From Wikipedia, the free encyclopedia
Giambattista Vico (Napoli, 1668ko ekainaren 23a - Napoli, 1744ko urtarrilaren 23a) XVII-XVIII. mendeko italiar filosofoa, erretorikalaria, historialaria eta jurista izan zen. Razionalismo modernoaren kritiko nabarmena, antzinate klasikoaren apologia burutu zuen Descartesen planteamendu hiperrazionalisten eta bestelako planteamendu erredukzionista hainbaten aurka. Vicoren planteamenduen eragina nabarmena izan da, oro har, filosofiaren historian eta beste zenbait esparru eta diziplinatan, Goethe, Auguste Comte eta Karl Marx bezalako figura esanguratsuenengan esaterako. Besteak beste, antropologia kulturalaren, etnologiaren, giza-gizarte zientzien eta semiotikaren aitzindaritzat jotzen da, baita epistemologia konstruktibistaren aurrekaritzat ere. Ilustratu lehentiartzat ere kontsideratu daiteke.
Giambattista Vico | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Giovan Battista Vico |
Jaiotza | Napoli, 1668ko ekainaren 23a |
Herrialdea | Napoliko Erresuma |
Lehen hizkuntza | italiera |
Heriotza | Napoli, 1744ko urtarrilaren 23a (75 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Teresa Caterina Destito (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Napoli Federiko II.a Unibertsitatea |
Hizkuntzak | latina italiera |
Irakaslea(k) | Francesco Verde (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, soziologoa, historialaria, collector of fairy tales (en) eta legelaria |
Enplegatzailea(k) | Napoli Federiko II.a Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | |
Kidetza | Accademia delle Scienze di Torino |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Jatorri umilekoa eta liburu saltzaile baten semea, etxean burutu zituen Vicok bere gaztaroko ikasketak, modu autodidaktan eta aitaren eta tutore hainbaten laguntza jasoz. Hasieran eskolara joan zen, besteak beste zenbait gramatika ikastetxetara, nahiz laster utzi behar izan zuen osasun arazoak zirela, zazpi urte zituela eroriko bat pairatu omen baitzuen bere autobiografian azaltzen duenez. Erorikoa dela eta, hiru urte pasa behar izan zituen eskolara joan gabe bere zoritxarrerako. Etxean egon behar hau dela eta ohitu omen zen Vico, hasiera batean bere aita alboan, modu autodidaktan ikastera. Tutore jesuita hainbat ere eduki zituen. Jesuiten eskolastizismoarekin desadostasun nabarmenak izan zituen, eta honek izan zuen eragina, agian, bere formazioa autodidakta izatean. Dena dela, unibertsitate ikasketak burutzea lortu zuen Napoliko Unibertsitatean, 1694an graduatu zelarik zuzenbide ikasketetan. Zuzenbide zibil eta kanonikoan doktore izatera ailegatu zen. Palermon tifusa pairatu zuen, eta errekuperatu ondoren Della Rocako dukearen semeen irakasle gisa aritu zen lanean, 1686-1695 urte bitartean. Lau urte geroago bere haurtzaroko lagun Teresa Caterina Destitorekin ezkondu zen eta erretorikako katedradun izendatu zuten Napoliko unibertsitatean, ia hil zen arte mantendu zuelarik postu hau. Vicok beti nahi izan zuen jurisprudentzia katedra, erretorikakoa baino prestigio handiagokoa, eskuratu.
Erretorika maisua izanik Napoleseko unibertsitatean, interes berezia eskaini zitzaion diziplina honi Vicoren eskutik, Vicoren erretorikaren inguruko ikuspegia erabat egonik lotuta bere ardura pedagogiko eta humanistekin. Vicoren erretorikaren inguruko ikuspegian ere nabarmenak dira kartesianismoarekiko objekzioak, baita erretorika modernoarekikoak ere, zentzu komunaren aldarria burutzen delarik autorearen eskutik axiomatismo eta abstrakzio ororen aurretik.
