![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/c/cc/Nortasun.png/640px-Nortasun.png&w=640&q=50)
Euskal Herriko politika
From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Herriko politikan hainbat dimentsiok hartzen dute parte. Alde batetik, munduko beste leku askotan bezala, ezker politiko eta eskuin politikoaren arteko eztabaida dago; bestetik, abertzaletasunaren eta ez-abertzaleen arteko bereizketa ere badago, abertzale askorentzat eusko abertzaletasunaren eta espainiar nazionalismo edo frantses nazionalismoaren arteko ardatza dena. Azken ardatz hau bereziki garrantzitsua da Hego Euskal Herrian. Nafarroa Garaian, gainera, euskalduntasuna ukatzen duten alderdiak ere badira, indar handikoak. Horrela, Euskal Herriko alderdi politikoak, eskuinean edo ezkerrean kokatzeaz gain, Euskal Herria egituratzeari edo naziotzat onartzeari buruzko ikuspegiaren arabera bereizten dira. Horrek alderdi anitzeko sistema politiko konplexua sortu du.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/c/cc/Nortasun.png/640px-Nortasun.png)
Eredu politiko honek sustrai sakonak ditu, egile batzuen arabera Karlistaldietan kokatzen direnak eta, edonola ere, foruzaletasunarekin lotuta daudenak[1]. Gerra horien ondoren sortutako ezinegonetik abiatu ziren bai kontzertu ekonomikoaren ideia[2], eta foruen galeratik abiatu zen ere euskal nazionalismoa. Aldi berean, industrializazioaren garaian sortutako klase diferentziak zein sortutako aldaketa demografikoak eragin handia izan zuen politikan. Bizkaian, bereziki[3], baina industrializazioaren guneetan modu zabalean ideia sozialisten eta komunisten errotzea sakona izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Langileen mugimendua Euskal Herrian indartsua izan zen, eta sortu berrian zen abertzaletasunak berarekin batera landu behar izan zuen proiektu sindikal bat[4]. Lehen Mundu Gerraren ostean Eusko Alderdi Jeltzaleak botere maila handia lortu zuen, eta Espainiako Bigarren Errepublikan jada sortu zen lehen Eusko Jaurlaritza, egoera dela eta indar abertzale zein ezkertiarrez osatua. Garai horretan sortu zen lehen alderdi ezkertiar eta abertzalea ere, EAE-ANV izenekoa.
Espainiako Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, mugimendu politiko gehienak klandestinitatera pasa ziren Hego Euskal Herrian. 1950eko hamarkadaren amaieran antifrankismoa eta ezkerreko abertzaletasuna biltzen zituen Euskadi Ta Askatasuna sortu zen, hurrengo berrogeita hamar urtetan euskal politikan garrantzi handia izan zuen erakunde armatua. Bere magalean sortutako ezker abertzaleak pizkunde berri bat abiatu zuen, bereziki hizkuntzaren berreskurapenari eta independentzia aldarriari begira. Ipar Euskal Herrian ere mugimendu abertzalea indartu zen. Frankismoaren amaierarekin batera Espainiako trantsizioa eman zen, alderdien legeztapenarekin eta instituzioen berrezartzearekin. Urte horietan Hego Euskal Herria autonomia bakar batean biltzeko mugimendua izan zen, baina, azkenean, bitan zatitu zen Euskal Herriko hegoaldeko eremua. Zatiketa horrek eragin handia izan zuen hurrengo hamarkadetako politikan.
Euskal Autonomia Erkidegoan alderdi nagusia EAJ da, ezker independentista, azken urteotan EH Bildu alderdian biltzen dena, Gipuzkoan indartsua den bitartean. Bi familia abertzaleen artean baino, ohikoagoa da itunak eta elkarlana ematea EAJ eta PSE-EEren artean. Nafarroa Garaian, bestetik, UPN da alderdi nagusia, nahiz eta 2010eko hamarkadatik boterea galtzen joan den, gainontzeko alderdien arteko itunak direla eta. Ipar Euskal Herrian, 2010eko hamarkadatik aurrera, indar berezia egon da alderdi ia guztien artean erabaki marko propioak izateko. Hala jaio zen Euskal Hirigune Elkargoa 2017an. 2010eko hamarkadan ezker abertzaleak Euskal gatazkaren alde armatuarekin amaitzeko erabakia hartu zuen; ETA 2018an desegin zen[5]. Gatazka horren ondorioak euskal politikaren gai nagusietako bat dira, bereziki biktimen aitortza eta presoei dagokiona. Independentzia proiektu politikotzat duten alderdiek autodeterminazio eskubidea eskatzen dute, eta 2010eko hamarkadatik aurrera Gure Esku bezalako ekimenek erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio jendetsuak egin dituzte.