James Webb (teleskopioa)
2021ean aireratuko den espazio teleskopioa / From Wikipedia, the free encyclopedia
James Webb espazio-teleskopioa (ingelesez, James Webb Space Telescope, laburki JWST) 17 herrialderen arteko auzolanari esker garatu den espazio-behatoki bat da.[2] NASA, ESA eta Kanadako Espazio Agentziak (CSA), gailuaren sorkuntza eta erabileraren arduradunek, Hubble eta Spitzer espazio-teleskopioen ordezko teleskopiotzat daukate JWST.[3][4] JWSTk inoizko bereizmen eta sentsibilitate handienak lortuko ditu eta, argi dago, kosmologia eta astronomiaren alorretako ikerketak eta azterketak bultzatuko dituela.[5] Teleskopio honen helburu nagusietako bat urrutien dauden objektuak behatzea izango da eta, horretaz gain, oso urruti jazo ziren gertakariak aztertzeko aukera emango du, hala nola, unibertsoan sortu ziren lehenengo galaxien sorrera. Aipatu ditugun helburu horiek gaur egungo tresneriarekin gauzatzea ezinezkoa da, amets hutsa da oraingoz. Teleskopio honek izarren eta planeten sorrerak aztertu eta noben zein exoplaneten argazkiak aterako ditu.
Informazio orokorra | |
---|---|
Erakundea | NASA, ESA, CSA[1] |
Kontratista nagusiak | Northrop Grumman Ball Aerospace |
Misioaren hasiera eta amaiera | |
Jaurtiketa data | 2021eko martxoa |
Jaurtiketa lekua | Kourouko Portu Espaziala |
Jaurtigailua | Ariane 5 |
Misioaren iraupena | 5-10 urte |
Ezaugarri teknikoak | |
Masa | 6200 kg |
Orbita-ezaugarriak | |
Orbita-mota | Eguzkia-Lurra Halo orbitako L2 puntua. |
Kokalekua | Lurretik 1,5 milioi kilometrora |
Tresneria | |
NIRCam | Hurbileko infragorri kamera |
NIRSpec | Hurbileko infragorrien espektografoa |
MIRI | Distantzia ertaineko infragorridun kamera |
NIRISS | Hurbileko infragorri bidezko argazkiak eta Slitless espektografoa |
FGS | Gida meheko sentsorea |
Teleskopioaren ezaugarri tekniko nagusietako bat lehen mailako ispilua da, 18 segmentu hexagonalez osatua; denak batzen baditugu, ordea, 6,5 metroko diametroa (24 oin eta 4 hazbete) duen ispilu bat lor dezakegu. Beraz, Hubbeleren 2,4 metroko ispiluarekin (7,9 oin) alderatuta, hobekuntza esanguratsuak lortuko ditu teleskopio berriak. Argi-babeskia ere aipatzekoa da. Teleskopioa Lurra-Eguzkia L2 Lagrangeren puntuan jarriko da abian, Kaptonezko bost xaflaz osatutako argi-babeski batek babestuko du eta, gainera, hori silikonaz eta aluminioz estalita egongo da (ispilua mantentzeko). Era horretan, teleskopioaren lau instrumentu nagusiak zero absolututik hurbil dauden tenperaturetan mantenduko dira. Hubble gai da espektro ultramore hurbilekoa, ikusgaia eta infragorri hurbilekoa behatzeko; JWSTk, aldiz, uhin-luzera luzeko argi ikusgaia (laranjatik gorrira) behatzeko gaitasuna edukiko du, bataz besteko infragorri-tartearen bidez (0,6-tik 27 μm-era). Horri esker JWSTk astronomiaren hainbat azpiadarretan sakondu ahalko du, orain ezinezkoak diren ikerketak eginez.[6] Adibidez, sortu ziren lehenengo izarrak, berrionizazioaren garaikoak, eta lehenengo galaxien sorrera ikertu ahal izango ditu; gainera, ondorengoei argazkiak ateratzeko gaitasuna izango du: hodei molekularrak, izarrak sortzen diren lekuak, gorriranzko lerrakuntza altuegia duten gorputzak eta Hubblerentzat zein beste teleskopioentzat urrutiegi zeuden gorputzak.[7]
1996. urtean hasi ziren teleskopioa garatzen,[8] eta garai horretan Next Generation Space Telescope edo NGST izena jarri zioten. 2002an, berriz, James E. Webb izena hartu zuen, 1961. urtetik 1968ra NASAko arduradun izan zen estatubatuar gobernuko funtzionarioaren ohorez, Apollo programan rol garrantzitsua jokatu baitzuen.[8][9] Proiektuak beharrezkoak ez ziren itxaronaldiak eta gastuak eduki ditu eta, ondorioz, 2005ean aldaketa nabariak egin zituzten haren deseinuan. 2011. urtean, Estatu Batuetako Kongresuaren zati batek proiektua ezeztatzearen alde egin zuen, haren garapenean 3.000 milioi dolar inguru gastatu ondoren eta haren hardwarearen % 75a frogen fasean edo garapen bidean zegoenean.[10] 2011ko azaroan, Kongresuak atzera bota zuen proiektuaren ezeztatzea, baina gastu kopuru maximo bat ezarri zuen, zehazki 8.000 milioi dolarrekoa.[11] 2016ko abenduan, NASAk JWSTren garapen eta sorkuntza faseak amaitu zirela jakitera eman zuen eta, ordutik aurrera, proben fasean sartu da.[12][13] 2018ko martxoan, NASAk urtebete atzeratu zuen JWSTren jaurtiketa, jaurtitze-proba bat egiterakoan teleskopioaren argi-babeskia urratu egin zelako eta argi-babeskiaren kableak ez zirelako behar bezalako sendotasunez lotu.[14] Une horietan, teleskopio berriaren jaurtiketa 2020ko maiatzean[15][16][17][18] gauzatzea zeukaten buruan, Guyana Frantsesan.[17]
2018ko ekainaren 27an, proba berrietan hainbat arazo atzeman eta gero, horien artean bai teknikoak eta bai gizakiarenak ere, NASAk jaurtiketa 2021eko martxoaren 31era atzeratzea erabaki zuen. Izan ere, teleskopioak gauzatzen dituen proben ebaluatzaileek kontratistari teleskopioak bete behar zituen baldintzak ez betetzea aurpegiratu zioten, igorri zitzaion txosten baten bitartez. Gainera, kontratistari aurretik planeatutako denbora-mugak ez betetzea ere leporatu zioten.[19][20][21][22][23][24][25][26]