Vicoren ekarpen nagusietakoa Verum Factum printzipioaren planteamenduan datza, Deskartesen argitasunaren eta zalantzaezintasunaren aurkako kritika bat izanik, neurri bateraino, aipatu printzipioa. Egiaren inguruko planteamendu berezi batean datza Verum Factum printzipioak. Vicoren arabera, eta Deskartesen aurka, ezagutza ez datza obserbazio soil bidez egia argi eta bereiziak, axioma zalantzaezinak aurkitzean, axioma hauetatik abiatuz ezagutza oro ondorioztatzearren. Modu honetara, eta Descartesen planteamendu razionalisten aurka, sormenean zentratzen du Vicok egiaren inguruko auzia. Vicoren arabera egia sortu egiten da, eta edozein egia ezagungarrik sorkuntzaren ondorio behar du izan. Vicoren arabera, mundua bere osotasunean ezagutzea Jainkoari dagokio, Jainkoak baitu sortzen mundua bere osotasunean. Gizakiari, berriz, maila apalagoan dagokio sortzea, eta beraz ezagutzea, historia eta bizitza omen baitira sortu eta beraz ezagutu ditzakeen gauza bakarrak. Modu honetara, nolabaiteko humanismo berezi bat planteatzen da Vicoren eskutik, gizakiari erabateko zentraltasuna emanez ezagutzaren esparruan eta aldi berean gizakiari mugak ezarriz, gizakiaz haratago legokeena Jainkoari egokituko litzaiokeelarik eta gizakia gizakiaren eta gizartearen inguruko auzietara mugatuko litzatekeelarik. Aipatu beharrekoa da Vicok ez duela axioma zalantzaezinetan oinarrituriko metodo kartesiarra erabat mespretxatzen. Alabaina, aipatu metodoa ez da, Vicoren arabera, gizakiaren eta gizartearen esparrura mugatzen diren arazo hainbat konpontzeko gauza. Verum Factum printzipioa da, seguraski, Vicoren ekarpen nagusienetakoa, epistemologia konstruktibistaren aurrekarietakotzat kontsideratu daitekeelarik.
Vicoren lehen lanek lotura handiagoa dute poesiarekin filosofiarekin baino. “Affetti di un disperato” (“Desesperatu baten afekzioak”, 1692an konposatua) eta “Canzone in morte di Antonio Carafa” (“Oda Antonio Caraffaren heriotzaz”) dira Vicoren poesia lan esanguratsuenetakoak, 1963an argitaratuak biak hala biak. 1699an, erretorikako irakasle bihurtu ostean hasi zen Vico bere obra filosofian zentratzen, bere sei Orazioni Inauguralietatik (inaugurazio orazioetatik) lehenengoan antzeman daiteken bezala. 1707an zazpigarren orazio bat planteatu zen Vicoren eskutik Francis Baconen filosofia bultzatu nahian, 1709an argtaratuko zelarik lan hau De nostri temporis studiorum ratione (Egungo ikasketa metodoez) titulupean. Besteak beste, axioma aristotelikoekiko gehiegizko konfidantza salatu zen Baconen eskutik, axiomatismo kartesiarrarekiko, ideia argi, bereizi eta zalantzaezinekiko eszeptizismoa eta zentzu komunarekiko konfidantza hartuko dituelarik Vicok, mailegu, Baconen lanetik. Modernitatearen gaia ere jorratzen da lan honetan honako galdera planteatuz: ze ikasketa metodo da obea, garaikoa hala antzinatekoa? Obra honekin batera, De antiquissima italorum sapientia (1710) obra ere Vicoren lehen lanetakotzat jo daiteke, arrazionalismo mekanizistaren eta kartesianismoaren kontrako jarrera azpimarratu daitekeelarik bai idatzi honetan bai aurrekoan. Bigarrena, bereziki, Descartesen sistema arrazionalistaren ukapen kontundentetzat kontsideratu daiteke. Vicoren arabera gizakiak ez du errealitatearen ulerpena izadiaren legeetan aurkitu behar (Jainkoak baino ez du ezagutza hori), baizik eta gizakiaren beraren egite eta sinesteetan. Tesi hau fundamentala izango da aipatu bi obretan eta Vicoren pentsamendu