hottinger anaikideak Erromara joan ziren eta bertan San Isidoro monasterio jabegabea hartu zuten; naturaz inguratuta, fraideen modura eta artisau baliabideen bidezko bizitza eramateko. Euren janzkera eta ile motots luzeak zirela eta, ironiaz, i nazareni, hots, "nazaretarrak" ezizenez deitzen zituzten eta hauek mugimenduaren izentzat onartu zuten. Haietako batzuk protestanteak baziren ere, katolizismora bihurtu ziren. Erdi Aroko gremioek ez bezala, norberak margolaritzari ekitea oinarritzat zuten, erromantizismo kutsuaz, norberekiko maitasuna eta misiolari kontzientziazko jarrerarekin.
Hastapenetako garai honetan, eragin handien sortu zuen margolaria, Pforr izan zen, sutsua eta irudimen handikoa bera; Erdi Aroko zaldunen irudien gogoa ekartzeko lanean tematua. Bera hil ondoren, Overbecken eraginpean, mugimendua erlijioari garrantzi handiago emango dio eta beraien artea erruki xumerantz hurbilduko da. Horrela bada, Rafaelen lehen garaiko artearen bertsio eskematikoa sortu zuten.
Komentuko elkarte honetan Düsseldorf eta Municheko artista hauek batu zirenː Wilhelm von Schadow, Peter von Cornelius (1811), Philipp Veit (1815), Julius Schnorr von Carolsfeld (1818), eta Alemaniako hainbat artista ere. Horrez gain Austriako Joseph Anton Koch (1768-1839) paisaia margolaria taldearen tutore antzeko bihurtu zen.
Peter von Corneliusen eragina nabaria da, hartara, bere sormenak berriztapen laiko batera bultzatuko zuen eta taldea fresko erraldoiak egiteari ekingo zion.
Sortu zuten fresko nabarmenena, Jacob Salomon Bartholdyk (1779-1825) agindutakoa izan zen. Bartholdy, Erroman zegoen Prusiako kontsul nagusia zen eta Palazzo Zuccariko gelen apainketa egitea eskatu zien, gaur egun Hertziana Liburutegiko gelak diren horiek. Hala bada, nazaretarrek Joseren Historia bibliako gaiarekin jatorrizko freskoaren teknika berreskuratu zuten. Quattrocento garaiko moduan margotu zuten eta lan horrek ospe handia eman zion taldeari, bereziki Peter von Corneliusi; izan ere , Düsseldorf eta Municheko akademiek lan horren ostean, Peterrekin harremanetan jarri ziren. Irudiaren neurri erraldoiak bat egiten zuen margoaren figurek adierazten zuten gorputzen eta keinuen indarrarekin. Fresko hauek, 1887 urtean erauzi zituzten eta gaur egun Berlineko Alte National Galeriean daude ikusgai.
Lan honen ostean, 1817 urtean, Carlo Massino markesak aginduta, bere Lateranoko etxea apaintzeko honako gai hauek zuten lanak egin zituztenː The Divine Comedy , Dante, Orlandok egindako omenaldia, Ariosto, Jerusalem askatu , Torquato Tasso eta Petrarca. Danteren omenezko gelatan, Corneliusek paradisua irudikatu zuen, Hornyk aldiz, lore eta fruitu girlandak.
Corneliusek Munichera alde egin zuenenan, markesak, Kochen aholkuei jarraituz, lanak bukatzeko Philipp Veiti eskatu zion baina honek bukatu ez zituenez, Kochek berak bere gain hartu zuen lana bukatzeko enkargua.
1827 urtean, markesa hil eta margolariak Asisera alde egin zuten eta urte horretan bertan, Joseph von Fuhrich margolaria taldera bildu eta berak bukatu zituen amaitu gabeko lanak.
Bartholdy etxeko freskoek sona handia hartu zuten Alemanian. Artista hauek idealismoa irudikatuz alemaniar margo estilo bat sortu zuten. Hala bada eta Munichen batez ere, nazioko arte monumentala berrizteko estiloa bihurtu zen.
1819 urtean Austriako enperadorearen bisita zela medio, nazaretarrek erakusketa bat antolatu zuten. Friedrich von Schlegel, Metternichen enperadorearen aholkularia bera, erakusketaren deskribapen sakon bat egin zuen eta enperadoreak arreta gutxi eman bazion ere, Bavierako oinordeko printzipeak, Luis I izango zena, erabat goretsi zituen eta Munichera joateko gonbidatu ere.
1830 urterako margolari bakoitzak bere bidea hartu eta taldea banandu egin zen. Gehienak Alemaniara itzuli ziren eta estatuko lanetan aritu izan zirenː
Schnorrek Munichera alde eta Fuhrick Pragara alde egin ostean, Overbeck Erroman gelditzen zen azken nazaretarra izan zen eta 1869 urtean zendu zen.
Estilo honek eragin handia izan zuen Europako hainbat margolariengan baina 1840 urteaz geroztik gainbeheran joan zen pintura errealistaren mesedetan.
Estiloa Philipp Otto Runge (1777 - 1810) margolari erromantikoa, nazaretarren aitzindari izan zen, akademisizmo klasisitaren aurka agertu zelako eta bere lanak agerian uzten dituen gaiak eta espiritualitasunagatik.
Nazaretarrek neo-klasizismoa, estetisizmoa eta errealismo pintura estiloak gaitzesten zuten. Hala bada, balio espiritualak adieraziko zuen artea berreskuratu nahi zuten.
Behe Erdi Aroko eta Errenazimendu hasierako artistengan inspirazioa bilatu zuten, batez ere Dürer, Fra Angelico, Perugino eta Rafaelengan; nabaria da baita barroko klasisistaren eragina. Hau guztia batuta, emaitza eklektizismo hotz bat da. "Eklektiko pintoresko" hau bat dator garai hartako arkitekturaren historizismoarekin.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.