Hotzeria, marranta, katarroa edo mafrundia normalean arinak diren birusek sortutako gaixotasun infekzioso bat da. Oso eritasun arrunta da, oro har eguraldi hotzarekin agertzen dena. Geure inguruan ez du aparteko arazorik sortzen, heriotza-tasa oso baxua dauka, eta pertsona ahulei ia beste inori ez dio konplikaziorik eragiten. Herrialde pobreetan, aldiz, arazo gehiago sortzen ditu, baldintza sozio-ekonomiko eskasak direla eta.
Errinobirus generoko birusek sortzen dute, gehienbat.
Hotzeria da ziur aski gaixotasun infekziosorik hedatuena, umeek eta helduek urtean zehar behin baino gehiagotan pairatzen dutena. Larria ez bada ere, laneko eta eskolako absentismo handia eragiten du [1]
Hotzeria gripetik bereizi behar da. Jatorria (birus ezberdinak) eta sintomatologiaren aldetik bi gaitzek ez dute zer ikusirik, jendeak sarritan biak nahastu arren [2]. Gripea hotzeria baino larriagoa da eta gorputzeko atal gehiago kaltetzen ditu.