From Wikipedia, the free encyclopedia
Lluís Companys i Jover (Tornabous, Lleida, 1882ko ekainaren 21a - Montjuïceko gaztelua, Bartzelona, 1940ko urriaren 15a) kataluniar politikari eta abokatu izan zen, ideologikoki kataluniar abertzalea, Esquerra Republicana de Catalunyako buruzagia eta Kataluniako Generatitateko presidentea 1934tik eta Espainiako Gerra Zibilan zehar. Guda ostean erbesteratua, Gestapok, Alemania naziaren isileko poliziak atxilotuta eta Francisco Francoren gobernuari entregatuta, Bartzelonan fusilatu zuten.
Josep Companys eta Maria Lluïsa de Jover nekazarien semea, Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbidean Lizentziaduna, Companysek gaztetatik Kataluniako bizitza politikoan esku hartu zuen. 1906an, militarrek Cu-Cut! eta La Veu de Catalunya kataluniar abertzale aldizkarien idaztokiak erre zituzten eta Ley de Jurisdicciones deritzona onartu zen eta, Solidaritat Catalana egitasmo berrian esku hartu zuen. Gero, Unió Federal Nacionalista Republicanaren kide egin zen, haren gazte-taldeko lehendakaria izanik. Hori zela-eta, hamabost aldiz atxilotu zuten, 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa eta gero poliziako txostenek "gizabanako arriskutsutzat" jo zuten .
Francesc Layretekin batera, Companys Partit Republicà Català ezkertiar aldearen ordezkaria zen eta 1917an Bartzelonako zinegotzia hautatu zuten. 1920ko urrian, Salvador Seguí, "El Noi del Sucre", Martí Barrera, Josep Viadiu eta beste hainbat sindikalistarekin batera atxilotu zuten eta Maóngo Castell de la Molara erbesteratu zuten, Layret hil zutenean.
Nahiz eta erbesteratua izan, 1920ko abenduaren hauteskundeetan Companys, Layret hilaren ordez, Sabadellgo diputatu hautatu zuten. Horrexegatik, immunitate diplomatikoa lortu zuen eta espetxetik atera zuten.
1922an Unió de Rabassaires i Altres Conreadors del Camp de Catalunya sortu zuen, eta abokatu eta La Terra aldizkariaren zuzendari gisa lan egin zuen Primo de Rivera diktadura-garaian. Berriro atxilotu zuten, eta ezin zuen Esquerra Republicana de Catalunya sortu zuen 1931ko 12 eta 19en arteko ezkertiar bileran parte hartu, baina Partit Republicà Catalàren izenez zuzendaritzaren kide hautatu zuten. Lana eta sindikalismoaren munduan bere loturen esker, Companysek Kataluniako ezkertiar jendearen artean Esquerrari ospea eman zion, artean behe-burges aurrerakoi alderdi txikitzat jotzen zuten-eta.
1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan Bartzelonako udalerako zinegotzia hautatu zuten Esquerra Republicana de Catalunyaren izenean. Apirilaren 14ko eguerdian, Amadeu Aragay, Lluhí i Vallesà eta besteen artean Udaleko balkoira igo eta Katalunian Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen, Antonio Martínez Domingo alkatea kargutik kenduta.
1931ko apirilaren 16an Bartzelonako gobernadore zibil izendatu zuten, maiatzean Carles Esplàk ordezkatu zuen arte.
1931ko ekainaren 28an, Espainiako hauteskunde orokorrak zirela eta, Bartzelonako diputatu hautatu zuten. Espainiako Gorteetan Esquerrako talde parlamentariaren buruzagia zen. Haren zeregin nagusiak Kataluniako Autonomia Estatutuaren onartzea, Estatut de Núria izenekoa, nekazaritza erreforma eta emakumeen boto izan ziren.
1932ko urriaren 20an, Kataluniako Parlamentuaren hauteskundeak zirela eta, Sabadellgo diputatu hautatu zuten. Gero, abenduaren 19an, Kataluniako Parlamentuko lehen presidente izendatu zuten.
1933ko urtearen erdialdera arte, Companysek Gorte espainoletan diputatu eta Kataluniako Parlamentuaren lehendakariaren zereginak aldi berean egin zituen, Kataluniako parlamentuko lehendakaritza utzi zuenean Bigarren Errepublikaren Gobernuaren parte hartzeko. Gainera, ekain eta urriaren artean, Marina Ministroa izan zen.
Era berean, gaztetan hasitako kazetaritzari ekin zion: 1931ko urritik 1934ko urtarrilera arte La Humanitat, ERC-ko aldizkaria, zuzendu zuen.
