euskal politikaria eta abokatua From Wikipedia, the free encyclopedia
Jone Goirizelaia Ordorika (Bilbo, Bizkaia, 1956ko urriaren 30a) abokatua eta politikaria da. Bereziki ezaguna ezker abertzaleko militante eta politikaria izateagatik eta baita ETAko kideen abokatu defendatzailea izateagatik ere.
Jone Goirizelaia ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Iñaki Goirizelaia ingeniaritzan doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiaren arreba da.[1]
Ruper Ordorika abeslari eta musikari gipuzkoarra du lehengusua,[2] amaren partez.
Deustuko Unibertsitatean zuzenbidea ikasi zuen, Iñigo Iruinekin batera.
Iñigo Iruinekin batera erreferentea da ezker abertzaleari lotutako abokatuen artean. Nabarmen agertzen da Auzitegi Nazionaleko epaiketetan, eta ETAri laguntzea leporatzen dieten ezker abertzaleko kideen aurkako defentsa-lanak egin ohi ditu. Beste kasu batzuen artean, Iñigo Cabacasen familiaren interesak ere defendatu ditu.[3]
Nazio Entzutegian errespetu profesionala diote Joneri. Bikain ezagutzen du eremua, baliabideak bikain erabili, formalismoak aztertu eta errespetuz jarduten du beti.[4]
Jone Goirizelaiak Bilbon dauka abokatu bulegoa Bidebarrieta Abokatuak deitua,[5][6] Kepa Landarekin batera, besteak beste.
1990eko hauteskundeetan, Herri Batasuneko (HB) legebiltzarkide hautatua izan zen Eusko Legebiltzarrean, eta HB eta Euskal Herritarrok (EH) taldekide modura kargua berritu zuen 2005era arte. Urte horretan ezin izan zen berriro hauteskundeetara aurkeztu, Espainiako Alderdien Legea aplikatuz Batasuna legez kanpo geratu zelako.
Ahotsak kolektiboko kide izan da. Euskal gatazkari irtenbide elkarrizketatua eta indarkeriarik gabea ematearen aldeko sentsibilitate politiko desberdineko emakumeen kolektiboa da, eta 2006an sortu zen, Rodríguez Zapateroren gobernu sozialistaren ETArekiko bake-prozesuan zehar.
2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Euskal Herria Bilduren (EH Bildu) Bizkaiko hautagaitzaren zortzigarren lekua hartu zuen, baina ez zen hautetsia izan. Oskar Matutek Kongresuko diputatu aukeratzeari uko egin ondoren, Eusko Legebiltzarreko diputatu aktaz jabetu zen 2016ko uztailaren 18an.[7] Akta berritu zuen 2016ko iraileko hauteskundeetan.[8]
2019an EH Bilduk Bilboko alkategai izateko aurkeztu zuen bere burua, zinegotzi kargua lortuz.[9][10]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.