Selekzioen arteko munduko lehenengo errugbi partida Ingalaterrak eta Eskoziak jokatu zuten eta eskoziarrak 4-1 emaitzaz nagusitu ziren. 1875ean Irlandaren aurka jokatu zuen eta garaile atera zen. 1880an Eskoziari irabazi zion eta aurreneko Kalkuta Kopa eskuratu zuen. Galesen aurkako lehen partida 1881ean jokatu zuen eta garaipen zabala lortu zuen.
Home Nations
1883an Home Nations txapelketa abiatu zuten lau nazio britainiarrek, Irlandak, Galesek, Eskoziak eta Ingalaterrak eta lehenengo bi ekitaldietan ingelesak nagusitu ziren. Ingalaterra izan zen XIX mendeko selekzio nagusia baina 1892 eta 1910 artean ez zuen txapelketarik irabazi. Bitarte horretan hegoaldeko selekzioen aurkako partidak jokatu zituzten, haiek Europara egindako biretan, hala nola Zeelanda Berria (1905), Hego Afrika (1906) eta Australia (1909). 1909an bertan Twickenham Stadium mitikoa inauguratu zuen. Gerra arteko garaian ere Bost Nazioen Txapelketa ugari irabazi zituen.
Azken urrezko aroa
Hainbat hamarkadetan emaitza eskasak izan ondoren 1987ko Munduko lehenengo Errugbi Txapelketan hartu zuen parte eta 1991an (bigarren txapelketan) finalera iritsi zen. Honek bultzatuta "urrezko aro" berri bati eman zion hasiera eta sei urtetan lau aldi irabazi zuen Bost Nazioen Txapelketa.
2003an Munduko Txapelketa irabazi zuen, oraindik garaipen hau lortu duen europar talde bakarra da, eta 2007an berriz ere finala jokatu zuen baina oraingoan ez zuen helburua lortu. Sei Naziotan lortu duen azken garaipena 2011koa da. 2015ean Ingalaterrak antolatu du Munduko Errugbi Txapelketa.
Galesi 1908ko eta 1909ko Slam Nagusiak aitortzen zaizkio; izan ere, Frantzia 1910 arte txapelketan onartua izan ez bazen ere, aurreko bi urteetan Galesko selekzioak, Koroa hirukoitza irabazteaz gain, Frantziari nagusitu zitzaion torneotik kanpo.