![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/9/9a/Pedro_S%25C3%25A1nchez_visita_el_Centro_Nacional_de_Inteligencia_03.jpg/640px-Pedro_S%25C3%25A1nchez_visita_el_Centro_Nacional_de_Inteligencia_03.jpg&w=640&q=50)
Independentisten espioitza auzia (Espainia)
From Wikipedia, the free encyclopedia
Independentisten espioitza auzia Espainiako espioitza kasu bat da, Kataluniako mugimendu independentistaren aurkakoa batez ere, eta 2022ko apirilean azaleratua. NSO Group konpainiaren Pegasus spyware programa erabiltzea izan du ezaugarri. Zelatatutako katalanen artean ziren 2010az geroko Kataluniako Generalitateko lau lehendakariak, Kataluniako Parlamentuko bi lehendakari eta beste funtzionario hautetsi batzuk, eurodiputatuak barne, aktibistak, abokatuak eta informatikariak eta, kasu batzuetan, haien familiak. Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu euskal herritarrak ere jomugan jarri zituen.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/9/9a/Pedro_S%C3%A1nchez_visita_el_Centro_Nacional_de_Inteligencia_03.jpg/640px-Pedro_S%C3%A1nchez_visita_el_Centro_Nacional_de_Inteligencia_03.jpg)
Independentisten espioitza auzia | |
---|---|
Mota | eskandalu politiko Espioitza |
Herrialdea | Espainia |
Kausa | Pegasus (spywarea) Candiru |
Webgune | catalangate.cat |
Hashtag | #CatalanGate |
Eskandalua Compuerta Catalana izenaz ere zabaldu arren, aipatu bi euskal herritar buruzagi politikoei ere eragin zien.[1][2] Torontoko Unibertsitateko Citizen Lab zentroak 2022ko martxoaren 18an argitaratu txostenean 65 biktima identifikatu zituen, gauzaturik edo saiaturik, eta kopuru hori nabarmen handiagoa izan da lehenago ezagutzen zen beste edozein espioitza kasu ezagunetan baino: Al Jazeera (36 biktima) eta El Salvador (35 biktima).[3][4]
Giroa areago bihurritu zen espioitzaren biktimak legegintzaldi horretako Espainiako Gobernuaren nahitaezko babesleen artean zeudelako eta gobernu horrek une horretan aurkeztu behar zituelako Ukrainako inbasioaren krisiari buru egiteko Espainiako urteko aurrekontuak. ERCren kontrako botoaz eta EH Bilduren babesaz, aurrekontu horiek aurrera atera ahal izan ziren.
Luze gabe eta espioitza eskandaluaren biktimek erantzukizunak erreklamatu ahala, auziak ezusteko bilakaera bat izan zuen, Espainiako Gobernu horretako bozeramaileak adierazi zuenean urtebete lehenago Pedro Sanchez presidentea eta Margarita Robles defentsa ministroa (CNI Espainiako Inteligentzia Zentroaren erantzule gorena) Pegasus bidez zelatatu zituztela. Aditzera eman zen Marokoko zerbitzu sekretuak izan zitezkeela horren arduradunak.