Lankide:Joxan Garaialde/Deflazio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ekonomian, deflazioa ondasunen eta zerbitzuen prezio-maila orokorraren jaitsiera da[1]. Deflazioa inflazio-tasa % 0tik behera jaisten denean gertatzen da (inflazio-tasa negatiboa). Inflazioak dibisaren balioa murrizten du denborarekin, baina bat-bateko deflazioak handitu egiten du. Horri esker, lehen baino ondasun eta zerbitzu gehiago eros daitezke diru-kopuru berarekin. Deflazioa desinflaziotik bereizten da, inflazio-tasaren moteltzea, hau da, inflazioa tasa baxuagora jaisten denean baina oraindik positiboa denean[2].
- Ez nahasi Desinflazioarekin, inflazio-tasaren moteltzearekin, alegia.
Ekonomialariek, oro har, uste dute bat-bateko deflazio-shock bat arazo bat dela ekonomia moderno batean, zorraren benetako balioa handitzen duelako, batez ere, deflazioa ustekabekoa bada. Deflazioak atzeraldiak areagotu, eta deflazio-espiral bat ere eragin ditzake[3][4][5][6][7][8][9].
Ekonomialari batzuen ustez, deflazio-aldi luzeak ekonomia baten aurrerapen teknologikoaren azpian dagoenarekin erlazionatuta daude; izan ere, produktibitatea handitzen den heinean (FPG) ―ingelesez (TFP)―, ondasunen kostua murriztu egiten da[10].
Deflazioa, normalean, eskaintza handia denean gertatzen da (gehiegizko produkzioa gertatzen denean), eskaria txikia denean (kontsumoa murrizten denean) edo diru-eskaintza gutxitzen denean (batzuetan, arduragabekeriaz egindako inbertsioaren ondorioz sortutako uzkurdurari edo kreditu-murrizketaren ondorioz) edo ekonomiaren kapital-irteera garbi batengatik[11]. Lehia gehiegi eta merkatuaren kontzentrazio gutxiegiren ondorioz ere gerta daiteke[12]