Lankide:Mariaalbizu/Proba orria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Karga elektrikoa materiaren propietate fisiko bat da. Elektrikoki kargatutako partikulek eremu elektromagnetiko batean erakarpen edo aldarapen indarra jasaten dute. Karga elektrikoa positiboa edo negatiboa izan daiteke (protoiek eta elektroiek garraiatzen dute hurrenez hurren). Zeinu bereko kargek elkar aldaratzen dute, eta kontrako zeinukoek, aldiz, elkar erakarri. Karga totala nulua denean objektua neutroa dela esaten da. Garai batean, kargatutako objektuen elkarreragitea elektrodinamika klasikoak aztertzen zuen. Gaur egun, efektu kuantikoak kontuan hartu behar ez diren kasuetarako baliagarria da. Karga elektrikoa kontserbazio propietate bat da; isolatutako sistema baten karga totala (karga positibo eta negatiboen batura) ezin da aldatu. Karga elektrikoa partikula subatomikoek garraiatzen dute. Materia arrunten kasuan, karga negatiboa elektroiek garraiatua da, eta karga positiboa atomoen nukleoetako protoiek. Materia batean elektroi kopurua protoi kopurua baino handiagoa bada, honek karga negatiboa izango du; aldiz, protoi kopurua handiagoa bada, karga positibokoa izango da. Elektroi eta protoi kopurua berdina bada gure materia neutroa dela esango dugu. Karga kuantifikatuta dago; askea izan daitekeen kargarik txikiena oinarrizko karga (e) da, zeinaren balioa gutxi gorabehera 1.602×10−19 coulombekoa[1] den (quark izeneko partikulek karga txikiagoak dituzte 1/3e-ren multiplokoak, baina ez dira quark askeak aurkitu). Protoiek +e karga dute eta elektroiek -e karga.
Karga elektrikoek eremu elektrikoak [2]sortzen dituzte eta karga higikorrek eremu magnetikoak. Karga elektrikoen eta eremu elektromagnetikoaren (eremu elektriko eta magnetikoaren konbinazioa) arteko elkarreragina indar elektromagnetikoaren [3]iturria da, hau fisikako oinarrizko lau indarretako bat izanik. Kargatutako partikulen artean, fotoiek eragindako elkarreraginen azterketari elektrodinamika kuantikoa deritzo.[4]
Sistema internazionalean, karga elektrikoaren unitatea coulomb da, Charles-Augustin de Coulomb fisikari frantsesarengatik. Ingeniaritza elektrikoan ampere-ordua (Ah) erabiltzea ohikoa da. Fisika eta kimikan oinarrizko karga (e) unitate gisa erabiltzea ere ohikoa da. Kimikak Faraday-ren konstantea elektroien mol baten karga gisa erabiltzen du eta orokorrean q hizkiak karga adierazten du.