Enontekiö
From Wikipedia, the free encyclopedia
Eanodat edo Enontekiö (inarieraz, Iänudâh; suedieraz, Enontekis) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen udalerria da; zehazki, Finlandia, Norvegia eta Suedia herrialdeen arteko muga hirukoitzean dago, mendien ugaritasunagatik Tunturi Lappi deitzen den lurraldean. Utsjoki eta Inari ondoren, Europar Batasunean iparren dagoen udalerria da eta, hauekin eta Sodankylä udalerriarekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea osatzen du. Enontekiök 1.900 bizilagun inguru ditu 8.391,35 km²-ko azaleran, eta horregatik, biztanle dentsitate txikiena duen herrialdeko bigarren udalerria da. Azken urteotan, gainera, biztanleria gutxinaka jaisten ari da, batik bat Rovaniemi hirira lan bila doazen herritarrek bultzatuta. Bestetik, nabarmentzekoa da azalera guztiaren %80 baino gehiago babestutako eremuek osatzen dutela; hauen artean, aipatzekoak dira Käsivarsiko Eremu Basatia, Mallako Natura Erreserba Hertsia eta, batez ere, Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala.
Eanodat / Enontekiö | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Eanodaga gielda (ipar samieraz) Enontekiön kunta (finlandieraz) | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Tunturi Lappiko azpieskualdea | |
Alkatea | Mauri Koskela | |
Sorrera | 1877 | |
| ||
Koordenatuak | 68°23′05″N 23°38′20″E | |
Azalera - Ur-azalera |
8.391,35 km²[1] 438,44 km² (%5,2) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Ipar samiera - Besteak |
1.905 (2017.08.31)[2] 0,24 bizt/km² (2016)[2] % 86,7 (ofiziala) % 10,6 (ofiziala) % 2,7 | |
Webgune ofiziala |
Hizkuntza ofizialak finlandiera eta ipar samiera dira eta herritar gehienak elebidunak badira ere, hizkuntza nagusia lehenengoa da, ipar samiera jatorrizko hizkuntza duten herritarrak ez baitira berrehunera ere iristen (%10). Bestalde, sami etniako biztanleen ehunekoa herrialdeko altuenetarikoa da, %30ekoa, eta Sápmi lurraldea osatzen duten udalerrietako bat ere bada.
Herrialdeak irudimenaren laguntzaz emakumezko itxura duenez, Enontekiö Finlandian Käsivarsi (besoa) ezizenaz ezagunagoa da, udalerria emakumezko pertsonifikazio horren eskuineko besoaren lekuan dagoelako. "Eanodat" edo "Enontekiö" izena, aldiz, udalerria osatzen duten herriek 1877. urteko baterakuntzari eman zioten izena da; beraz, ez dago izen hau jasotzen duen herrigunerik.