Kardaxoven eskala
zibilizazioak sailkatzeko metodoa / From Wikipedia, the free encyclopedia
Kardaxoven eskala zibilizazio baten eboluzio-maila neurtzeko erabiltzen den metodo bat da. 1964ean proposatu zuen Nikolai Kardaxov astrofisikari errusiarrak.[1] Zibilizazio batek bere inguruneko energia aprobetxatzeko duen gaitasunean oinarritzen da metodoa, hiru maila ezberdin daude: I, II eta III. mailak. Era esponentzialean handitzen diren maila horiek datuak ere ematen dizkigute aztertzen ari garen zibilizazioak bere inguruneko espazioan egin duen kolonizazioari buruz. Jarraian maila bakoitzeko zibilizazioek eduki beharko lituzketen ezaugarriak:
- I. mailakoa: bere planetako energia osoa ahalik eta egokien aprobetxatzea lortu du;
- II. mailakoa: bere eguzki-sistemako energia osoa menderatzen du;
- III. mailakoa: bere galaxiako energia osoa kontrolatu eta aprobetxatzen du.[2][3]
Gaur egun, gizadiak ez du lehenengo mailara iristea lortu, zehazki, 0,72 puntu ditugu oraintxe bertan. Hala ere, zientzialarien arabera, hemendik 100-200 urtera lehenengo mailara iristea lortuko dugu, hemendik milaka urte batzuetara 2. mailara eta 100.000 urtetik milioi bat bitartera beharko ditugu hirugarren mailara heltzeko.[4]