Francesc Macià hil eta gero, 1934ko urtarrilaren 1ean Kataluniako Generalitatearen Presidente izendatu zuten. 1934 urtean Laborantza Kontratuen Lege eztabaidatua sustatu zuen, jabe handi eta Gobernu espainolaren kontra.
Confederación Española de Derechas Autónomas (CEDA)-k gobernua osatu eta udazkeneko 1934ko Iraultzaren ondoren, Generalitateko balkoitik 1934ko urriaren 6an ''Estat Català'' Espainiako Errepublika federalaren barruan aldarrikatu zuen.
Greba, UGT eta CNT-ek zuzenduta, Asturiasen matxinada armatua bihurtu eta gudarosteak menderatu zuen. Gudarosteak Katalunian ere eskua hartu zuen, laugarren dibisio organikoaren bitartez, Domingo Batet jeneralak aginduta. Companys Gobernu osoarekin batera atxilotu zuten, eta Bartzelonako portuan zegoen Uruguay itsasontzian espetxeratu zuten. Kataluniako Autonomia Estatutua etena, Madrila eraman zuten. Hantxe, ekainaren 6an, Konstituzio Bermearen Tribunalak, hamar boto alde eta zortzi kontra, matxinada karguagatik zigortu zuen hogeita hamar urte espetxe-zigorra eta behin betiko ezgaikuntza. Hori zela-eta, El Puerto de Santa María (Cadiz) espetxera eraman zuten.
1936an Herri Frontearen garaipenaren ondoren askatuta, Estatu-kolpe bat gertatuko balitz ere Frederic Escofet kapitaina hautatu zuen Katalunian Herri Ordenako Komisario orokorra.
Uztailaren 18ko kolpearen porrota Bartzelonan zela eta, Companysek Bartzelonako portutik atzerritar itsasontzietan beren seguritatea ezin baitzuen bermatu, errepublikako erregimenaren begikoa ez izateagatik, bost mila pertsona joaten uztea erabaki zuen.
Guda osoan zehar, Kataluniako Gobernuaren burua izan zen, alderdi eta sindikatu guztien arteko batasuna mantentzea saiatzen. Hala ere, hau oso zaia zen komunista eta sozialista Partit Socialista Unificat de Catalunyan elkartuak eta Lanaren Konfederazio Nazionaleko anarkisten arteko tentsioa zela eta, azken horiek POUMeko troskistekin batera.
1937ko urria eta gero, Juan Negrínen gobernua errepublikanoarekin liskar ugari izan zituen, azkena Bartzelonan zegoenean, eta 1938ko apirilaren ostean, Lleida galdu zenean, oso eskutitz latza idatzi zion Espainiako Gobernuko Presidenteari, jasaten ari zen bidegabekeriez eta Gobernu kataluniarren marjinazioaz arranguratuta.
Francoren gudarosteak Katalunia okupatu ondoren, 1939ko otsailaren 5ean Perpinyàra (Frantzia) erbesteratu zen, handik Parisa joan zen Generalitateko Erbesteko Ordezkaritzan (Consell Nacional de Catalunya) lan egitera. Handik Le Baule-les-Pinsera (Pirinio Atlantikoak) aldatu zen. Frantzian geratu zen, arriskutsua izan arren, bere semearekin, Lluís Companys i Micó (1911-1956), buru-gaixotasun larria pairatzen zuena, harremana ez galtzeko. Semearen ama lehendabiziko emazte Mercè Micó zen. Companysek Mercè dibortziatu zuen Carme Ballester, bigarren eta azken emaztearekin ezkontzeko.
Hantxe, 1940ko abuztuaren 13an, Gestapoko alemaniar agenteek atxilotu zuten eta abuztuaren 29an estraditatu zuten Irungo mugan. Epai berezi batek auzi-ihesean Espainiako Erantzukizun Politikoaren Legepean epaitu zuten eta, egunbeteko Guda Kontseilua nahikoa izan zuten zigorra ezartzeko. 1940ko urriaren 15ean fusilatu zuten Montjuïceko gazteluko Santa Eulàlia lubanarroan. Begietan loturarik nahi ez, eta Assassineu un home honrat. Per Catalunya! (euskaraz: «Gizon zintzo bat hiltzen ari zarete. Kataluniagatik!») oihukatzen hil zen.
Bartzelonan Montjuiceko Olinpiar Estadioak haren izena du: bertan 1992ko Olinpiar Jokoetako atletismo-probak egin ziren, eta egun Real Club Deportivo Espanyol de Barcelonak partidu ofizialak bertan jokatzan ditu.
Haren hilketaren 67. urteurrena zela eta, 2007ko urriaren 15ean, Kataluniako Parlamentuak haren epaiketaren baliogabetzea eskatu du.
84-8307-707-8.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lluís Companys |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.