![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/f4/Mkultra-lsd-doc.jpg/640px-Mkultra-lsd-doc.jpg&w=640&q=50)
MK Ultra proiektua
CIAren legez kanpoko programa, kontrol mentala ikertzekoa / From Wikipedia, the free encyclopedia
MK Ultra proiektua —batzuetan CIAren kontrol mentalerako programa bezala aipatua— legez kanpoko sekretupeko programa bati jarri zitzaion gako-hitza izan zen, Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIA) martxan jarria eta gizakietan esperimentuak egiteko pentsatua. Saiakera hauek substantzia eta prozedura berriak aurkitu eta garatzea zuten xede, galdeketetan eta torturetan erabiltzeko. Substantzia edo prozedura horiek norbanakoa ahultzen zuten eta kontrol mentalaren bidezko tekniken bidez aitormenak egitera behartzen zen.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/f4/Mkultra-lsd-doc.jpg/320px-Mkultra-lsd-doc.jpg)
CIAren Inteligentzia Zientifikoko Banaketak antolatu zuen proiektua, Estatu Batuetako Armadaren Operazio Berezien Zuzendaritzarekin batera.[1] Programa 1950ko hamarkadan abiarazi zen eta 1953an ofizialki zigortua izan zen, hala ere, 1964. urtera arte bere horretan jarraitu zuen programak; urte horretan ekintzak poliki murrizten hasi zen, harik eta 1973. urtean bertan behera utzi arte.[2] Programak legez kanpoko ekintza bat baino gehiago burutu zituen, adibidez, Estatu Batuetako eta Kanadako biztanle batzuk gogoz kontra hartu eta esperimentuak egin zizkien, horrek haren zilegitasuna deuseztatu zuen.[3][4][5][6][7] MK Ultrak hainbat metodologia baliatu zituen subjektuen egoera mentala aldatzeko, hala nola, LSD bezalako drogen bidez haien garun-funtzioak aldatu zituen; gainera, hipnosia, sentimen-gabezia, tortura era ugari eta ahozko zein sexu gehiegikeriak erabili zituen.[8]
MK Ultra oso proiektu zabala izan zen, 80 erakunde baino gehiagotan gauzatu baitzen, horien artean 44 college-ak eta unibertsitateak ziren eta besteak erietxeak, espetxeak eta botika-konpainiak.[9] CIAk erakunde hauek estalki gisa baliatzen zituen, nahiz eta bertako zuzendaritzako edo aginteko kide asko CIA egiten zebilena jakin.[3]