osoan zehar, autorearen zantzu humanistak gaztetatik sumatu daitezkeelarik beragan. De antiquissima italorum sapientia obrak ainbat erantzun eta kritika jasan zituen garaian indarrean zegoen kartesianismoa zela eta, Vicok, 1711 eta 1712 urteetan urrenez urren, pare bat erantzun argitaratu zituelarik kritika hauen aurka. Obra hauetaz aparte azpimarragarriak dira, besteak beste, De rebus gestis Antonii Caraphaei libri quattuor (Antonio Caraffaren bizitzaz) lan historiografikoa, 1716an argitaratua, eta Vita di Giambattista Vico scritta da se medesimo (Giambattista Vicoren bizitza honek berak idatzia) obra autobiografikoa, lehen atala 1725ean eta bigarrena 1731an argitaratu zirelarik. Lehen autobiografia filosofikoetakotzat jo daiteke aipatu obra, bertan, Vicok, berarengan eragina izan duten zenbait autore komentatzen direlarik, besteak beste Platon, Aristoteles, autore helenistikoak, Scoto, Suarez eta poeta klasiko hainbat. Vicoren erretorikarekiko harremana ere ezin da ahaztu bere obraz mintzatzean, erretorika irakaslea izan zela kontuan hartuta hainbat obra idatzi baitzituen, besteak beste, irakaskuntzarako. Vicoren erretorikaren eta elokuentziaren inguruko planteamendu hainbat, Institutiones Oratoriae titulupean, 1711-1741 urte bitartean argitaratu ziren, eta bere ikasle propioek jasotako apunte sorta batzuetan daude bilduta.
Aipatu lanez gain, Vicoren obra nagusienetakotzat (nagusientzat inkluso) jo daiteke Sciencia Nuova (Zientzia Berria) obra, filosofiaren historian esangura nabarmena edukiz honek eta ilustrazioaren aurrekaritzat jo daitekeelarik. Obra hau, osorik bederen, egilea hil ondoren argitaratu zen.
Vicoren obra lehentiarretan planteaturiko gaiak zabalago azaldu eta jorratu ziren, Vicoren eskutik, obra honetan. Obra horretan, ikusmolde kristauaren baitan, jakintzaren alor asko aztertuz (hizkuntzalaritza, mitologia, idazkera sistemak, biografiak), gizarteen bilakaera gidatzen duten lege unibertsalak zehazten saiatu zen Vico. Zibilizazio guztien historiak hiru aldi ditu harentzat, legearen ikusmoldearen araberakoak: jaiotza, garapena eta gainbehera. Lehena jainkoen aldia da, aldi primitiboa; legea jainkoak emana dela uste da, eta izadiaz gaindiko gertaeren eta izakien beldurrez da gizona. Bigarrena heroien garaia da, aginpidea aristokraziako talde txiki baten eskuetan dagoena. Azkena gizakiena da, eta lege sistema arrazoizkoa da, gizaki guztiei eskubide berdinak ematen dizkiena; materialismoa gehiegizkoa bada, ordea, gainbehera etor daiteke beste garai primitibo batera, eta era horretan zikloa (corsi e ricorsi) berriz hasten da.
Vicok eragin nabarmena izan da, besteak beste, Isaiah Berlin edota Karl Marx bezalako pentsalari garrantzitsuenengan. XIX. mendean izan zuten Vicoren ideiek harrera handiena, Jules Michelet frantses historialari erromantikoaren eskutik lehenik eta behin. Goethek biziki miretsia izan zen, Vicoren zikloen teoria beretu zuelarik polimata ospetsuak. Auguste Comte frantses filosofo positibistak Vicorengandik hartu zuen gizadiaren hiru aldien ideia, eta Karl Marxen materialismo dialektikoak (erlijioaren inguruko ikusmoldeaz gorabehera) asko zor dio Vicoren Scienza nuova opus magnumari.
Zerrenda modura, hauek dira Vicoren obra esanguratsuenetakoak (ingelesera itzuliak):
Bigarren mailako bibliografia:
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giambattista Vico |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.