Lankide:Maialenzaze/CRISPR
From Wikipedia, the free encyclopedia
CRISPRak (ingelesez Clustered Regularly Interspaced Short Palindromic Repeats, euskaraz Errepikapen Palindromiko Laburrak, Multzokatuak eta Tarteka Bateratuak[1]) bakterioen DNA-sekuentzien familiak dira. Bakterioei eraso egin dieten birusen DNA zatiak dituzte sekuentzia horiek. Bakterioek antzeko birusen eraso berrietan DNA detektatu eta suntsitzeko erabiltzen dituzte zati horiek eta, hala, haietatik eraginkortasunez defendatzeko. Sekuentzia horiek giltzarri dira bakterioak babesteko sistemetan, eta CRISPR / Cas9 teknologia ezagunean erabiltzen dira. Teknologia horrek eraginkortasunez eta espezifikotasunez aldatzen ditu geneak organismoen barruan. Termino teknikoagoetan, CRISPR sekuentziak base-sekuentzien errepikapen laburrak dituzten DNA-locusak dira. Errepikapen bakoitzaren ondoren, DNA espaziatzailearen segmentu motzak daude, birus baten pean egotearen ondorioz eratorri direnak.[2] Bakterio-genomen % 40tan eta arkeetako genoma sekuentziatuen % 90etan daude gutxi gorabehera.[3] Sarritan, espaziatzailearen segmentuak CRISPRekin lotutako proteina nukleasetarako kodetzen duten cas geneekin lotuta egoten dira. CRISPR/Cas prokariotoen immunitate-sistema da, zeinak kanpoko eragileen aurreko erresistentzia ematen dien, hala nola plasmido eta fagoen[4][5] aurrekoa eta, horrela, hartutako immunitate mota bat sortzen duen. CRISPRen espaziatzaileek sekuentzia espezifikoak ezagutzen dituzte, eta nukleasak elementu geniko exogenoak moztera eta degradatzera gidatzen dituzte, sistema eukariotikoetako iRNA-aren analogo gisa jokatuz.[2]
2013az geroztik, CRISPR/Cas sistema geneak editatzeko, gene espezifikoen sekuentziak gehituz, etenez edo aldatuz, eta, zenbait espezietan, geneak erregulatzeko erabili da.[6] Zelula bati Cas9 proteina eta RNA gidari egokiak txertatuz gero, genoma nahi den lekuetan ebaki daiteke, eta haren sekuentziak erabilitako gidarien osagarriak izango dira. Horri esker, geneak funtzionalki ezaba daitezke edo mutazioak sar dakizkieke, DNA konpontzeko zelularen makineriak egindako ebaketa konpondu ondoren, haien ondorioak aztertzeko. CRISPR/Cas9 sistemaren azken aldaketei esker, geneen transkripzioari ere eragin dakioke; horrela, geneen funtzionamendu-maila aldatzen da, baina ez informazio genetikoa.