Euskara eta generoa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Beharrezkoa da hausnartzea euskararen erabilpenaren inguruan generoari dagokionez: erabiltzen da edo erabil daiteke euskara desegoki generoari dagokionez? Batzuen ustez ez, euskara ez delako genero hizkuntza eta ez omen dagoelako aukerarik erabilpen sexistarik egiteko. Alegia, batzuen ustez euskara ez da hizkuntza sexista.[1][2]
Artikulu edo atal honen neutraltasuna zalantzan dago. Eztabaida orria erabil dezakezu neutraltasun zalantza horri buruzko iritzi trukea bideratzeko. |
![]() |
Artikulu edo atal hau ez dator bat formatu hitzarmenekin. |
Ideia horiek auzo-erdaren konparaziotik abiatzen dira: bai gaztelania bai frantsesa -beste hizkuntza erromanikoak bezala eta beste hainbat hizkuntza bezala Europan eta mundu osoan - genero hizkuntzak dira; genero kategoria daukate. Alegia, gaztelaniak eta frantsesak femeninoa eta maskulinoa dauzkate (garai bateko neutroaren aztarna batzuez gain): “niña / niño”; “actrice / acteur”. Hizkuntza horien sisteman, gainera, maskulinoa generiko gisa erabiltzen da, hau da, izendatutako errealitatea gizonek eta emakumeek osatzen dutenean edo errealitate horren konposizio generikoa ez dakigunean: “los niños de la escuela”, “les acteurs”.
Hainbat ahotsek arbuiatu dute maskulino generikoaren erabilpena hizkuntza horietan, emakumeak ezkutatzen dituela argudiatuta eta emakumeak momentu oro izendatu behar direla defendatuta. Horren ondorioz beste alternatiba batzuk proposatu dira, eta arrakasta gehiagoz edo gutxiagoz erabiltzen ari dira: @ ikurra, femenino eta maskulinoren alternantzia, izen orokorrak kolektibo mistoei erreferentzia egiteko… Alternatiba horiek hainbat gidatan[3] jaso dira azkeneko urteetan. Haien benetako erabilpena, baina, nahiko urria da[4]. Erdaretan dagoen maskulino generikoa euskaran ez egoteak nabarmen errazten du hiztunon adierazpena eta hainbat buruhauste aldentzen dira, baina alderdi horrek bakarrik ez du arreta erakarri behar. Euskaran ere badaude hainbat aspektu “generoz” tindatuta daudenak, eta horiek hausnartzea beharrezkoa da. Bestalde, hizkuntza batek generoa edukitzeak ala ez loturarik ez daukala, berez, gizartea parekoagoa edo ez-parekoagoa izatearekin. Munduan badaude generoa daukaten hizkuntzak (bi genero frantsesean eta gaztelanian, hiru genero alemaneran, sei genero swahilian…) eta badaude generorik gabeko hizkuntzak, euskara eta mongoliera bezala. Ezin da sailkapen sinplerik planteatu aipatu parametroen arabera; ez da zuzena esatea generoa daukatenak sexistagoak direla besteak baino. Izan ere, esparru pribatua eta publikoaren banaketa generoen artean eta esparru publikoarekin lotutako prestigioa gizarte guzti-guztietan -euskal gizartean ere- hautematen dira, ikerketek kontrakoa frogatu arte; hori bai, era desberdinetan eta gizarte eta garai bakoitzari egokituak. Euskaldunak elebidunak dira eta paradoxikoa izango litzateke pertsona berberak hizkuntza batean adieraztea modu sexista batean eta beste hizkuntzan modu egokian. Ziur aski generoei buruzko ikuspegia eta jarrerak antzekoak izango dira erabiltzen diren bi hizkuntzetan eta bi hizkuntzetan islatuko dira.