From Wikipedia, the free encyclopedia
Margarita Porete, edo Marguerite Porrette, Beginen korrontearen mistika frantziarra izan zen. Arima soilen ispilua idatzi zuen, kristau-mistika liburua jainkozko maitasunaren nozioan oinarritua. Sutzarrean hil zuten 1310ean Inkisizio-epaiketa luze baten ondoren, ez baitzen liburuaz eta bere ideiez arnegatu.
Margarita Porete | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Hainauteko konderria, 1250 (egutegi gregorianoa) |
Herrialdea | Frantziako Erresuma |
Bizilekua | Valenciennes |
Heriotza | Paris, 1310eko ekainaren 1a (59/60 urte) |
Heriotza modua | heriotza zigorra: sutan errea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako frantsesa frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, mysticism (en) , oroitzapen-idazlea eta filosofoa |
Mugimendua | Beginak eta begardoak |
Iturri bakarrak ematen du Poreteren bizitzaren berri: heresia leporatuta jasan zuen epaiketaren kronika partzialek. Ziurtzat jotzen da XIII. mendearen erdialdean jaio zela eta Begina jainkozaleen korronte garrantzitsuarekin lotzen dute, Hadewych de Amberes eta Heilwige Bloemart bezala. Emakumezko horiek Jainkoari eta ekintza onei emanak bizi izan ziren, obligaziorik gabe komunitatean sartu edo fede-erregelari men egiteko. Valenciennes-eko aditu gehienen ustetan, Margarita Porete Hainaut eskualdean bizi izan zen. Bere liburuaren paratestuetan, Approbationes direlakoetan, “oso serora jakintsua” dirudi. Zenbait adituk Begardoekin ere lotu dute, nahiz eta harreman hori ahulagoa izan Beginekin duena baino.
Poreteren mistizismoa Le mirouer des simple ämes lanean ageri da. Bertan, Jainkoak ikuturiko Arimaren maitasuna aurkeztu zuen, eta Maitasuna eta Arrazoia jarri zituen hizketa alegorikoak egiten. Châlons-eko apezpikuari aurkeztu zion testua eta hark heresia leporatu zion, ziurrenik liburuaren doktrinek zituzten ondorio praktikoengatik.[1] Liburua 1306an erre zuten lehen aldiz, eta 1309an kondenatu berriro, Parisen. Inkisizioak idazlea bera kondenatu zuen 1310eko maiatzaren 31n eta sutzarrean erre ekainaren 1ean, Grèveko plazan. Hala ere, haren lanak iraun egin du: Inkisizioak latinera itzuli zuen, Speculum simplicium animarum izenburupean, eta itzulpen berriak agertu ziren italieraz eta ingeles ertainez XIV. mendearen amaieraz geroztik.
Beste zenbait eleizgizon edo emakume ez bezala, hala nola Juana Arc-ekoa edo Meister Eckhart, Eleiza Katolikoak kondenatu eta barkatuak, ez dirudi Poreteren izena birgaituko denik. Harik eta Romana Guarnierik 1946an ezagutzera eman zuen arte, inork ez zuen jakin zer lotura zegoen Le mirouer des simple ämes liburuaren eta Margarita Poreteren artean, izan ere, behin idazlea hilda, testua anonimo gisa kopiatuta edo gizonezko baten autoretzapean gorde zuten.
Izenburu osoak - Le mirouer des simple ames anientis et qui seulement demourent en vouloir et desir d’amour - bere baitan du Margarita Poreteren pentsamenduaren funtsa: Jainkoak ukituriko arima sinplea Jainkoaren desira eta borondatearen mendean jartzea.
Hasieran pikardieraz idatzia, latinera eta beste hizkuntza batzuetara itzuli zen, eta hedapen handia izan zuen. Alde batetik hizkuntzak eta, bestetik, Maitasuna, Birtutea eta Arima bezalako pertsonaien arteko elkarrizketa formato alegorikoak agerian uzten dute idazleak ezagutu egiten zuela maitasun gortesauaren estiloa. Halaber, idazlearen heziketa eta sofistikazio maila altuaren lekuko ere badira. Ia liburu osoak alderdi ezberdinen arteko argudio arrazional eta jakintsu bati jarraitzen diola dirudien arren, azken finean, Poretek defendatzen du arimak dena utzi behar duela alde batera, baita arrazoia ere. "Arima deuseztatuak" bertan behera utzi du dena, Jainkoa izan ezik. Liburuaren funtsezko ezaugarrietako bat da bere helburu guztiz praktikoa: Poretek doktrinak irakatsi nahi ditu aipatu "sinplifikazio" hori lortzeko, adibidez, irudien bidez.
Poreten epaiketa ezohikoa izan zen. Erdi Aroan mistika askok aldarrikatzen zuten bazutela harreman mistiko zuzena Jainkoarekin, kleroaren bitartekaritzarik gabe; eta haietariko asko, hala nola Hildegarda Bingen, Katalina Siena edo Brigitta Birgirsdottir, ez zituzten susmagarritzat jo.
Eliz-agintariek ohartarazi zioten Poroteri haren lana heretikotzat jotzen zutela eta Cambrai-ko apezpikuak jendaurrean erre zuen Arima soilen ispilua liburua Valenciennes.[2] Poretek hautsitako tabuetako bat izan zen liburua pikardieraz idatzia zuela, eta ez latinez. Dotrina eta liburua zabaltzeari uzteko agindu zioten eta, esandakoa bete ez zuenez, heresia leporatu eta atxilo hartu zuten.
Fiskaltzaren burua Guillermo París-ekoa dominikarra izan zen, berau Frantziako Inkisidore Handia. Epaiketan Margarita Porete ez zen bere liburuaz eta ideiez arnegatu, eta sutzarrean hil zuten 1310ean, Parisen.[3] Geroago, Elizak Arima soilen ispilua liburuaren zati batzuk erabili zituen Vienako kontzilioan Izpiritu Santuaren Ermandadea, hots, Begardo eta Beginak heresiaz kondenatzeko.[4]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.