From Wikipedia, the free encyclopedia
José Salamanca Mayol (Malaga, 1811ko maiatzaren 23a – Madril, 1893ko urtarrilaren 21a) espainiar negozio gizon, politikari eta noblea izan zen. Espainiako burdinbidearen bultzatzaile nagusietakoa izan zen, baita herrialde horretako gobernuko finantza ministro eta, 1847an, de facto herrialde horretako lehen ministroa ere.[1]
José Salamanca | |||||
---|---|---|---|---|---|
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | José de Salamanca y Mayol | ||||
Jaiotza | Málaga, 1811ko maiatzaren 23a | ||||
Herrialdea | Espainia | ||||
Heriotza | Madril, 1883ko urtarrilaren 21a (71 urte) | ||||
Hobiratze lekua | San Isidroko hilerria | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | Granadako Unibertsitatea | ||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | politikaria eta ekintzailea | ||||
Lantokia(k) | Madril | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Alderdi politikoa | Alderdi Moderatua |
Elisabet II.a erreginaren agintaldian nabarmendu zen. Madril hiriaren zabalgune baten bultzatzailea izan zen, eta hiri horretako Salamanca auzoak bere izena darama.[2] Bizitzan zehar gorabehera ugari izan zituen[1] eta, uneren batean, Espainian inork ez zuen berak beste ondasun.[2] Maria Kristina Bi Sizilietakoa erreginordea zegoen bere bazkideen artean. Negozio gizon gisa, Espainia modernoa itxuratu zuten proiektu ugaritan murgildu zen: burdinbideak, hiri auzoen eraikuntza, bankuak eta inbertsioak; aldi berean, negozio eta politikako hainbat ustelkeria kasuri lotuta zegoen.[3]
Ordu arte ia jarduerarik gabeko Madrilgo Burtsa indarra hartzen hasi zen 1841ean, I. Karlistaldia amaituta. Bertan, espekulazioan aberasteko prest zeuden Madrilgo finantzariak eta merkatariak nabarmendu ziren, eta tartean zen José Salamanca.[4] 1844an, María Kristinaren Burdinbide Konpainiako akzioduna zen, Manuel Larak Madril-Alacant linea egiteko sortutako konpainia. Aldiz, egitasmo horrek porrot egin zuen, eta José Salamanca geratu zen linearen esleipenarekin.[5] Une hauetan, Rothschild familiaren agentziarekin aritu zen tratuan garrantzi bereziko Espainiako negozioetan (Almadéngo mehatzak, etab.), baita Espainiako gobernuan sartu ere 1847an.[6]
1856ean, hainbat ahaleginen ondoren, Madrid-Almansa burdinbide tartea Morny, Chatelus, Delahante eta Le Honi (Grand Centraleko (fr) zuzendaritza eta Rothschildarrei saldu zien, baina Almansa-Alacant tartearekin geratu zen oraindik, artean eraikitzen ari zirela. Hala ere, hitz eman zien tarte hori gero 170.000 frantses libera/kilometrotan salduko ziela, guztira 15.980.000 frantses libera. Abenduaren 7an, eztabaida askoren ondoren, Salamancak (Almansa-Alacant Konpainiak) bere buruarentzako baldintza abantailatsuetan saldu zien Rotschildarrei (James Rothschildi), Mornyko dukearen kaltetan (Grand Central).[7]
Ia berehala Madriletik Zaragoza eta Mediterraneorako Burdinbide Konpainia sortu zen 1856ko abenduaren 31n (10 egunetan izena zertxobait aldatu zioten, MZA sigletan laburtua), eta Salamanca konpainia berriko administrazio kontseiluko kide izan zen.[8] Hala ere, gutxira MZAtik aldentzen hasi zen. 1859ko abenduan, Zaragozatik Iruñerako Burdinbide Konpainia sortu zuen eskuratua zuen gobernu esleipenari esker. Bere interesa, orduan, linearen esleipena MZAri saltzea izan zen, Rothschildarren eskuetan. Asmoa ez zitzaion nahi bezala atera, eta 1863an burdinbideen negozioa utzi zuen, higiezinetara lerratuta. Aldiz, horretan ere huts egin, eta 1868an negozioa hondoratu egin zitzaion.[9]
Madrilgo burtsa hazkorraren inguruan bildutako bankari eta merkatariek kezkaz ikusi zuten 1847an Espainiako gobernuak sozietate araubidea bertan behera uzteko zeukan asmoa. Testuinguru horretan, burtsaren inguruko taldeak ("puritanoak"), Salamanca buruan zuela, ezkutuki jokatu zuen Ama Erregina eta Isabel II.a baliatuz Sotomayorreko kondearen kabineteari konfiantza kentzeko, eta Joaquín Pachecoren gobernu berria izendatzeko (1847ko martxoa). Gobernu berrian, Salamancak Ogasun Ministerioaren ardura hartu zuen, eta hainbat neurri hartu krisiari aurre egiteko. Pachecok lehen ministro izateari utzi zionean, Salamanca aritu zen de facto lehen ministro lanetan. Bere ibilbide arriskatua, baina, 1847ko urrian amaitu zen Ramón María Narváezek oihuka (eta, batzuen esanetan, ezpata eskuan) ministroen kontseiluaren bilkura desegin zuenean.[10]
Luze gabe, lehen ministro berri Florencio García Goienak Salamanca kargugabetu zuen, gorteetako batzorde batek ikerketa baten jomugan jarri baitzuen, legez kanpoko jardueretan aritzearren. Salamancaren ibilbide politikoak kolpe gogorra hartu zuen. Narvaezek lau urtean hirugarrenez lehen ministro ardura hartu zuenean, Salamanca Frantziara erbesteratu zen, eta bertan egon zen 1849 arte. Itzuli ere egin zen, baina 1854an bigarren aldiz erbesteratu zen, Biurteko Progresistaren etorrerarekin, Salamanca begitan hartu baitzuten bereziki. Biurteko hori amaitzean, berriz, Salamancak bizi arteko senatari titulua hartu zuen Espainiako Gorteetan.
« | (1854ko) Ekainaren 28 entzutetsu arte, sozietate bat komanditan existitu izan da agio guztiak, negozio guztiak ustiatzeko, eta horiek herrialdeak bere odolez ordaindu behar izan ditu. Kristina zuen buruzagi, eta Salamanca gerente, immoralitatearen munstroa; jende arruntak dioen bezala, Kristinaren izen-mailegatzailea. Espainia komertzialeko burdinbidearen negoziora aurkeztea eta, goseak jotako otsoak bezala, komandita guztietara oldartzea, inork ez zuen miretsi, ez baitzen mirestekoa. | » |
—La Ilustración egunkaria, 1854ko uztailaren 24a, Biurteko Progresistan, Salamanca erbestean zela |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.