Joseba Altuna
euskal idazlea (1887-1971) / From Wikipedia, the free encyclopedia
Joseba Altuna Aldasoro (Indautxu, Abando, Bilbo, Bizkaia, 1887ko abenduaren 7a - ib., 1971ko uztailaren 27a) euskal idazlea izan zen, Amilgain goitizenarekin ere ezaguna zen. Gerra aurreko euskararen sustatzaileetariko bat izan zen. Euskaldun berria, euskara-irakaslea, garaiko aldizkarietako kolaboratzailea, itzultzaile oparoa eta Pizkundeko ekintzailea XX. mendearen hasierako Bilbo gorabeheratsu hartan.[1][2][3]
Joseba Altuna | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1887ko abenduaren 7a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1971ko uztailaren 27a (83 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Itsas Makinisten Elkarte Nagusian hasi zen administrari-lanetan; irakaskuntzan 1918an hasi zen, Bilboko Muxika udal-eskolan euskara-irakasle, eta 1920an Bizkaiko Aldundiko Euskal Hizkuntzaren Katedrako irakasle izendatu zuten. Inés Okamikarekin ezkondu zen 1915ean, eta 6 seme-alabaren gurasoak izan ziren. Gerran, Posta kaleko 7an zeukaten etxea bonbardatu zuten; etxea ez zuten berreraiki gero; Plaza Barriaren inguruan dagoen etxe-hutsune bakarrean zegoen etxea, Posta kalera ateratzeko irteeran. 1937an Leizaola abian jarri zuen Kulturaren Euskal Kontseiluko partaide izendatu zuten. Gerraren ondoren, Katedran bere postutik garbitu zuten, eta gerraostean aseguruen salmentatik bizi izan zen, nahiz eta euskara-klaseekin jarraitu zuen bere etxe partikularrean, artean Erribera kalean.[4]
Gazterik ekin zion euskara ikasteari eta sustatzeari. Gero, irakasle-lanpostua eskuratuta, irakasten ez eze, hainbat literatura-lan itzultzen ere jardun zuen, euskarazko irakurgaiak sortzeko eta irakurzaletasuna suspertzeko asmoz.[1]
Alaba nagusia, Libe Altuna Okamika (1916-1993), Bizkaiko ikastolen mugimenduaren bultzatzailea izan zen, eta 1968an Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzarrean parte hartu zuten lau emakumetako bat izan zen (besteak Julene Azpeitia, Julita Berrojalbiz eta Miren Goñi izan ziren).[5][6]
« | Neure bixitzan beste bat idoro dot aren antzekua. «Amilgain» eta «Kirikiño» euzkel-idazlien arteko mattagarrijanak ixan yataz, bata bixi da, bestia il zan. Bixi danari goralbenik egitia ez ei-da egoki, baña bua goralben au, ain aipagarri dan «Amilgain» onari. | » |