Euskal Lore Jokoak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Lore Jokoak XIX. mendean antolatzen hasi ziren kultura jardunaldiak izan ziren, musika, dantza eta batik bat euskal poesia barne hartzen zituztenak. "Euskal Pizkundea" deitutako garaiaren barruan burutu zituzten, Erromantizismoan bultzatutako beste antzeko prozesuei jarraituz. Horien artean, Kataluniako "Renaixença" mugimendua nabarmentzekoa da.
Euskal Lore Jokoak XIX. mendearen erdialdean ospatzen hasi ziren euskal kultura eta euskararen aldeko ekitaldiak izendatzeko termino generikoa da. Izan ere, garai horretan beste izendapen batzuk ere erabili ziren: Koplarien guduak, Euskal Jaiak (gaztelaniaz Fiestas Euskaras), eta euskalkiaren arabera, Euskal festak, Uskaldun jeiak, Jaialdi euskeraskuak…etab.
Ekitaldi horiek XIV. mendean egindakoen antza zuten, bereziki Okzitaniako Tolosa, Bartzelona eta Valentzian antolatutakoena ("Jocs Florals" edo "Jeux floraux"). Era berean, aditu batzuen ustez Erdi Aroko jaialdi haiek Erromatar Inperioko Lore Jokoekin ("Ludi Florensei") lotuta egongo ziren.