Ekonomian, ondasun edo zerbitzu baten eskaria kontsumitzaile guztiek eskatzen dituzten zenbatekoen batura da, kontsumitzaileek ondasun edo zerbitzu hori erosteko nahia eta ahalmena dituztela. Banakako eskaria ere definitzen da, kontsumitzaile bakar bati dagokiona.
Eskaria eragiten duten faktoreak hauek izaten dira:
- ondasun edo zerbitzuaren salneurri edo prezioa: salneurria zenbat eta altuagoa, orduan eta eskari txikiagoa izaten da [1];
- gertuko ondasunen prezioak: aztertzen den ondasunaren gertuko edo ordezko ondasunen prezioek gora egiten badute, ondasunaren eskariaren gehikuntza gertatzen da eta alderantziz;
- diru-sarrerak: zenbat eta diru gehiago izan, eskaria orduan eta handiagoa izaten da, ondasuna ordeztu dezaketen preferentzia handiagoko ondasunik ez badago behintzat;
- geroko sarrera eta prezioei buruzko itxaropenak: esaterako, ondasunaren prezioak igo behar direla uste bada, uneko eskaria handitu egingo da.
- ondasun osagarrien prezioa.
Eskaria ondasunaren prezioarekin loturik adierazi ohi da. Kurbaren malda aztertuta, eskari mota hauek bereiz daitezke:
- eskari elastikoa, eskariaren elastikotasuna unitatea baino gehiago denean, eskaintzaren kantitate aldaketa portzentualki preziokoa baino handiagoa da;
- eskari inelastikoa: eskariaren elastikotasuna unitatea baino txikiagoa denean, eskaintzaren kantitate aldaketa portzentualki preziokoa baino txikiagoa da;
- unitate elastikotasuna, eskariaren elastikotasuna unitatea denean , eskaintzaren kantitate aldaketa portzentualki prezioarena bezalakoa da.
Giffen ondasun izenekoetan, ordea, zenbat eta prezio altuagoa, eskaria orduan eta handiagoa izaten da. Gorespen soziala dakarten luxuzko produktu eta zernitzuak izaten dira Giffen ondasunak.