Kittilä
From Wikipedia, the free encyclopedia
Kittilä (inarieraz, Kittâl; ipar samieraz, Gihttel) iparreko Lappi eskualde finlandiarrean dagoen udalerria da. Muinoen ugaritasunagatik Tunturi Lappi deitzen den azpieskualdean dago eta, guztira, 8.262 km²-ko azalera du. Finlandia osoko laugarren udalerri zabalena da eta sei mila biztanle pasatxo baino ez dauzkanez, biztanle dentsitate txikiena duen udalerrietako bat ere bada. Urtez urte biztanleria jaisten ez den Lappiko udalerri bakarrenetakoa dugu eta hau, Levi muinoko eski-azpiegiturei esker da. Kittilä hainbat herrik osatzen dute, baina aipatzekoa da biztanleriaren % 67 "Kittilän kirkonkylä" (euskaraz, Kittiläko elizatea) izeneko herrigunean bizi dela; beste herri garrantzitsu batzuk herrigunetik gertu dauden Kaukonen, Köngas eta Sirkka dira. Udalerriko jatorrizko biztanleak samiak dira eta eskualde hau Sápmi lurraldean dago. Dena den, gaur egun, samien kopurua biztanleria guztiaren ehuneko batera ere ez da iristen Sami Lurraldea erakundearen arabera; gehienak, elur-orein zaintzatik bizi diren abeltzainak dira [3].
Kittilä | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Kittilän kunta | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
![]() Lappiko eskualdea Tunturi Lappiko azpieskualdea | |
Alkatea | Sanna Ylinampa | |
Sorrera | 1854 | |
| ||
Koordenatuak | 67°39′25″N 24°54′30″E | |
Azalera - Ur-azalera |
8.262,92 km²[1] 168,66 km² (%2) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Samiera - Besteak |
6.358 (2017.08.31)[2] 0,79 bizt/km² (2016)[2] % 96,6 (ofiziala) % 0,3 % 3,1 | |
Webgune ofiziala |
Lehen aipatutako biztanleriaren mantentzea, 531 metro dauzkan Levi muinoko eski-estazioak erakarritako turismoaren ondorio zuzena da. Bertan, Finlandia osoko eski-azpiegitura natural onenak daude Ruka eta Ylläskoekin batera, eta udalerriaren biztanleria bikoiztu, hirukoiztu eta laukoiztu ohi du sasoiaren arabera. Gainera, urtero ehunka zale erakartzen dituen Munduko Eski Alpino Kopako lehen eslalom eski proba ere bertan ospatzen da azaro inguruan [4].
2008. urte bukaeran, Agnico-Eagle enpresa kanadarrak Kiistala eta Pokka herrien artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuen, udalerriko langabezia-tasa erabat murriztu zuena. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute adituek [5].