Limoi-belar
From Wikipedia, the free encyclopedia
limoi-belarra (Cymbopogon citratus), lemongrass gisa ere ezaguna, Hego-ekialdeko Asiako gastronomian erruz erabiltzen den belarra da.[1]
Limoi-belar | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Poales |
Familia | Poaceae |
Leinua | Andropogoneae |
Generoa | Cymbopogon |
Espeziea | Cymbopogon citratus Stapf |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | lemon grass oil (en) eta Cymbopogon citratus leaf (en) |
Antzina-antzinatik Erdialdeko Amerikan eta, batez ere, Asia tropikalean, landare jangarri izateaz gainera, ohiko sendabelar izan dute digestioa errazteko, lasaitzeko, mina eta depresioak arintzeko, zauriak ixteko, eztula sendatzeko, etab. Genero honetako belar gehienen usain-zaporea zitriko peto-petoak dira; limoi aroma eta zapore gazi-gozo atseginekoa da. Fresko baliatzen da edo, bestela, lehortu eta hauts bihurturik, espezia gisara, infusioak, zopak, entsaladak eta currydun saltsak apailatu edo osatzeko, arrain-itsaskiak lurrintzeko, okela zurien (untxi, oilasko, indioilarra) marinatuak nabarmentzeko, etab.
Limoi-belarra, Poaceae familiako eta Cymbopogon landare-generokoa da, eta Asiako eskualde epeletan 55 espezie inguru ditu belar iraunkor mota honek. Planetan zehar biziki hedatua egoteaz gainera, sukaldaritzan eta farmakologian baliagarri denez, izen asko-asko ditu. Euskal Herriko profesionalak goi-sukaldaritzan aspaldi hasi ziren erabiltzen eta lemmongrass (limoi belar) deritzote.[1]